Batteries Europe-ren Idazkaritza Tekniko berria, bateriak ikertzeko «leihatila bakarra»
CIC energiGUNEk, baterien ikerketarako Europako “leihatila bakarra” izan nahi duen Batteries Europeren Idazkaritza Tekniko berriaren sorreran hartuko du parte
Euskal zentroak Batteries Europeren dokumentu tekniko nagusiak idazten lagunduko du, BEST (Batteries Europe Secretariat) proiektuaren barruan. Proiektuaren finantzaketa Horizonte Europa deialdian sartu da, eta euskal zentroak Innoenergy buru duten 11 bazkiderekin eta 4 erakunde afiliaturekin batera hartzen du parte
Proiektuaren helburua Batteries Europeren funtsezko zeregina aberastea, indartzea eta zabaltzea da, izan ere, bateriaren I+G komunitatea sendotuko duen eta bere helburuak lortzen lagunduko duen Idazkaritza berriaren barruan esperientzia akademikoa, industriala eta ikerketakoa biltzen ditu
CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, Batteries Europeren Idazkaritza Tekniko berriaren parte da. EBk bultzatutako ekimena da, baterien Europako ekosistema eratzeko, eta bertan, beste gauza batzuen artean, funtsezko dokumentu teknikoen idazketa eta argitalpena koordinatuko du. Euskal zentroaren lana Innoenergy buru duten 15 erakunde garrantzitsu biltzen dituen BEST proiektuaren barruan dago.
“CIC energiGUNEk berebiziko garrantzia izango du proiektu horren bitartez bateriaren Europako ekosistema indartzeko prozesuan”, ziurtatu du Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoko Arloko koordinatzaile zientifikoak. “Izan ere, uste dugu Idazkaritza Tekniko hau urrats beharrezkoa eta erabakigarria dela EBk etorkizuneko bateriaren aldeko lehia global gogorrean abangoardiako posizioa ziurtatzeko egin duen apustuan”, adierazi du.
BEST, gainera, Europako Batzordeak CIC energiGUNEk parte hartzen duen Horizonte Europa programaren barruan onartutako proiektuetako bat da. Izan ere, euskal zentroak inoiz ez bezalako arrakasta-tasa lortu du deialdi honetan; bere partaidetza duten 9 proiektuak onartzea lortu du. Proiektu horiek, kasu guztietan, prestazio handiko baterien garapenarekin lotuta daude.
Testuinguru horretan, BEST partzuergoak balio-kate osoko ordezkariak inplikatuko ditu bere lantaldeetan, teknologia berriak eta material aurreratuak barne hartuta, eta bateriaren ekosistema osoko eragileak hartuko ditu barne: Industria, esparru akademikoa, politika estrategikoen arduradunak, ikertzaileak eta baita herritarrak ere. Horrela, BESTek sinergiak lortzen lagunduko du, ekimenen arteko lan-fluxua sendotuko du, informaziorako doako sarbide inklusiboa erraztuko du, eta industriaren eta ikerketaren arteko lankidetza indartuko du, soluzio berriak merkaturatzeko denbora murriztuko duten garapen teknologikoak bultzatzeko.
Lan hori BEPArekin (Batteries Europe Partnership Association) lankidetzan egingo da. Europako talentuaren erakarpena ere indartuko du, eta ekintzetan oinarritutako jarraibideak emango ditu, energia-politiken kudeaketaren arduradunek hartzen dituzten erabakien oinarri izan daitezen. Era berean, Idazkaritzak I+G agenda estrategikoa garatzeko eta baterien alorrean hezkuntza sustatuko duten ibilbide-orri eguneratuak diseinatzeko esperientzia bilduko du.
InnoEnergy da BEST (Batteries Europe Secretariat) proiektuaren buru, CIC energiGUNE, VDI-VDE-IT, EASE, EERA, CLERENS, SINTEF (Industria eta Energia), INSTM, ENEA eta Zabala erakundeen partaidetzarekin. Bestalde, Batteries Europeren helburua mundu mailan lehiakorra izango den Europako baterien industriaren ezarpena azkartzea eta laguntzea, eta EBren ekimenen arteko sinergiak eta osagarritasunak indartzea da.