Bilboko Guggenheim Museoa Europako AEBren negozio gunea izango da azaroaren 11tik 14ra

Gipuzkoa

  • SPRIk USA Week Europe ekitaldia antolatu du Bilboko Udalaren laguntzaz, eta ekitaldi horretan 119 mila milioi dolarretik proiektuak aurkeztuko zaizkie Euskadiko eta Europako enpresei.
  • Estatu Batuak protagonistatzat izango dituen lehen enpresa hitzaldi handi honetara bertaratzen direnek lehen eskutik jakingo dute zeintzuk diren Ipar Amerikan datozen 10 urteetan garatuko diren proiektu eta lizitazioak energian, azpiegituretan, teknologian, automozioan eta, beste beste, sektore aeroespazialean.

Bilbok ostatatuko du  USA WEEK EUROPE 2013, AEB-Europa arteko lehen enpresa hitzaldi handia. Azaroaren 11tik 14ra izango da Bilboko Guggenheim Museoan. Lau eguneko enpresa topaketa honetan, hitzaldiak, elkarrizketak eta stand erakusketak egingo dira, Estatu Batuetako ekonomian jarduera handiena duten sektoreetako ekintza nahiz proiektuak aurkezteko eta ezagutzera emateko.

USA WEEK EUROPE 2013 ekitaldian parte hartuko dute Ipar Amerikako hizlari eta agintari garrantzitsuek, erabakiak hartzeko  ardura  dutenek eta baita ere ekonomia iparramerikarrean lider diren sektoreetako erakunde garrantzitsuetako zuzendaritza-karguek. Guggenheim Museoa izango da hitzorduaren egoitza nagusia eta bertara hurbilduko dira, besteak beste, Sean Connaughton, Virginiako garraio arloko estatu idazkaria, Robert LaCroix, AMTRAK Ipar-mendebaldeko trenbidearen zuzendaria, Mark Gale, Filadelfiako nazioarteko aireportuko zuzendari nagusia eta Danny Curtin, California Water Commission erakundeko kidea. Eurek azalduko dituzte merkatu iparramerikarrak datozen hamar urteetan izango dituen joerak, proiektuak eta inbertsio aurreikuspenak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRIren bitartez, eta Bilboko Udalak European American Enterprise Council erakundearekin elkarlanean antolatu dute ekitaldi garrantzitsu hau, “Europako eta Estatu Batuetako konpainien artean harremanak estutzeko eta lankidetza bideratzeko”. Alexander Arriola SPRIko (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) zuzendari nagusiak hauxe esan du bere hitzaldian: “ekitaldi honetan euskal enpresak zuzenean jarriko dira harremanetan Estatu Batuetan proiektu eta negozioen garapenean erabakiak hartzen dituzten organoetako arduradun garrantzitsuenekin”. Era berean, Arriolak adierazi du orain inoiz baino ezinbestekoagoa dela euskal enpresentzat erronka eta desafio berriei aurre egitea kanpoko merkatuekin lankidetzan. “Uste dugu AEBen eta EBren artean merkataritza libreko itun bat hitzartzeko negoziazioak mesedegarri izango direla EBko nahiz Estatu Batuetako ekonomientzat; izan ere, hitzarmen horrek urtean 119.000 milioi eurorekin bultzatuko luke EBko ekonomia eta Estatu Batuetakoa ere bai, kasu honetan 95.000 milioi eurorekin”.

Bestalde, Bilboko Udalak adierazi du ekitaldi hau Bilbon egiteak agerian uzten duela Bizkaiko hiriburuak potentzial handia duela jarduera ekonomikoaren motor gisa eta bat datorrela etorkizun handiko sektoreen (enpresentzako zerbitzu aurreratuak, hiriko konponbideak, eko-teknologiak eta industria sortzaileak) garapenerako erreferente eta gune izateko estrategiarekin.   Udalak bereziki azpimarratu du zein garrantzitsua den hiriarentzat goi-mailako enpresa gailur hau ostatatzea eta, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango duela ekonomia eta produkzio arloarekin lotutako Bilbo markaren nazioartekotze prozesuan, Ipar Amerikako merkatu garrantzitsuan barneratzen lagunduko diolako.

