BIOLANen egoitzaren eraikuntza lanak hasi dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

BZTP, 2012/05/03

Biolan Microbiosensores korporazioaren eraikina egiteari ekin zaio Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Arestin kokatuko den eraikin berriak 600 m2-ko azalera eraikia izango du, bi solairutan banatua: administrazio, laborategi eta ekoizpen gunea izango da bata, eta biltegiak, hazkuntza-gelak eta bilera-gelak egongo dira bestean.

Oso eraikin trinkoa da eta bere fatxaden zein estalkien eragina minimoa denez, kostuak eta energia-eskaria arrazoizkoagoak izango dira; halaber, modu naturalean integratu da paisaian, lursailaren aldapara egokituz.

Biolan Microbiosensores oinarri teknologikoko enpresa da, biosentsorikaren alorrean espezialista, eta bere helburu nagusia mikrobiosentsoreen garapena eta komertzializazioa da hainbat aplikazio-eremuetarako, nekazaritzako elikagaien sektoretik osasunaren sektorera.

Martxan jarri zenetik, enpresa horren lorpen esanguratsuenetako bat aurreneko biosentsore entzimatiko anperometrikoak —azido glukonikoa, azido malikoa eta fruktosa/glukosa neurtzeko— garatu, baliozkotu eta merkaturatzea izan da. Konpainiak nazioarteko merkataritza-jarduera indartsua gauzatu du azken urtean: Txilen eta Frantzian ezarpen komertzialak izateaz gain, Argentina, Portugal edo Italia bezalako herrialdeetan bere produktuak merkaturatzen ditu.

Etengabeko berrikuntzan oinarritutako estrategia jarraituz, dela teknologia anperometrikoa dela potentziometrikoa oinarri duten ekipo berriak garatu ditu Biolanek eta 2012an aterako dira merkatura.

Partekatu

Beste berri batzuk