Austriako Estiria estatuko ordezkaritza Teknologi Parkeetan bisitari
- Estiriako Ekonomia Ganbarako eta Garapen Agentziako ordezkariz osatutako taldeak, Euskadiko Parke Teknologikoen sorrera eta bilakaera ezagutu nahi izan ditu bertatik bertara.
Euskadiko Teknologi Parkeek Austriako Estiria eskualdeko ordezkaritza baten bisita jaso dute, Jürgen Roth, Merkataritza Ganbarako presidenteordea eta Austriako Enbaxadako Merkatal Kontseilaria buru zirela. Euskadiren lehiakortasun eredua ezagutzeko egin duten bidaiaren barruan kokatu da bisita.
Euskadiko Parke Teknologikoen sorrerako testuingurua eta bilakaera azaltzearekin batera, gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeek duten egitura eta jardueraren berri izan dute austriarrek.
Teknologi Parkeak ezezik, Euskadiren garapen ekonomikoan eta lehiakortasun ereduan zeresan handia izan duten beste eragile batzuk ere ezagutu ditu Estiriako ordezkaritzak, besteak beste SPRI, Bilbao Ekintza, BEC, Mondragon Taldea edota Gipuzkoako Merkataritza Ganbara, baita HEGAN aeronautika klusterra ere.
Estiria, Austriako bederatzi estatu federatuetako bat da, herrialdearen hegoekialdean dago eta 1,1 milioi biztanle ditu, 16.388 km2ko azaleran. Estiriako Ekonomia Ganbara Federalak eskualdeko enpresen interesak ordezkatu eta koordinatzen ditu bai herrialdean baita nazioartean ere.