Arabar enpresaburu aitzindarien topaketa egin da gaur Parkean
- Juan Luis Arregui, Alvaro Videgain eta Emilio Titos, hurrenez hurren Ence, Tubacex eta Mercedes konpainietako buruak izan dira jardunaldian parte hartu dutenak.
- Enpresaburuek energiaren prezioaren gatazka konpondu beharra aldarrikatu dute.
Arabako Teknologi Parkeak arabar enpresaburu aitzindarien lehen topaketa hartu du gaur goizean, SEA, Arabako enpresarien elkarteak antolatuta. Lehen topaketa honetako protagonistak Juan Luis Arregui, Enceko presidentea, Alvaro Videgain, Tubacexeko presidentea, eta Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendari nagusia izan dira. Hizketagai nagusia berriz, energia.
Enceko presidente Juan Luis Arreguik esan duenez “Espainian energiaren kontua nahaste-borraste handia besterik ez da. Duela 10 urte esan genuen herrialdeari arazo handi bat sortuko geniola, eta neurrigabekeria horretan murgilduta gaude orain, duela zortzi urte ministeriora iritsi zirenek pentsatu zutelako eguzkiarekin dena konponduko zela.”
Alvaro Videgain, Tubacexeko presidenteak bere aldetik adierazi du “energiak kostu garrantzitsua duela industrian; eta herrialde honetan, energia eskaera handia duen herri honetan zerbait egin beharko dugu gatazka hau konpontzeko.” Videgainek energia nuklearra errentagarriena dela pentsatzen jarraitzen duela azpimarratu du.
Gasteizko Mercedes lantegiko Emilio Titosen iritziz egungo energia eredua akats handi bat da eta akatsak ordaindu egiten dira. Lehiakorra izan behar du. Euskal enpresaren egoera dela eta, Titosek esan du enpresak ez daudela ez Araban, ez Estatuan, munduan daudela eta momento honetan erronka ez dela soldatak murriztea, lehiakortasuna irabaztea baino. Hori da eredu irabazlea.
Ignacio Marco-Gardoqui idazle eta komentarista ekonomikoak egin du moderatzaile lana.