Arabako lau enpresak jasangarritasunarekin lerrokatutako beren proiektuak aurkeztu dituzte Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako 2030 Aliantzaren esparruan

Albisteak, Araba

Dorlet, Zayer, A&B Laboratorios eta Euroresin enpresek Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzako 9. garapen helburuaren (9GJH) esparruan garatu dute beren lana, Aliantzako eragileekin elkarlanean

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie Arabako enpresei, beren ekoizpen prozesuak jasangarriago bihurtzeko egin duten ahaleginagatik

Arabako ehun bat enpresak “streaming” bidez jarraitu dute Arabako Parke Teknologikoan egin den “Arabako industriarako berrikuntza jasangarriko aukerak” jardunaldia

Ramiro González Arabako diputatu nagusia buru zela, Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzako 9. garapen helburuko lantaldearen lehenengo jardunaldia egin da gaur Arabako Parke Teknologikoan. Foru Aldundia da haren sustatzailea, eta helburua da Arabako industriak aurrera egitea jasangarritasunean, baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiliz eta ekoizpen prozesuetan teknologia garbien alde egin dezaten sustatuz.

Arabako Foru Aldundia da Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzaren buru, eta 2018. urtean jarri zen abian, lurralde inklusibo baten eraikuntzan aurrera egiteko, inor atzean utzi gabe. Ehun bat eragileren laguntzarekin, 17 talde egin ziren, NBEk ezarritako 17 GJHekin bat etorriz, eta orduz geroztik lanean ari dira helburu horiek betetzeko.

“Arabako industriarako berrikuntza jasangarriko aukerak” izeneko jardunaldian, Arabako lau enpresaren —Dorlet, Zayer, A&B Laboratorios eta Euroresin— proiektuak ezagutzeko aukera izan da, eta Foru Aldundiak azaldu du zer tresna eta baliabide jarriko dituen Arabako enpresa sarearen eskura, berrikuntza, lehiakortasun eta kalitate prozesuetan laguntzeko.

Gaurko jardunaldia Arabako Aliantzaren egitekoaren adibide argia da: gure ekonomia eta industria sarerako aldaketa jasangarri eta lehiakorrak sortzea, benetako eta bertako adibideen bitartez. Gaur partekatuko ditugun adibideen helburua da, hain zuzen ere, aldaketa espiral bat sortzea, Arabako enpresak gero eta jasangarriagoak izan daitezen, baliabideak modu eraginkorragoan erabiliz eta teknologia garbien alde eginez”, adierazi du Ramiro Gonzálezek jardunaldiaren irekieran, eta zera erantsi du: “Gaurko jardunaldiak funtsezko bi printzipio ditu oinarri, gaur egungo testuinguruaren barruan: berrikuntza eta jasangarritasuna. Arabaren etorkizunaren eraikuntzan oinarri izatea erabaki dugun bi printzipio.”

Bestalde, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen zuzendariak eskerrak eman dizkio 9. garapen helburuko (GJH) lantaldeari, egindako lanagatik; izan ere, “Ahalegin handia egiten ari da Arabako enpresei ikusarazteko eta ezagutzera emateko eragile aktiboak; izan ere, laguntza eta orientabidea ematen ari zaizkie irizpide jasangarri eta eraginkorragoekin eta teknologia garbiekin jardun nahi duten enpresa guztiei”.

Jardunaldia Arabako Parke Teknologikoan egin da, eta streaming bidez eman da. Arabako ia ehun enpresak hartu dute parte, berrikuntza, kalitate edo produktuaren zuzendaritza sailen ordezkarien bitartez.

Lau kasuetan, enpresa bakoitzak aliantzaren ekimena babesten duen euskal eragile baten laguntza izan du; eragileek enpresen eskura jartzen dituzte berrikuntzari, kudeaketa aurreratuari, jasangarritasunari eta ingurumenari laguntzeko eta irtenbide teknologikoak garatzeko dituzten programak.

