BIOESKOLA BBK, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako ortu ekologikoa Bizkaiko Teknologi Parkean

Bizkaia

• Nekazaritza-ekologikoko ustiategi bat egitean datza egitasmoa; 10 negutegi izango ditu, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 24 pertsonak egingo dute lan bertan eta Teknologia Parkean salduko dituzte ortuan lortutako produktuak.

• Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 30.000 m2 lursail lagako ditu eta BBK Gizarte Ekintzak (gizartearen aldetik berritzaileak diren proiektuak biltzeko dituen BBK Innova sarearen bidez) 375.000€ko ekarpena egingo du, Emausek kudeatuko duen ortu ekologikoaren ekipamendua eraikitzeko.

• Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, Emaus Gizarte Ekimeneko Elkarte Kooperatiboa eta BBK Gizarte Ekintza dira egitasmoaren bultzatzaileak; Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak, Zamudioko Udalak eta Innobasquek ere hartzen dute parte.

• Gaur goizean, sei erakundeetako ordezkariak bildu dira BIOESKOLA BBK proiektua martxan jartzea ahalbidetuko duen lankidetza hitzarmena sinatzeko.

BBK Gizarte Ekintzak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak, Zamudioko Udalak eta Innobasquek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Emaus Bilborekin, Bioeskola BBK proiektua abiarazteko. Laneratzea, nekazaritza, ekoizpen ekologikoa eta berrikuntza soziala uztartzen ditu ekimen horrek.

Zamudioko Arteaga auzoan, Parkaren jabegokoak diren bi lurzatitan nekazaritzako ustiategi ekologikoa egitean datza egitasmoa; bertan, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonek lan egingo dute eta ortuan lortutako produktuak Parkean salduko dituzte. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, BBK-Gizarte Ekintza eta Emaus dira proiektuaren bultzatzaileak.

Gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonak artatzea xede duten ekintza berritzaileak gauzatzeko interesa erakutsi du Emaus Bilbok eta horren ondorio da Bioeskola BBK. Aipatu helburua lortzeko, ekoizpen-sektore berriei ekingo zaie eta epe laburrera nahiz ertainera hazkunde-aukerak dituzten ekintzei ere bai.

Nekazaritzaren sektorea eta ekoizpen ekologikoa ekintza berriak aurrera eramateko aukerak izanik, Emausek lau ildo nagusirekin definitu zuen Bioeskola proiektua: jatorri ekologikoko nekazaritza-produktuak ekoiztea; jatorri ekologikoko nekazaritza-produktuak merkaturatzea; prestakuntzako eta sentiberatzeko jarduerak garatzea; nekazaritza-zerbitzuak eta ingurumena zaintzeko zerbitzuak ematea.

Emausek gauzatutako Bioeskola BBK proiektuaren helburua landa-inguruneko bizi-kalitatea hobetzea da, bai eta inguru horretan enplegurako aukera berriak sortzea ere, buruko eritasuna duten eta enplegua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Horretarako ekoizpen ekologikoa, berezia eta aitortua merkaturatuko da.

Kontratatuak izateko aukera gutxiago dituzten pertsonak Bioeskolara joango dira lanera Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak hala proposatuta, hau da, gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden 12 gizon eta 12 emakume. Pertsona horiek gizarteratzea eta laneratzea da proiektuaren helburu nagusia eta horretarako, banan-banako bideak erabiltzeaz gain, lanpostuak enplegarritasunaren araberakoak izango dira.

Emausek ibilbide garrantsitsua du gizarteratzeko enpresak abiarazi eta kudeaketan, bai Bizkaian baita Araban ere; hainbat ekimenetan BBK Fundazioaren babesa jaso duelarik.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 30.000 m2ko lursaila aldi baterako lagako dio Emausi, nekazaritzako ustiategi ekologikoa egiteko.

BBK-Gizarte Ekintzak bere aldetik, 375.000 €ko ekarpena egingo du, hasiera batetan, ekipamenduak eraikitzeko, lursailak urbanizatzeko, materialak erosteko eta abarretarako. Hala, eremu horretan 10 negutegi ezezik, prestakuntza-gelak, aldagelak eta jantokia eraikiko dira.

Halaber, Bioeskola BBKn prestakuntza-gela martxan jarriko da, ekoizpen-mota horretaz eta gure lurraldeko sozietatearentzat eta lehen sektorearentzat horrek duen garrantziaz Bizkaiko ikastetxean sentiberatzeko.

BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroan gaur goizean egin den sinadura ekitaldian izan dira Francisco Berjon eta Txaber Ouro (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko presidentea eta zuzendaria hurrenez hurren), Jorge Morquecho (BBKko Gizarte Ekintzetako zuzendaria), Rosa Gil Elorduy (EMAUSen Erretore Kontseiluaren presidentea), Igotz Lopez (Zamudioko alkatea), Carlos Pereira (Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentalaren sareko kudeatzailea) eta Pablo Angulo (Innobasqueko Programa zuzendaria).

Partekatu

Beste berri batzuk