Biozientziak, hamar urtez Euskadin

Bizkaia

bioGUNE IKZ zentroak hamar urte bete ditu biozientzien arloko eragile sortzaile gisa eta nazio zein nazioarteko ikuspegi zientifikoaren aitorpena jaso du.

90 M€ jaso ditu funts publikoetatik, eta gauzatutako ikerketa-proiektuen bidez 44 M€ lortu dira. Hau da, inbertitutako euro bakoitzeko 2 euro sortu dira.

.bioGUNE IKZ Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak bere hamargarren urteurrena ospatu du gaur; eta nazioko eta nazioarteko komunitate zientifikoan goraka ari den erreferentzia izaki, adin nagusitasuna aitortu zaio jada.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen oroitzapenezko ekitaldian ere egon dira, besteak beste, Bizkaiko diputatu nagusi José Luis Bilbao, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia eta bioGUNE IKZko zuzendari nagusi José María Mato.

15 nazionalitateko 140 pertsonez osatutako taldearekin, bioGUNE IKZk abangoardiako ikerketa gauzatzen du biologia estrukturalaren, molekularraren eta zelularraren arteko interfazean. Arreta berezia eskaintzen dio gaixotasunaren oinarri molekularrak aztertzeari, ondoren, diagnosi-metodo eta terapia aurreratu berriak garatu ahal izateko.

Gaur egun, ikuspegi zientifiko nazional eta internazionalaren errealitate bihurtu da zentroa, biozientzien edo osasun-zientzien alorrean ezagutza sortzen duen eragile gisa. Hortaz, ezagutza berria sortu da (argitalpenak, patenteak…), nazioarteko erakunde eta instituzioekin elkarlanak gauzatu dira, baita zentroko ekipamendu teknologikoa nahiz zientzialariak komunitate zientifikoaren eta enpresa-sarearen zerbitzura jarri ere.

Hamargarren urteurrenak, gainera, ibilitakoaren balantzea egin eta asmo handiko proiektu berriei ekiteko balio du, osasun-zientziaren alorrean aitzindariak diren ikerketa zentro eta institutuetan bioGUNE IKZren marka hedatze eta ezartzeari begira.

Hala, zentroak garai berriei egingo die aurre, jardunbide zientifikoko arloak berrantolatuko ditu, eta bere jarduera lau esparru handitara bideratuko du: minbizia, gaixotasun infekziosoak, metabolismoa eta gaixotasuna, eta proteinen homeostasia.

José María Matoren ordez, Jesús Jiménez Barbero izango da zentroko estrategia zientifikoko zuzendaria. Espainian, kimikaren sektoreko izenik ospetsuenetako bat da Jiménez Barbero, Espainiako Kimika Elkartearen (RSEQ) presidentea ere bai, ere Ikerbasquen arituko da ikertzaile.

José María Matok, aldiz, bioGUNE IKZko eta nanobiomaterialetan espezialista den “anai” biomaGUNEko (Donostia) zuzendaritza nagusiaren buru izaten jarraituko du.

Hamarkada baten erradiografia

2005eko urtarrilean inauguratu zen bioGUNE IKZ. Orduz geroztik, 36 herrialdetako 500 ikertzaile aritu dira bertan. Horien artean, euskal jatorriko hogei atzerrian ziharduten zientzialari; itzuli zirenean, euren igurikimenak ase zituzten lehen mailako proiektu zientifiko batekin. Bestalde, 84 ikertzailerentzat aurreneko aukera izan zen euren ibilbide zientifikoari hasiera emateko.

José María Matok zuzentzen duen zentroak, azken 10 urtetan, 90 milioi euro jaso ditu guztira (Eusko Jaurlaritzak 76 eman dizkie, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 14); alabaina, jasotako euro bakoitzeko bakoitzeko 2 euro sortzea lortu du, ikerketa zientifikoko proiektuen bidez lortutako baliabide gehigarriei esker. Zentzu horretan, bioGUNE IKZko ikertzaileek, guztira, 44 milioi euro eskuratu dituzte 10 urteotan abiarazitako proiektu lehiakorren fruitu.

Aldi berean, inguruko aberastasuna sortzen lagundu du zentroak, euskal enpresak azpikontratatu dituelako 4 milioi euroren truke; zerbitzu-prestazio kontratuen fakturazioa, berriz, 6,4 milioikoa izan da. 3 enpresen sorreran parte hartu du ere bai.

Esklusiboki zientziari dagokionez, nazioarteko zenbait aldizkari zientifikotan 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira. Jada 6.500 aiputik gora jaso dituzte, horien artean % 75 aldizkari nagusietan. 500 instituzio zientifiko baino gehiago eta 2.000 ikertzailetik gora parte hartu dute artikuluotan. Guztira, 4 patente eman dira –horietatik hiru ustiatzen ari dira dagoeneko–, eta beste lau eskatu dira.

46 doktoretza-tesi burutu dira eta, guztira, 56 ikaslek gauzatu dute masterra zentroan, zeinetatik % 26k tesia zentroan bertan egiten jarraitu baituten.

bioGUNE IKZn praktikak egin dituzten lanbide-heziketako 59 ikasleen artean, % 25ek euren lana eskuratu dute zentroan. Horrez gain, Erasmus eta Da Vinci elkartruke-programen bidez, 33 ikasle hartu dira.

Ekipamendu zientifiko-teknologikoa

CIC bioGUNE ireki zenetik 10 urte igaro direnean, unibertso zientifikoan kokatzeko beharrezko oinarri nagusi biak finkatu egin dira, hala nola punta-puntako ekipamendu zientifiko-teknologikoa eskuratu ez ezik –35 milioi euro inguruko inbertsioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin–, eta ikertzaile kualifikatuak hasi dira lanean.

Gaur egun, zentroak azpiegitura zientifikorik modernoenak ditu, Europako ikerketa-institutu garrantzitsuenetan bezala. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Biologia Estrukturaleko Unitatea, erresonantzia magnetiko nuklearrean (EMN), mikroskopia elektronikoan eta X izpien difrakzioan erabiltzeko gailurik potenteenekin, baita genomak, proteomak eta metabolomak aztertzeko teknikak aplikatzen dituzten plataforma teknologikoak ere.

Partekatu

Beste berri batzuk