BCAREk % 15 handitu zuen fakturazioa 2020an, energia biltegiratzeko eta sare adimendunak kudeatzeko zerbitzu aurreratu berrietan oinarrituta

Albisteak, Araba

Urtebete eskaseko jardueran, CIC energiGUNEren spin off-ak 600.000 euro fakturatu ditu eta dagoeneko 10 profesionalek osatutako lantaldea du

Urtearen erdialdean Soraya Romo zuzendari nagusi izendatu izanak, biltegiratzearen arloan industriarako eragile estrategiko gisa duen posizioa finkatzeko eta negozio-bide berriei ateak irekitzeko aukera eman dio konpainiari

BCARE, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC EnergiGUNEtik sortutako spin off-a, sektoreko erreferentziazko agente gisa finkatu da bere bigarren ekitaldi osoan: 2020an 600.000 euroko fakturazioa izan du –hau da, % 15eko hazkundea izan du aurreko aldiarekin alderatuta–, eta, gaur egun kualifikazio handiko 10 profesionalek osatzen duten lantaldea hazten ari da.

“Ez da ohikoa start-up batek ia abian jartzen den unetik bertatik irabaziak lortzea. Oso pozik gaude; izan ere, gure bezeroen konfiantzari eta taldearen ahaleginari esker, BCARE, lortzeaz gain, bere jarduera-eremua denbora errekorrean zabaltzeko gai izan da, eta eragile estrategiko bihurtu da energia-kudeaketa hobetu nahi duten eta, zehatzago esanda, biltegiratze arloko berrikuntzaren bidez energia-trantsizioari aurre egin nahi dioten enpresa guztientzat”, adierazi du Soraya Romo BCAREko Zuzendari Nagusiak.

2020.urtearen erdialdean Soraya Romo Zuzendari Nagusi izendatu izanak behin betiko bultzada eman zion CIC energiGUNEk enpresetara ezagutzatransferitzeko tresna pribilegiatu gisa BCARE posizionatzeko egindako apustu estrategikoari. “Katebegi hori behar genuen energia biltzeko euskal katea indartzeko, aditu gisa ditugun gaitasunetatik laguntza emanez”, esan du Javier Olarte BCAREko CEOak.

Horrela, 2020an zehar, BCAREk hainbat proiektu pertsonalizatu jarri ditu martxan industriako bezeroentzat, eta Europa mailako zenbait proiektutan integratu da, azken belaunaldiko bateriei aplikatutako nikel-zink (Ni-Zn) teknologiaren garapena bultzatu nahi duen LOLABATen, adibidez. Zehazki, BCAREk karga-egoeraren (SOC) eta osasun-egoeraren (SOH) diagnostiko-ereduak garatuko ditu, bateriak kudeatzeko sisteman integratzeko.

Era berean, “Energia Positiva+” ekimenaren sustatzaileek 400 proposamenen artean hautatu zuten BCAREren proiektua, baterietan oinarritutako biltegiratze-sistemak digitalizatzeko eta deskarbonizazioa bultzatzeko. Ekimen hori Enagás, Red Eléctrica, CLH, Iberdrola, BP, EIT InnoEnergy, Acciona, Capital Energy eta DISAk sustatzen dute, elkarlanean gauzatzeko.

Nabarmentzekoa da Estatuan aitzindaria den “Energia Positiva+” deialdia joan den apirilean egin zela, energiaren ikuspegitik, Covid-19aren krisiaren ondoren Espainiako ekonomia eta gizartea suspertzeko tresna nagusi gisa berrikuntza bultzatuko duten proiektuen bila.

Gainera, BCAREk aurrerapauso garrantzitsua eman du Sare Adimendunen esparruan, 2020an “Global Smartgrid Innovation Hub” delakoan, energia-eredu berri baterako trantsizioa bultzatzeko Iberdrolak sustatutako ekimenean, sartu baita. Zentro horrek berrikuntzaren bultzatzaile gisa jardun nahi du, bere gaitasun teknologikoa mundu osoko hornitzaile, laguntzaile eta startup-ekin konbinatuz, eta horien artean BCARE dago.

Aurreikuspenen arabera, 2021eko udaberrian hasiko da martxan berrikuntzaren hub-a, 120 berrikuntza-proiektu eta 200 profesional baino gehiagorekin, etorkizuneko sare elektrikoen erronkekin erlazionatutako I+G+B proiektuak garatzeko lanean; horien artean, digitalizazio handiagoa, azpiegitura horiek sortzen dituzten datuen tratamendua eta sare elektrikoak, sendotasunari eta malgutasunari dagokienez, kontsumo-eredu berriei, mugikortasun elektrikoari eta autokontsumoari, besteak beste, eman behar dien erantzuna

Ildo horretan, abenduan, Smart Gridsen VII. Biltzarra zela eta, BCAREk azpiestazio-baterien eta Smart Grid izenekoen osasun-egoera denbora errealean monitorizatzeko eta diagnostikatzeko sistema aurkezteko aukera izan zuen. Sistema hori arrakastaz garatu eta inplementatu da i-DE Grupo Iberdrolarentzat.

Aurretik, urrian, AIC-Automotive Intelligence Centerrek bultzatutako AIC Next ekimenaren seigarren edizioan parte hartzera gonbidatu zuten BCARE. Start up-ak, analisi aurreratuen eta gailuen osasuna iragartzeko ereduen bitartez bateriaren segurtasuna eta errendimendua optimizatzeko soluzioen katalogoa aurkeztu zion automobilgintzaren industriari.

Lantaldeari dagokionez, azaroan SENER Fundazioak doktorego-tesi Onenaren Saria eman zion Jaione Martínez de Ilarduya BCAREko ikertzaileari, “Sodio-ion bateria baten garapena: elektrodoak prozesatzeko azterlanetatik hasi eta geruza bakarreko ziega bateko beroa sortzeko ereduraino” tesiarengatik.

Saria emateko orduan, gailu mugikorrak (telefonoak, ordenagailu eramangarriak, etab.) eta teknologia berritzaileak (automobilgintza elektriko edo hibridoak, besteak beste) elikatzeko gero eta energia-eskaria handiagoaren aurrean tesiak proposatzen duen soluzioa hartu zuen aintzat epaimahaiak.

“Egindako lan guztiak eta hain denbora laburrean lortutako aintzatespenak etorkizunari begira oso baikorrak izatera bultzatzen gaituzte. Gainera, CIC energiGUNEren, Europan energia gaietan liderra den erakunde zientifikoaren, laguntza dugu”, esan du Soraya Romo BCAREko zuzendari nagusiak.

Partekatu

Beste berri batzuk