Bic Berrilan eta nanoGUNE zentroek nanozientzien esparruko enpresa proiektuak sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Gipuzkoa

 

Ekitaldi berean, bost enpresa proiektu barne hartzeko ahalmena duen nanoinkubagailua inauguratu dute

 

Bic Gipuzkoa Berrilaneko lehendakaria, José Ramón Guridik, eta nanoGUNEko lehendakaria, Pedro Miguel Etxenikek sinatu dute gaur goizean Bic Gipuzkoa Berrilan eta nanoGUNE zentroen arteko lankidetza hitzarmena. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak sustatutako nanoBasque Estrategiaren babesean sortutako hitzarmen honen helburua bi erakundeen ahaleginak bateratzea da, oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten nanozientzien esparruko proiektuak eta enpresak sustatzeko. Ekimen horiek CIC nanoGUNEn bertan kokatutako nanoinkubagailu batean gauzatu ahal izango dira. Nanoinkubagailua ere gaur goizean inauguratu da ofizialki.

Nanoinkubagailuaren sorrera nanoBasque Estrategiak enpresa eremuari laguntzeko eskaintzen dituen ekimen nagusietako bat da, ekintzailetasuna bultzatu eta erraztea helburu duena.

Bic Berrilanek, negozio esparru berrietan ekiteko eta garatzeko laguntza programa ezberdinen esparruko pertsona ekintzaileen eta enpresen aholkularitza erakunde espezializatu gisa, nanozientzien esparruko enpresa proiektuak sorraraz ditzaketen proiektu edo ideia bilaketa eta bilketa erabiliko du oinarritzat. Era berean, ekimenen bideragarritasuna aztertuko du eta orientazio eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko dizkie ekintzaileei, beren proiektuak ondo atera daitezen.

Bere aldetik, CIC nanoGUNEk, nanozientzien eta nanoteknologien ikerketa zentro gisa, nanoinkubagailua (ekintzaileek beren jarduera gara dezaten), lehen mailako bere azpiegitura eta 17 herrialdeetako 50 ikertzaileren lanari esker gaiaren inguruan hartu duen ezagutza eskainiko dizkio hitzarmenari.

Hitzarmen honek dagoeneko badu nanozientzien esparruko ekimen proiektu baten sorreraren adibide garbi bat, hain zuzen ere, Graphenea enpresa. Enpresa hori apirilean sortu zen eta laster nanoinkubagailuaren instalazioetara mugituko da. Enpresa gazte honen asmoa kalitate handiko, kostu txikiko eta tamaina industrialeko grafeno olatak egitea da. Grafenoa datozen urteetan elektronikaren sektorea goitik behera alda dezakeen eta ezaugarri apartak dituen materiala da (grafenoaren aurkitzaileek Nobel saria jaso dute duela gutxi), horregatik, mundu osoko hainbat laborategi Grapheneak egin nahi dituenen moduko olatak eskatzen ari dira.

Hitzarmenaren sinatze ekitaldia eta nanoinkubagailuaren inaugurazioa nanozientzien inguruko euskal estrategia eta nanoteknologia aukerak ikuspuntu ezberdinetatik landu dituen jardunaldi baten barruan burutu dira.

Partekatu

Beste berri batzuk