Bere zerbitzuengatik aitortza jaso duen Espainiako lehen garapen agentzia da SPRI

Gipuzkoa

• AENORek SPRIren Bezeroaren Arretarako Zerbitzuko konpromiso zerrenda egiaztatu du “zerbitzu kartaren” bitartez.
• Ikuskatu eta ziurtatu den lorpenetako bat da unean bertan argitzen direla SPRIn telefonoz jasotzen diren kontsulten %70.
• SPRIk 1996an lortu zuen bere lehenengo kalitate ziurtagiria, eta aitzindari bihurtu zen Espainian eta bosgarrena Europan.

SPRI (euskal enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoa) da AENORek emandako “Bezeroaren arretarako zerbitzu karta” ziurtagiria lortu duen Espainiako lehen garapen agentzia. AENOR Espainiako Normalizazio eta Ziurtagiri Elkartea da, Estatu osoan akreditazio gehien ematen dituen agentzia.

Erakunde publiko baten zerbitzu kartan zerrendatzen dira erakunde batek bere bezeroarekiko hartzen dituen konpromisoak eta, SPRIren kasuan, karta horren helburu nagusia da komunikazio erraz eta irisgarriagoa lortzea, eta zerbitzuak eta erakundea bera erabiltzaileengana hurbiltzea. Erakundeak bere eguneroko lanean gauzatu eta normalizatu nahi duen “eginbeharren zerrenda” hori ziurtatzeko, kanpoko normalizazio erakunde baten auditoria gainditu behar da. AENOR erakunde ziurtagiri-emaileak bere auditoritzaren bidez berretsi du Bezeroaren Arretarako Zerbitzuak betetzen dituela SPRIk karta honetan zerrendatu dituen konpromisoak.

Zerbitzu kartak hainbat lorpen jasotzen ditu, besteak beste hauek: telefono bidez eginiko kontsulten %70 unean bertan argitzen dira eta gainerako %30ak 10 lanegun baino gutxiagoko epean; SPRIk hartutako konpromisoari jarraiki, telefono dei guztien %95 45 segundo baino gutxiagoan erantzuten dira eta %90, berriz, 30 segundo baino gutxiagoan; telefono nahiz posta elektronikoko postontzietan jasotako mezuen %100 erantzuten dira; posta elektronikoz jasotako kontsulta guztien %70 bi lanegunetan argitzen dira eta programek edo zerbitzuek jasandako aldaketak 5 lanegunen buruan eguneratzen dira Webean. Era berean, AENORen ziurtagiriak derrigortu egiten du SPRIko Bezeroaren Arretarako Zerbitzua kexa eta erreklamazio guztiak 10 lanegun baino gutxiagoan erantzutera.

Aitortza honekin amaitu da 2010ean bezeroaren arretarako zerbitzua bateratzeko hasi zen prozesu hura, zeinari esker SPRIko zerbitzuen erabiltzaileekin harremanetan jartzeko prozesua sinpletu baita; hala, lehen zeuden 25 kontakturako telefonoak arretarako zenbaki bakar batean bildu dira (902702142) eta posta elektronikoa ere bakarra da gaur egun (info@spri.es).
Bestalde, programei eta zerbitzuei buruzko informazio eguneratu guztia web orri batean zentralizatzen da (www.spri.es); hala, SPRIko zerbitzu erabiltzaileei sarbidea erraztu zaie eta aukera eman zaie erabakiak garaiz hartzeko.

SPRI sozietate publikoak 1996an lortu zuen AENORen lehen kalitate ziurtagiria; Estatuan aitortza hori jaso zuen lehen garapen agentzia izan zen eta bosgarrena Europan.

Partekatu

Beste berri batzuk