Euskalteleko langileek 1.925 euro eman dizkiote iktusa ikertzen duen BIOEF Fundazioari

  • Iragan Gabonetan bildu zuten diru hori, konpainian jaso ziren produktu- eta opari-sortak erosita.
  • Euskaltelen kode etikoak galarazi egiten du oparirik onartzea; hori dela eta, konpainiako langileek eurek tradizio bihurtu dute jada Gabonetan elkartasuna oparitzea.
  • Aurreko urteetan bezala, EiTBko Telemaratoian bildutako diruaren hartzaile bera izan du Euskaltelen jasotakoak.

donacion-solidaria-empleados-euskaltelEuskalteleko langileek 1.925 euro eman dituzte iktusaren ikerketarako. Iragan Gabonetan bildu zen diru hori, Eguberriak direla eta enpresek eta hornitzaileek bidaltzen dizkiguten opariekin egindako sorten erosketa solidarioaren bidez.

Euskaltelen Derioko egoitzan (Bizkaia) egin den ekitaldi batean eman dio zenbateko hori langile-talde batek, lankide guztien izenean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerkuntza eta Berrikuntza Sanitarioko (BIOEF) zuzendari den Maria Aguirreri.

Aurreko urteetan bezala, EiTBren Telemaratoiko diruaren hartzaile bera izan du Euskalteleko langileek Gabonetan bildutakoak: oraingoan, iktusaren ikerketa. Izan ere, urtero laguntzen diote Euskalteleko langileek Telemaratoiari, call-centerrean deiak jasoz. Elkartasun-zirkulua itxi eta urtero biltzen den dirua helburu bakar batera bideratzeko modu egokia, zinez.

Euskaltelen Kode Etikoak galarazi egiten die konpainiako langileei enpresa hornitzaileen oparirik jasotzea.   Kode horren berri badute gure hornitzaileek, eta bat datoz harekin; hala eta guztiz ere, zenbait opari jasotzen ditugu urtero.   Elkartasun bihurtu dugu guk opariak egiteko tradizio hori, Euskalteleko langileek eurek sailkatzen baitituzte opariak sortaka, kausa jakin baten aldeko Eguberri solidarioa antolatuta.

Euskaltelen Harreman Instituzionalen eta Euskaltel Konekta  Fundazioaren zuzendari Nerea Lupardok adierazi duenez, “BIOEFi laguntzea gizarterako oso garrantzitsua den ekimen bati laguntzea da, ikerketari alegia; bestalde, bat dator ekintza solidario hori gure ‘enpresa arduratsu’ filosofiarekin, Euskaltelen langile guztiek hartzen baitute parte ekimenean”.

Ikerketaren garrantzia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerkuntza eta Berrikuntza Sanitarioko (BIOEF) zuzendariak,  Maria Aguirrek, jaso du BIOEFen aldeko txekea, eta adierazi du iktusa ikertzeko erabiliko dela, oso-osorik, diru hori. “Funtsezkoak dira eskuzabaltasuna eta konpromisoa — Euskalteleko langileek erakutsi dutena, adibidez— osasun-sisteman ikerketa bultzatzeko eta alor horretako jarduera areagotzeko; zalantzarik gabe, ekarriko du emaitzarik jarduera horrek, eta euskal herritar askori eragiten dien zenbait arazori konponbidea bilatzen lagunduko du”.

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da: garunaren zenbait funtzio galdu egiten dira,  bat-batean, asaldu baskular bat dela medio. Desgaitasunak (maila desberdinetakoak) eta ondorio sozial larriak eragiten ditu iktusak. Ikerketaren helburuetako bat hau da: pazienteen bizi-kalitatea hobetzea, gaixotasunaren eragina murriztuz.

Gaur egun, 37 proiektu eta azterketa kliniko ditu martxan Osakidetzak iktusa ikertzeko, eta 560.000 eurotik gorako urte anitzeko finantziazioa jasotzen du horretarako. Zalantzarik ez dago, beraz, ikerketa-eremu garrantzitsua dela iktusarena.

Gaitz horri buruzko ezagutzaren eta Osasun Sailaren ekimen estrategikoaren adierazle dira datu on horiek; izan ere, osasuna hobetzeko eta Euskadiren garapen ekonomikoa sustatzeko ahalegin handia ari da egiten Saila (Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzarako Estrategia, 2020).

Iktusari buruzko ikerketak, berriz, helburu hauek ditu: halakorik jasan dutenen premiak asetzea eta haien familia-inguruneari laguntzea, batetik, eta gaitza hobeto menderatzeko ezagutza zientifiko, tekniko eta kliniko berri gehiago eskuratzea, bestetik.

Iktusari buruzko ikerketa-proiekturik onenak hautatzeko deialdi bat egingo du aurten ere Ikerkuntza eta Berrikuntza Sanitarioko Euskal Fundazioak (BIOEF), zeina Osakidetzan ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Osasun Sailaren tresna baita.