Agora Teknocamp udako campusak berriz ere Arabako ikasleengana hurbilduko ditu zientzia eta teknologia
Kanpamentuaren bigarren edizioa ekainaren 25etik 29ra bitartean egingo da, eta bikoiztu egingo ditu plaza erabilgarriak, 120ra heltzeraino
Arabako Foru Aldundiak, UPV/EHUk, Egibidek eta Innobasquek, bigarren urtez, abian jarri dute Agora Teknocamp, zientzia eta teknologia ikasi eta haiekin dibertitu nahi duten Arabako neskamutilentzako udako campusa. 2017an hasitako jarduera honek lortu zuen arrakastaren ondoren, eta Ikaslan Araba ere proiektuari lotu zaiolarik, bigarren edizioa asmo handiagoekin aurkezten da, plaza eskaintza bikoiztuta, guztira 120ra heltzeraino. 60 plaza eskaintzen dira Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neskamutilentzat, eta beste 60 plaza DBHko 1. eta 2. mailetako neska-mutilentzat.
Campusaren jatorria Agora gizarte parte-hartze eta berrikuntza prozesuan dago, zeinean lurralde hainbat gizarte, ekonomia eta kultura eragilek parte hartu baitzuten. Campusak Arabako eskola ikasleei aukera emango die ekainaren 25etik 20ra bitartean egingo den jarduera honetan parte hartzeko. Hezkuntza proiektuak gazteenengan interesa piztu nahi du zientziaren eta teknologiaren munduaz, era praktiko eta ludikoan, eta horrela adin txikietatik bokazio tekniko-zientifikoak sustatu Arabako Lurralde Historikoan.
Jarduerak Nieves Cano kaleko campusean (UPV/EHUn eta Egibiden) eta Mendizabaleko instalazioetan egingo dira, eta ikastegi horietako lantaldeek jolas eta hezkuntza jarduerak diseinatu dituzte desafioak gainditzearen inguruan. Besteak beste, parte hartzen duten neska-mutilek jarduera hauek egin ahal izango dituzte:
- Irristailu pertsonalizatuak eta robot detektibeak sortu
- Telebista saio bateko partaide izan
- Elastikoak diseinatzen ikasi
- Zibersegurtasuna zure eskura
Azken jarduera hau, hain zuzen ere, campusaren bigarren edizioko berritasun nagusietako bat da, eta “PantallasAmigas IKTeskolak” gidatuko du. Entitate hau, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak (BCSC) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin elkarlanean adingabeentzat zibersegurtasunari buruz egiten dituen prestakuntza eta sentsibilizazio lantegiak dinamizatzeaz arduratzen da.
Ikasleek ikasiko dute nola aurre egin energiarekin eta fisikarekin lotura duten zenbait desafiori, eta horrela tresnak lortuko dituzte proiektu honetan inplikatuta dauden Arabako eragileek lehentasunezkotzat ematen duten erronkari (hau da, talentua ereitea eta lurraldeko gazteak trebatzea) erantzuteko.
Izena ematea
Izena emateko epea gaur bertan hasten da eta ekainaren 1era arte iraungo du. Argibide gehiago eskuratzeko eta izena emateko bideak hauek dira:
www.agora.araba.eus webgunea eta 945 122 198 telefonoa.
Argibide gehiagotarako eta izena emateko, sar zaitez www.agora.araba.eus webgunean.