BCBLk hirugarren adinean elebidun izateak onura kognitiboa dakarren du aztergai, hezkuntza-mailaren arabera

Albisteak, Gipuzkoa

Zentroak 60-80 adin tarteko boluntarioak behar ditu: batetik, gaztelaniazko elebakarrak eta, bestetik, euskara eta gaztelaniadun elebidunak, Donostiako zentroan boluntario bezala parte hartzeko proba bisual eta auditiboetan

Taldeak hizkuntza ezagutzen arabera zein curriculum akademiko eta profesionalaren arabera bereiziko dira

Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministeriotik finantzaketa jaso duen ikerketari esker, errendimendu kognitiboa areagotzen duten faktoreak identifikatu eta prebentzio estrategia hobeak diseinatu ahal izango dituzte

Euskadin populazio elebiduna gero eta ugariago da, gazteen artean batik bat. Hau eta gizartearen zahartze geldiak pertsona zaharretan hizkuntza bat baino gehiago jakiteak izan ditzakeen ondorioak ikertzeko premia agerian jartzen dute.

Zentzu honetan, zenbait hipotesi eta ikerketak diote, batetik, elebitasunak ez duela eraginik hezkuntza-maila altua duten pertsonen errendimendu kognitiboan; bestetik, pertsona elebidun edo eleanitzek gaitasun hobea dutela arreta edo erabakiak hartzea bezalako funtzio exekutiboak kontserbatzeko elebakarrek baino. Baina, elebitasuna hirugarren adinean lagungarria izan daiteke curriculum akademiko eta profesionala maila ertain-baxukoa denean?

Galdera honi erantzuteko, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, garuna eta hizkuntzan espezializatua, 60-80 adin tarteko gaztelaniazko elebakarrak zein euskara-gaztelania elebidunak behar ditu boluntario gisa ikerketa berri batean parte hartzeko. Honen xedea adin handietan eta maila sozial ezberdinetan elebitasuna errendimendu kognitiborako onuragarria denetz argitzea da.

Horretarako, lehenik eta behin, partaide orori ebaluazio neuropsikologikoa egingo zaio, batetik, kognitiboki osasuntsuak direla ziurtatzeko eta, bestetik, hizkuntza ezagutza-maila zein bizitzan zehar haien errendimendu kognitiboan eragin ahal izan duten jarduerak (ikasketa-maila, lanbideak, etab.) ezagutzeko.

Boluntario elebakar eta elebidunak taldeetan sailkatuko dira elebakar ala elebidun diren eta ikasketa-maila altua edo ertain-baxua duten kontuan hartuz.

 

Ataza auditibo eta bisualak

Lau azpitaldeek zailtasun-maila ezberdineko ataza kognitibo, auditibo eta bisualak burutuko dituzte haien errendimendu kognitiboa eta, oroz gain, funtzio exekutiboak aztertzeko, lobulu prefrontal zein zirkuitu fronto-parietal eta fronto-basalen mende daudenak.

«Aipatutako area eta zirkuituak zahartze osasuntsuan zehar nabarmen narriatzen dira. Hortaz, nabariagoa izaten da pertsona zaharrek funtzio exekutiboetan izan ohi duten beherakada bestelako funtzio kognitiboetan baino», azaldu du BCBLko Jesús Cespón ikertzaileak.

Ataza gehienetan, sinple samarrak diren estimuluen aurrean partaideek erakusten duten erreakzio- eta erantzun-denbora neurtuko dira, esaterako, gailu baten ezkerreko botoia sakatzea ezkerreko belarritik «ezkerra» edo «eskuma» entzundakoan. Horrela, partaideak, hautemandako informazio semantikoa inhibituz, zuzen eta ahalik eta azkarren erantzun beharko du.

Probetan garunaren jarduera elektrikoa erregistratzeko elektroentzefalografia (EEG) baliatuko dute, minik ematen ez duen eta inbaditzailea ez den teknika. Halaber, ikasketekin loturiko faktoreek (elebitasuna eta hezkuntza) informazioaren garun-prozesamendua zein erabakiak hartzea nola modulatzen duten identifikatu ahal izango dute teknika honi esker.

Behin boluntarioekin datu-bilketa prozesua gauzatuta, jokabide-probetan eta EEG bidezkoetan erdietsitako errendimenduari buruzko emaitzak ebaluatuko dira analisi estatistikoak erabiliz. Eskuratzen diren ezagutzak narriadura kognitiborako prebentzio estrategiak diseinatzeko lagungarriak izango dira, bai zahartze osasuntsuarekin loturiko narriadura, bai zahartze patologikoren batekin (Alzheimer gaixotasuna, esaterako) loturikoa.

BCBLren ikerketa honetan, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatua, parte hartzeko interesa duten pertsonak zentroarekin harremanetan jar daitezke helbide honen bitartez: participa@bcbl.eu.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

 

Partekatu

Beste berri batzuk