BCMaterials zentroak INEUSTAR elkartearen Urteko Batzar Nagusia hartu du

Bizkaia

Zientzien Industriaren Espainiako Elkarteak (INEUSTAR) Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen BCMaterials zentroaren instalakuntzetan egin du bere Urteko Batzar Nagusia. INEUSTAR 2012an eratu zen, bere egoitza Euskadin dauka eta edozein zientzia esparruko instalazioak eta tresnak asmatu, diseinatu, eraiki, ustiatu eta mantentzeaz arduratzen diren erakundeentzat lan egiten duten enpresez osatuta dago.

Batzar Nagusiak sektorearen egoera orokorra aztertu zuen; batetik, barne merkatuaren ahulezia nabaria zela baieztatu zen, zientzian izandako inbertsioen murrizketak direla medio; bestetik, badagoela hazten jarraitzen duen zientziaren merkatu global bat, bertan dauden aukerak hainbat izanik. INEUSTAR oso arduratu azaldu zen zientziara eta teknologiara bideratutako aurrekontuetan izandako jaitsierengatik, baita erabaki horiek ekonomian eta gizartean izango duten kontrako eraginarengatik ere.

Topaketan zehar, batzarreko kideek arreta berezia eskaini zioten sektoreko enpresentzat aukerarik gehien aurkezten dituzten instalakuntza zientifiko handiei, besteak beste, Oso Teleskopio Handia deituriko teleskopio europarrari, Espalazio bidezko Neutroien Iturriari edota Fusio Erreaktoreari. Batzarrean instalakuntza zientifikoetako, unibertsitateko eta teknologia zentroetako hainbat gonbidatuk parte hartu zuten.

Batzarra baino apur bat aurretik, Zuzendaritza Batzordea egin zen, eta, bertan, Miguel Ángel Carrera Astigarraga presidente berrautatu zuten, Eduardo Junkera presidenteorde eta José María del Río idazkari.

Azpimarratu beharra dago INEUSTAR-ek eta Basque Center for Materials, Applications & Nanostructures zentroak lankidetza akordio bat sinatu dutela orain dela gutxi. Akordio hori sustapenean, prestakuntzan eta elkarteko kideak diren enpresek parte har dezaketen proiektu posibleetan oinarrituta dago. Izan ere, material berrien inguruan BCMaterials-en ikerketa jarduerek aplikazio potentzial garrantzitsua daukate fusioan, partikulen fisikan, astrofisikan, biologian eta abarretan; eta, hain zuzen ere, horiek dira INEUSTAR osatzen duten enpresek garatzen dituzten esparru zientifikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk