Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak BusUp plataformarekin bat egin du, garraio partekatuko zerbitzu aitzindaria ezartzeko

Albisteak, Bizkaia

Langileen mugikortasuna hobetzeko zein talentua erakartzeko soluzio jasangarrien bilaketaren barruan sartzen da erabaki hori

Urtarrilaren 13an, astelehena, jarriko da abian zerbitzua, eta Europan autobus partekatuaren alorrean liderrak diren enpresetako batek emango du

Europan aitzindaria den mugikortasun partekatuko zerbitzua ezarriko du urtarrilaren 13an, astelehena, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak. Parkeko enpresa eta erakunde guztien artean partekatutako enpresa-autobus bat izango da, eta enplegatu guztien erabili ahal izango dute. Langileen mugikortasuna hobetzeko zein talentua erakartzeko gaitasuna indartzen laguntzeko mugikortasun jasangarriko soluzio berriak bilatzearen testuinguruan hartu da erabaki hori.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dauden 266 enpresak izango dira mugikortasunari buruzko erabaki horren onuradunak; 10.000 profesional baino gehiago ari da enpresa horietan lanean eta, BusUp zerbitzuari esker, guztiek izango dute modu erosoago eta jasangarriagoan mugitzeko aukera. Garraio partekatuaren alorrean Europan erreferente diren enpresetako batek emango du zerbitzua; gaur egun, Brasilen eta Portugalen ere badihardu eta, 2020. urte erdialdera, bere egoera sendotzeko eta nazioarteko hedapena bermatzeko finantzazio-erronda bat ixtea aurreikusten du.

Oraingoz, Barakaldotik Parkerainoko zuzeneko ibilbidea eskainiko du kontratatutako zerbitzuak, eta hiru abonu mota egongo dira aukeran: hilekoa, astekoa eta soila. Abonuok eskuratzeko, enplegatuek egiaztatu beharko dute Parkeko enpresetakoren bateko langile direla, www.parke.busup.com webgunearen bitartez. BusUp zerbitzuak, bestalde, langileei bonuaren kostu osoa edo kostuaren zati bat finantzatzeko aukera ere ematen die, hala nahi duten enpresei.

“Euskadiren aldeko apustu handia egin dugu, industria-eremuetan kokatutako industria indartsua duelako eta, askotan, eremu horiek ez dutelako garraio publikoko zerbitzu egokirik. Mugikortasunari dagokionez malgutasun handiagoa eskatzen duen benetako eskari bati erantzuten dio BusUpek”, azaldu du BusUpeko CEO Rui Stoffelek.

BusUp Europako Batzordearen laguntzari esker jarri zen abian; milioi bat euroko finantzazioa jaso zuen, H2020 Programaren Enpresa Txiki eta Ertainentzako Tresnaren bitartez, eta horri esker garatu ahal izan zuen egungo plataforma teknologikoaren oinarria.

Enpresaren inbertitzaile nagusiak dira, besteak beste, Finaves inbertsio-funtsa –IESEren negozio-eskolarena–, eta eskatu ahalako garraioaren sektoreko hainbat operadore, Bizkaian egoitza duen Acha Taldea esaterako.

BusUp teknologiak enpresa ezberdinen artean partekatutako autobus-ibilbideak sortzea eta optimizatzea ahalbideratzen du; horri esker, enplegatuentzako autobus-ibilbideetan % 40ra arteko aurrezpena lor dezakete bezeroek, eta CO2 emisioen % 82ko aurrezpena, kotxearekin alderatuta.

Ibilbideak sortzeko eta optimizatzeko eraginkortasunaz gain, BusUp plataformak abonoak bezero bakoitzarentzako pertsonalizatutako salmenta-atarietan saltzeko aukera ematen du, bai eta garraio-zerbitzuaren kudeaketa erabat kanpoan egitea ere. Erabiltzaileei dagokienez, beraien beharren arabera optimizatutako lantokirako zuzeneko ibilbideen onuradun izango dira; gainera, bermatuta izango dute eserlekua eta aplikazio bat erabiltzeko aukera, denbora errealean autobusaren jarraipena egin ahal izateko. “Garraio partekatuko enpresen artean, zerbitzu integral osoena eskaintzen duen enpresa gara”, adierazi du konpainiaren sortzaile-kide eta marketin eta berrikuntzako zuzendari Eva Romagosak.

266 enpresa ditu Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak; 3.356 milioi euroko fakturazioa izan zuten, guztira, iaz, eta 10.012 langilek dihardu parkeko enpresetan lanean; Bizkaiko Barne Produktu Gordinaren % 7 sortzen dute, eta Foru Ogasunak biltzen duenaren % 6,8ko ekarpena egiten dute. Tartean, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2020rako Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan lider diren enpresak daude, hala nola aeronautikaren, automobilgintzaren, elektronikaren, energiaren, ingurumenaren, ingeniaritzaren, medikuntzaren eta biozientzien eta informazio-teknologien sektoreetakoak.

Partekatu

Beste berri batzuk