Bizhiri: Udalak, Ceit-Ik4k eta Lumak bizikletak ez lapurtzeko sistema bat jarriko dute abian Donostian

Gipuzkoa

Eskatzen duenaren eskura jarriko dira bizikleta geolokalizatzen lagunduko duten 300 giltzarrapo

untitledMugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak, Ceit-Ik4ko ikertzaile Alfonso Brazalezek eta Lumako Marketin arduradun Amaia Jimenezek gaur aurkeztu dute Bizhiri, Donostiako 300 bizikletazalek probatuko duten lapurreten aurkako proiektu aitzindaria.

Proiektu honetan parte hartzen duten bizikletei giltzarrapo finko bat jarriko zaie, Bluetooth teknologiaz hornitua. Sistema hori hirian jarritako transmisoreei konektatuta egongo da eta espazio hori segurtasun eremu bihurtuko du. Bizikleta Smartphoneko aplikazio baten bidez erregistratuko da sisteman.

Jarraipena egiteko, giltzarrapoaren konexioa baliatuko da, bai eta mugikorreko GPS lokalizazio sistema ere, bizikleta mapan kokatzeko modua emango duena. Bestalde, gailu batzuk ere jarriko dira hirian, haietatik gertu dauden giltzarrapoak lokalizatzeko. Beraz, bi faktore horiek konbinatuz eta bizikleta (eta giltzarrapoa) Smartphoneko App-ean erregistratuz, sistema hau irtenbide eraginkorra izango da bizikletak ez lapurtzeko eta, lapurtuz gero, kokatzeko.

Bizhiri egitasmoaren helburua da lapurreten kontrako irtenbide ekonomiko bat garatzea, eta irtenbide horri are balio handiagoa ematea, hainbat zerbitzu eskainita: kokapena, jarraipena, lapurreta abisuak, mantentzea eta abar. Erabiltzaileak berak ere beste bizikleta batzuen lokalizatzaile bihurtuko dira aplikazioaren bidez. Bizikletazaleentzako beste zerbitzu batzuk ere proposa daitezke hirian, modu anonimoan detektatutako erabiltzaileen mugimenduak oinarritzat hartuta, hala nola bizikleta parking berriak jarriz.

Bizhiri proiektua ezartzeko, Donostiako Kalapie bizikletazaleen elkartearen eta Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolaren laguntza izango da; hain zuzen, eskuarki bizikleta erabiltzen duten pertsonen artean 300dik gora giltzarrapo banatuko dituzte. Proba pilotu hau testatu egingo dute Donostiako Udaleko Mugikortasun Atalak, Ceit-Ik4 zentru teknologikoak, Lumak eta Dinyconek (sistemak integratzeko ingeniaritza, pertsonen eta ibilgailuen mugikortasuna optimizatzeko irtenbideak garatzen dituena), eta horren ostean ekingo zaio Bizhiri giltzarrapoa herritarren artean banatzeko faseari.

Parte hartzeko prozedura

Proiektu aitzindari honetan parte hartu ahal izateko, martxoaren 15era arte,  bizhiri.luma.es loturan agertzen den formularioa bete beharko da. Ondoren, Luma enpresa izena eman dutenekin harremanetan jarriko da. Parte hartzea doakoa da eta ez da giltzarrapoa itzuli behar.

Partekatu

Beste berri batzuk