Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio-esparru batean idatzitako obra bat larunbateko Miramongo Matinéean

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariez osatuta dagoen Waimea Laukoteak Olivier Messiaen konpositore frantsesaren ‘Denboren amaierarako kuartetoa’ obra interpretatuko du

Larunbat honetan, urtarrilak 12, 11:00etan, Miramongo Matinéeek berriz ekingo diote Denboraldiko zazpigarren hitzorduarekin, Waimea Laukotea protagonista izango duena. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru musikarik —Xabier Gil (biolina), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Juan Navarro (klarinetea)— eta Amaia Zipitriak (pianoa) osatzen dute.

Laukoteak Olivier Messiaen konpositore frantsesaren, XX. mendeko herrialde galiarreko garrantzitsuenetako baten, obra bat hautatu du Matinéerako. Messiaenek 31 urte zituen Bigarren Mundu Gerra hasi berritan, 1940ko ekainean, armada alemaniarrak preso eraman zuenean Alemaniako Görlitz hirian kokatutako (gaur egun Poloniako Zgorzelec hirian) atxilotuentzako kanpamendu batera.

Kanpamendurako bidean, Messiaenek Henri Akoka klarinetejoleari ‘Txorien amildegia’-ren (Matinéean entzungo den obrako hirugarren mugimenduaren) zirriborroak erakutsi zizkion. Messiaen Akokarekin elkartu zen, eta baita preso zeuden beste bi musikari profesionalekin ere, Jean le Boulaire biolinjolearekin eta Ètienne Pasquier biolontxelojolearekin, eta instrumentu-konbinazio ezohiko batentzako kuartetoa idatzi zuen. Berak pianoaren partea hartu zuen bere gain. Hori guztia egiteko Carl-Albert Brüll zaindariari esker lortu zituen paper-zatiak eta arkatz txiki bat erabili zituen.

Denboren amaierarako kuartetoa kanpamenduan bertan eman zuten estreinakoz, haize zabalean eta euripean, 1941eko urtarrilaren 15ean, 400 presoz eta hainbat zaindariz osatutako publiko baten aurrean. Brüllek lortu zizkieten interpretazioa gauzatu ahal izateko instrumentuak, oso egoera txarrean bazeuden ere.

Zortzi mugimenduk osatzen dute obra eta bete-betean islatzen ditu egileak bere konposizio-karrera osoan erakutsitako ñabardurak: katolizismoan militantzia sendoa eta txorien kantua soinu-material gisa erabiltzeko obsesioa.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Partekatu

Beste berri batzuk