SPRIk stand propioa izango du eta, gainera, bere babesa emango dio ekitaldiari, euskal enpresak kanpoko merkatuetara irtetera animatu daitezen eta harremanak estutu ditzaten Ipar Amerikako ekonomian jarduera gehien duten sektore nahiz Estatuekin.

www.usaweek.org atarian dago izen-emateari, hitzaldiei, erakusketa eremuko parte hartzeari edo babesle izateari buruzko informazio guztia.

 

SPRIk IPAR AMERIKAN DUEN JARDUERA

2008tik hona hazi egin da SPRIk Ipar Amerikan kudeatu duen proiektu kopurua. Izan ere, nazioartekotu diren 55 enpresa babestu ditu 2008tik eta 2012an lagundutako proiektuak 2011n baino bi aldiz gehiago izan dira. Aurreikuspenen arabera, 2013an 25 euskal enpresari lagunduko zaie beren nazioartekotze prozesuetan. Bestalde, kanpoko proiektuen kudeaketarako laguntza puntualak 50 izan litezke.

Euskadi – AEB arteko merkataritza harremanetan aipatzekoak dira:

  • 411 enpresak sarri esportatzen dute Estatu Batuetara.
  • 61 euskal enpresa daude kokatuta Estatu Batuetan eta guztira 73 ezarpen dituzte (filialak edo ordezkaritzak). Ezarpen horietatik 35 produkziozkoak dira, 32 komertzialak eta 6 zerbitzuetakoak.
  • Euskadi da AEBetara gehien esportatzen duen bigarren autonomia erkidegoa (2008-12 urtealdiko guztizkoaren arabera).
  • Azken 5 urteotan AEBak izan dira euskal esportazioen hirugarren jomuga (Frantzia eta Alemaniaren atzetik) eta inportazioen zortzigarren jatorria.
  • Euskadi da AEBetan gehien inbertitzen duen autonomia erkidegoa (2000-12 urtealdiko guztizkoaren arabera).
  • AEBak dira atzerriko euskal inbertsioen lehen jomuga (2000-2012).

EUSKAL INBERTSIOAK AEBetan

SPRIk emandako datuen arabera, guztira 61 euskal enpresa daude kokatuta AEBetan eta 73 ezarpen dituzte denen artean (filialak edo ordezkaritzak). Ezarpen horietatik 35 produkziozkoak dira, 32 komertzialak eta 6 zerbitzuetakoak. Honekin batera doa enpresen zerrenda.

Hauek dira sektore garrantzitsuenak: energia, automozioa, burdinbideko ekipamenduak, bioteknologia, telekomunikzioak eta informatika, ingeniaritza eta hodiak.

AEBetako DATU EKONOMIKOAK

AEB munduko lehen ekonomia da; produkzio globalaren %25 kontzentratzen du eta munduko inportazioen %16 ere bai.  309 milioi kontsumitzaile ditu eta 47.200 dolarreko per capita errenta. Bestalde, munduko ondasun inportatzaile handiena da eta hirugarrena esportazioei dagokienean.

AEBak dira atzerriko inbertsioaren munduko jomuga garrantzitsuena (%15). Kontuan harturik nolakoa den merkatu honen tamaina, eskaintzen dituen aukera guztiak eta baita ere bere enpresa ingurunea, herrialde bikaina da inbertsioak egiteko eta ekintzailetzarako. Horregatik, ia konpainia multinazional handi guztiek dute presentzia merkatu horretan. Bestalde, atzerriko inbertsioen igorle handiena da %19ko kuotarekin eta bere atzerriko inbertsioa 4,15 bilioi dolarrekoa izan zen 2011n (2010ean baino %9,6 gehiago).

Bestalde, oso ekonomia lehiakorra da, munduko lan-esku produktibitate maila handiena duelako. 2008an lehen postua lortu zuen orduko produktibitate mailan eta 2010ean bigarren postura iritsi zen Lehiakortasun Indize Globalean. Ekonomia teknologikoki oso aurreratua du, ongi dibertsifikatua eta zerbitzuen sektorean pisu handia duena (BPGaren bi heren baino gehiago, sektore publikoa kontuan hartu gabe).

Aurten AEBak eta EB negoziazioetan hasi dira merkataritza libreko itun bat hitzartzeko (Merkataritza eta Inbertsiorako Sozietate Transatlantikoa izenez ezagutuko dena). Hitzarmen horrek EBko ekonomia bultzatuko luke urtean 119.000 milioi eurorekin eta Estatu Batuetakoa ere bai, kasu honetan 95.000 milioi eurorekin.

Partekatu

Beste berri batzuk