Argi iturri tradizionaletan iraultza eragin eta LCD, TFT eta plasmaren nagusitasunari amaiera emango dion teknologia ikertzen ari da GAIKER-IK4

Bizkaia

OLED izenarekin ezagutzen den argia igortzeko diodo organikoa, energia aldetik eraginkorra da eta berari esker aplikazio malguak, finak, arinak eta kalitate handiagokoak egin daitezke.

GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoa teknologia berri bat lantzen ari da, OLED izenez ezaguna –Organic Light-Emitting Diode-, aplikazio malguak, finak, arinak eta kalitate handiagokoak ahalbidetzen dituena, energetikoki eraginkorragoa izango dena eta betiko argi-iturrietan iraultza eragingo duena, LCD, TFT eta plasmaren nagusitasunari amaiera emanez. OLED bat, argia igortzeko diodo organikoa da, geruza elektroluminiszentea duena; honek, estimulu elektrikoen aurrean erreakzionatu egiten du eta argia ematen du bere kasa.

Orain gutxi arte, arlo honetan egiten ari ziren ikerketak kristalezko euskarrien garapenera bideratuta zeuden; euskarri hauetan faktore erabakigarriak kontrastea handitzea, ikusmen-angelua eta abiadura dira. “Argiztapen-adimenduna” deitutakoa ahalbidetzen duten aplikazio berriak ordea, garrantzi handia hartzen ari dira eta OLEDen ezaugarriei esker, argiztapenaren merkatua aldatuko duten produktuak gara daitezke: tolestu edo biribildu daitezkeen argi-iturriak edota, agian jantzien edo ehunen gaineko argiztapena.

Testuinguru honetan ari da garatzen Fast2light europar proiektua, 2008an abiarazia Herbeheretako TNO Zentro Teknologikoaren gidaritzapean eta Europa osoko 14 eraunderen partehartzearekin: Philips, Agfa-Gevaert, Huntsman, Orbotech, Bekaert, Swansea eta Budapesteko Unibertsitateak eta GAIKER-IK4 bera, besteak beste. OLEDen ekoizpen prozesuen garapenera bideratuta -berritzaileak, produktibitate handikoak eta ekonomikoak-, I+G+b egitasmoaren helburuetako bat, produktuaren diseinu garaian ingurumenaren gainean sor daitezken eraginak gutxitu eta produktuaren iraunpen osoan zehar izango dituen eraginak sakon azkertzea da.

Nola birziklatzen da?
Tresna elektriko eta elektronikoen birziklapen eta balorizazio helburuak gero ta handiagoak dira, eta tresnon bizitza erabilgarria bukatzen denerako gaur egun definitutako bideak ez dira mota honetako produktuetarako baliagarriak. Hau dela eta, I+G+b egitasmo honen baitan, GAIKER-IK4 birziklapenaren arloa lantzen ari da, OLEDentzat tratamendu-prozesu berritzaileak identifikatu, garatu eta egokitzen, birziklapen mekaniko zein kimikorako teknologiak kontutan hartuz; gainera, proiektuan garatutako OLEDen Bizi-Zikloaren Analisiari buruzko azterketa egiten ari dira.

Partekatu

Beste berri batzuk