Zamudio/Derio Campusak “Pintxo BIC Bizkaia” ekimenaren edizio berri bat hartu du, startup ekosistema bultzatu eta indartzeko

Albisteak, BeParke, Bizkaia

Zamudio/Derio Campuseko BIC Bizkaia ekintzailetza-ekosistema ezagutarazteko, esperientziak trukatzeko eta lankidetzak sustatzeko topaketa baten agertoki izan da. Bertan, Euskadiko Parke Teknologikoko P4Q Health (Qassay) eta Quest Biotek enpresek parte hartu dute.

50 profesional eta enpresa-ordezkari baino gehiagok parte hartu dute “Pintxo BIC Bizkaia” ekimenaren edizio berri batean. Ekimenaren helburua inkubatutako ekosistema ezagutaraztea, esperientziak trukatzea eta lankidetzak sustatzea da. BEAZeko Ekintzailetza zuzendari Sabin Goitiak egin die ongietorria bertaratutakoei eta aurkeztu du ekitaldia. Hitzordua ostiral honetan, urriaren 30ean, egin da BIC Bizkaiako Erabilera Anitzeko Gelan, 10:00etatik 12:00etara.

Jardunaldian aurkeztutako startupen artean Parkeko bi enpresa daude: P4Q Health (Qassay) eta Quest Biotek. Lehenengoaren kasuan, Gorka Alapont konpainiako Business Development Managerra arduratu da prebentzio-osasunean espezializatutako enpresa honen jarduera aurkezteaz. P4Q Healthek diagnostiko azkarreko teknologia eta suplementazio pertsonalizatua uztartzen ditu.

Quest Bioteken aldetik, Julián Cuesta zuzendari zientifikoak eta Deborah Ercoreca Operazioetako buruak aurkeztu diete konpainiaren jarduera bertaratutakoei. Startup hau aho-inplantologian espezializatuta dago, eta bere jardueren artean nabarmentzen dira hortz-inplanteen sistemak eta dentistentzako eta laborategientzako doitasun handiko protesi integratuko soluzioak sortzea.

Osasunaren sektorera nabarmen bideratutako jardunaldiak Idoia Muñoz Basque Health Clusterreko General Managerraren parte-hartzea ere izan du. Euskadiko Medtech Ekosistemaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, eta Cardiva eta Bexen Cardio enpresek ere parte hartu dute.

Kluba Health Lab

Ildo horretan, Euskadiko Parke Teknologikoak BeParke Kluba programaren barruan jasotako osasuna sustatzeko ekimen berria ezagutarazi nahi izan die bertaratutakoei. Kluba Health Lab da, eta ongizate integralari, jarduera fisikoari, nutrizioari, prebentzioari, osasun emozionalari eta osasunarekin eta bizi-kalitatearekin lotutako beste esparru batzuei buruzko hitzaldi, tailer eta mintegi praktikoen urteko programa eskaintzen du.

Jarduera horiek Euskadiko Parke Teknologikoko langile guztientzat daude zabalik, eta BeParke Klubaren webgunearen bidez eskura daitezke. Kluba Health Laben hurrengo hitzordua “Osasuna eta Emakumea: zure energia eta kontzentrazioa indartzeko funtsezko ohiturak” hitzaldia izango da. Azaroaren 26an egingo da, Zamudio/Derio Campuseko 101 Eraikinean, eta online ere eskainiko da Araba eta Gipuzkoarako.

Era berean, dagoeneko lanean ari dira indarra lantzeari buruzko hitzaldiak antolatzeko, Baigenerekin lankidetzan, baita bularreko minbiziari buruzko jardunaldi espezifiko bat prestatzeko ere.

Partekatu

Beste berri batzuk