Mielina konpontzea, alzheimerraren aurka borrokatzeko ikuspegi berria
Jordi Llop doktorea buru duen CIC biomaGUNEko taldeak ohikoa ez den beste ikuspegi batetik ikertzen dihardu alzheimerra: mielinan jarri du arreta, hau da, nerbio-bulkada transmititzen duten neuronen luzakinak estaltzen dituen geruzan
Mielinaren zeregina hobeto ulertzeak aukera berriak zabaltzen ditu gaixotasuna goiz detektatzeko, haren jarraipena egiteko eta estrategia terapeutiko berriak bilatzeko
Hamarkadetan zehar, alzheimerrari buruzko ikerketak bi protagonista nagusi izan ditu ardatz: beta-amiloide izeneko proteina-zati bat —neuronen (informazioa transmititzeaz arduratzen diren zelulen) arteko espazioan metatzen dena alzheimerra duten pertsonengan— eta tau proteina —neuronen barruan metatzen da gaixotasun honetan—. Hala ere, gero eta zantzu gehiagok adierazten dute puzzlearen bi pieza horiek ez direla nahikoak gaixotasuna ulertzeko.
Hainbat ikerketak iradoki dutenez, mielinak (neuronen isolatzaile gisa jokatzen duen eta neuronen arteko komunikazio azkarra ahalbidetzen duen geruza) kalteak jasan ditzake alzheimerraren fase goiztiarretan, baita sintomak agerikoak izan aurretik ere.
“Azken urteotan ikuspegia aldatu da, eta mielinaren degradazioak gaixotasunaren bilakaeran izan dezakeen zeregina azpimarratzen da orain. Uste da mielinaren aldaketa horiek gaixotasunaren oso fase goiztiarretan gertatzen direla”, azaldu du CIC biomaGUNEko Jordi Llop doktoreak. “Alzheimerra duten pertsonengan mielina degradatuta dago, deformatuta, nolabait esatearren. Hala ere, ez dakigu hori gaixotasunaren kausa ala ondorioa den”.
Zentzu horretan, Llop doktorea buru duen CIC biomaGUNEko Erradiokimika eta Irudi Nuklearreko ikerketa-taldea, Carlos Matute irakaslearen (EHU) taldearekin lankidetzan, mielina horren alterazioak konpontzeko edo prebenitzeko modua bilatzen ari da, alzheimerra tratatzeko estrategia gisa. “Gure proiektuaren azken helburua da ikertzea ea gure alzheimerraren sagu-ereduan mielina hori leheneratzen lagundu dezaketen konposaturik badagoen eta ea mielina leheneratzeak, denborarekin, hobekuntza kognitiboa dakarren”, gaineratu du Llop doktoreak.
Ikusezina ikusgai egitea
Mielinaren aldaketak ez dira erraz detektatzen. Garuneko irudi-teknikei esker garuna kirurgiarik gabe behatu badaiteke ere, irudiok ez dituzte beti hautematen mielinaren alterazio sotilak; horregatik, degradazio horren zati handi batek ikusezin jarraitu dezake. CIC biomaGUNEk tresnen belaunaldi berri bat du, eta horiei esker “denbora errealean ikus daiteke ea mielina-zorroak benetan konpondu daitezkeen animalia-ereduetan, gaixotasunean zehar zer gertatzen den simulatzen baitute eredu horiek”, azaldu du Llopek. “Irudi-probak egiten ditugu denbora errealean ikusteko nola babesten den neuronak estaltzen dituen zorro hori, eta proba horiek portaera-entseguekin konbinatzen ditugu, saguek memoria berreskuratzen duten edo memoria gutxiago galtzen duten ikusteko”.
Positroi-igorpenezko tomografia (PET, ingelesezko sigletan) irudi-teknika bat da, molekula erradioaktibo txikiak erabiltzen dituena markatzaile gisa. Organismoan daudenean, molekula horiek garunean zehar ibiltzen dira eta zenbait prozesu biologiko detektatzeko aukera ematen dute. Alzheimerra ikertzeko, “mielina kaltetuta dagoen eremuak seinalatzeko gai den markatzaile bat erabiltzen ari gara. Mielina hondatzen denean, normalean ezkutuan egoten diren zenbait egitura geratzen dira agerian. Markatzailea egitura horiei lotzen zaie eta detekta daitekeen seinale bat sortzen du. Nolabait esatearren, garunak zerbait huts egiten hasten den eremuak tinta ikusezinarekin erakutsiko balitu bezala da”, azaldu du Mariana Coimbra de Almeida taldeko doktoretza aurreko ikertzaileak.
Gainera, CIC biomaGUNEko taldea bere ikerketetan lortutako irudiak aztertzeko erabiltzen dituen zenbait prozesu automatizatzen saiatzen ari da. Horrela, Sebastián Acebal doktoretza aurreko ikertzailea adimen artifizialeko ereduak garatzen ari da: “Garunean zer gertatzen den jakiteko, alderdi garrantzitsuenetako bat da eremu bakoitzean zehazki zer gertatzen den jakitea. Horretarako, nire lankideek lortzen dituzten irudiak zatitzen ditugu eta intereseko eremuak definitzen ditugu. Prozesu horri segmentazio deitzen zaio eta eskuz egiten da normalean, baina oso prozesu luzea eta zaila da. Nire doktoretza-proiektuan, adimen artifizialeko hainbat eredu garatzen ari naiz prozesu hori automatizatzeko, baita lortutako emaitzak hobetzeko beste programa eta software batzuk ere”, azaldu du Acebalek.
Detekzio goiztiarra, gaixotasunaren jarraipena eta estrategia terapeutiko berriak
Mota horretako tresnekin egindako lehen ikerketek erakusten dute alzheimerrarekin lotutako aldaketak detektatu daitezkeela garunean mielina asko dagoen eremuetan. Gero eta indar handiagoa hartzen ari den ideia bat sendotzen du horrek: alzheimerra ez da proteinak metatzen dituen gaixotasun bat bakarrik; konexio-arazo bat ere bada. Neuronek ez dute modu isolatuan funtzionatzen. Sare konplexuak osatzen dituzte, eta seinaleen joan-etorriek egokiak izan behar dute eraginkorrak izateko. Mielinak huts egiten badu, sare horiek eraginkortasuna galtzen hasten dira, neuronek bertan jarraitu arren.
MYAMI proiektuak Alzheimerren gaixotasunerako tratamendu berriak bilatzen ditu. “Mielinaren zeregina hobeto ulertzeak aukera berriak zabaltzen ditu”, adierazi du Llopek. Alde batetik, alzheimerra fase goiztiarragoetan detektatzen lagunduko luke, aldaketak klinikoki oraindik agerikoak ez direnean. Bestetik, gaixotasunaren bilakaeraren jarraipen zehatzagoa egiteko aukera emango luke. Estrategia terapeutiko berriei ere zabaltzen die atea. Arazoaren zati bat mielinaren narriaduran badago, mielina babestea edo konpontzea funtsezko helburu bihurtu liteke.