BCAM, Basque Center for Applied Mathematics, “Advanced Grants” ikerketa-buruen lehiaketaren bigarren ediziorako Europako Ikerketa Kontseiluak aukeratutakoen artean dago
Europako Ikerketa Kontseiluak (EIK), jada finkatutako ikertzaile onenei zuzenduriko bigarren “Advanced Grants” lehiaketan parte hartzeko 236 ikerketa-buru aukeratu ditu, Europan zehar beren ikerketa aitzindaria gauza dezaten; eta hoien artean Basque Center for Applied Mathematics, BCAMek aurkeztutako proiektua dago. Bizkaiko Teknologi Parkeak kokatutako erreferentziazko eta diziplinarteko ikerketa zentruak aurkeztutako proiektuaren izena Numeriwaves: “New analytical and numerical methods in wave propagation” da, eta zentruko zuzendari zientifikoa den Enrique Zuazuak zuzentzen du. BCAMen hau da, lehiaketako Matematika paneleko proiektu espainiar bakarra. Enrique Zuazua, BCAMeko zuzendari zientifikoa izateaz gain, Ikerbasqueko Ikertzailea eta Jakiundeko kidea ere bada, 2006an Ikerketa arloan Euskadi saria jaso zuen eta 2007an berriz Julio Rey Pastor Ikerketa Sari Nazionala.
Europako Erkidegoaren Ikerketako Zazpigarren Esparru Programaren baitan, edozein arlotan aurkikuntza garrantzitsuak egitea helburu duten proiektuak babesten ditu europar kontseiluak, besteren artean ekonomia, nanoteknologia, psikologia eta klima-aldaketan. “Advanced Grant” bakoitza 3,5 milioi eurokoa da eta estimatutakoaren arabera, deialdirako guztizko aurrekontua 515 milioikoa.
Fotis Kafatos katedradun eta EIK-ko presidentearen hitzetan: “EIK-ko Kontseilu Zientifikoa eta ni neu ere, oso pozik gaude emaitzarekin, proposamenen kalitatearekin eta baita maila berekoen ebaluazioarekin ere. EIK-ko laugarren deialdi hau —bigarren Advanced Grant lehiaketa, alegia— arrakastaz burutu da eta horri esker EIK primeran finkatu da finantzaketa-erakunde europar gisa, mugak gainditzen dituen ikerketa bikaina sustatuz. Gure lan-metodoak berdefinitu eta hobetu ditugu aldez aurreko eskarmentua kontuan hartuta eta EIKren bidez ehunka dira euren abangoardiako ideia sortzaileak Europan aplikatzeko aukera izan duten lehen mailako ikertzaileak”.
26 nazionalitateko ikertzaile arrakastatsuak 18 herrialdetako hainbat unibertsitate edo ikerketa-erakundetan jardungo dira. Halaber, une honetan Europatik kanpo bizi diren lau ikertzaile EBko estatu kide edo herrialde elkarturen batera lekualdatuko dira EIK-k emandako bekaz gozatzeko.
Ikerketa-buru hauen batez besteko adina 53 urtekoa da. %15 inguru emakumeak dira eta kopuru hau apur bat igo da azkeneko deialditik (%12). Bestalde, deialdi honetara aurkeztu den emakume-kopurua %14ari dagokio.
Proposamenak honela banatzen dira arloka: %44 zientzia fisikoak eta ingeniaritza, %38 biologia-zientziak eta 18% giza eta gizarte-zientziak.
“Talenturik onenengan inbertitu eta konfiantza jartzeak berebiziko garrantzia du Europako oinarri ikertzailerako, kontrako koiuntura ekonomikoko garaian inoiz baino gehiago; izan ere, eragin positiboa izango du bai ekonomian bai Europan bere osotasunean” gehitu du Kafatos katedradunak.