Zayer makina-erremintaren sektoreko enpresa da eta Betoñuko industrialdean dago. Enpresa horrek SCOT izeneko proiektua aurkeztu du (optimizazio termikodun sistemak), zeinaren xedea baita makina eta erreminten hozte eta klimatizazio sistemen beharra murriztea, hartara energiaren kontsumoa minimizatzeko haien erabilera bizitzan. Zayer enpresak mekanizazio eta fresaketa makinen ekoizpenaren % 70 esportatzen die besteak beste automobilgintza, aeronautika eta energia sektoreetako munduko marka nagusiei. Proiektua garatzeko, Zayer enpresak Ihobe erakunde publikoaren laguntza izan du. Haren hitzaldia enplegua sortuko duen ekonomiaren berrindartzea azkartzeko ikuspegiei buruzkoa izan da, ekoizpen egituraren lehiakortasuna indartzeko aukeratzat hartuta.

Dorlet Arabako teknologia enpresa da, eta 30 urte baino gehiagoko esperientzia dauka segurtasun sistemak integratzeko eta sarbideak kontrolatzeko irtenbideen garapenean. Enpresa horrek negozio lerro berri bat abiarazi du hiri hondakinen kudeaketaren sektorerako. Bere hitzaldiaren ardatza hiri hondakinak kudeatzeko irtenbide berritzaile bat izan da, 9. GJHarekin bat etorriz balioa ematera bideratutako negozio lerro berri gisa. Proiektu horretarako Euskalit erakunde publikoaren laguntza izan du, zeinak Innobideak-Kudeabide programa azaldu baitu bere hitzaldian; hain zuzen, kudeaketarako metodologiarik onenak ezagut ditzaten enpresei laguntza integrala emateko programa.

A&B Laboratorios, nazioartean proiekzio sendoa duen Arabako enpresa, kimikaren sektoreko ETEa da, eta hasiera-hasieratik egin du jasangarritasunaren, teknologia garbiak erabiltzearen eta bere produktuen ekodiseinuaren alde. Gaur eman duen hitzaldian, etengabeko hobekuntza estrategiei esker azken urteotan bere berrikuntzak jaso dituen bultzadak azaldu ditu. A&B enpresak, Innobasque erakunde publikoaren laguntzarekin, bere produktuak eta zerbitzuak hobetzea eta digitalizazioari bultzada argia ematea lortu du.

Azkenik, Arabako Euroresin enpresak, zeinak goi mailako teknologiako erretxinak ekoizten baititu, proiektu bat aurkeztu du, fabrikatzen dituen produktuen toxikotasun handiko osagai bat ordezteko produktuok aplikatzen dituztenen osasunean eta ingurumenean eraginik ez duen beste batekin. I+D ACRIPUR izena dauka proiektuak, eta hartarako Euroresin enpresak BRTA sareko Tecnalia teknologia zentroaren laguntza izan du. Zentro horren ordezkariak azaldu du zentroek zer nolako gaitasuna duten Arabako enpresei laguntzeko ekoeraginkortasunaren eta jasangarritasunaren arloan irtenbide teknologikoak bilatzen.

Ramiro Gonzálezek, bere hitzaldia amaitzeko, Arabako Foru Aldundiaren konpromisoa helarazi nahi izan die; hain zuzen, “proiektu honi eta Arabako Aliantzan sortutako gainerako proiektuei laguntzen jarraitzeko konpromisoa, jomuga baitu gure lurraldea erreferente bihurtzea 2030 Agendaren ezarpenean, bertakotik hasi eta globalerantz eginez. Gaur 9. GJHan lanean ari den taldea izan da. Laster izango dugu gainerako taldeen lanaren berri; eta horrela, denon artean urratsak egin ahal izango ditugu Araba jasangarri eta solidarioago baterantz”.

Partekatu

Beste berri batzuk