Brasilek gonbit egin die euskal enpresei Latinoamerikako portu eta industri azpiegitura handienaren garapenean parte har dezaten
– Rio de Janeiro Estatuko enpresa ordezkaritzak bihar (maiatzak 2) aurkeztuko du Bilbon Açu-ko Superportu Industriala eraikitzeko megaproiektua.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatutako eta SPRIk antolatutako jardunaldi bat egingo da bihar (maiatzak 2) Bilbon, ezagutzera emateko zein aukera dituzten euskal enpresek Latinoamerikako portu eta industri azpiegitura handiena den Açu-ko Superportuaren eraikuntzan.
EBX enpresa talde brasildarrak aurkeztuko du megaproiektua, bera baita garapenaren arduraduna. Talde horretan Bobespa indizean (Brasileko burtsa indizerik garrantzitsuena) kokatutako sei konpainia handi daude. Euskadiko Telekomunikazio Klusterraren (GAIA) laguntza izango du aurkezpen ekitaldi horretan, eta Alberto Guimasräes EBX taldeko zuzendari komertzialak eta Rodrigo Tavares, talde brasildarreko kudeatzaile komertzialak parte hartuko dute.
Portuko konplexu berri hori Río de Janeiro Estatuaren iparraldean dago. 2007ko urrian hasi ziren eraikitzen eta 17 km-ko moila eskainiko duten bi terminal multzo izango ditu. TX1 terminalean offshore terminalak egongo dira eta TX2 terminalean, berriz, 3.5 km-ko luzera duen barne nabigaziorako kanal bat eta 13.000 metro baino gehiagoko moilak, 300 metro luze eta 18 metro sakonekoak, etorkizunean 26 metro zabalduko direnak.
Portuko azpiegiturez gain, zeintzuek munduko karga ontzi handienak sartzeko adinako kalatua izango baitute, konplexu industrial berri bat ere egingo dute. 130 km2 inguruko azalera izango du eta bertan instalazio siderurgikoak, biltegiratze unitateak, petrolio birfindegi bat, ontziolak, peletizazio fabrikak, zementu fabrikak, offshore industriak, zentral termoelektriko bat, energia produzitzeko konplexu bat, ibilgailuak mihiztatzeko fabrika bat eta automozioaren industria laguntzaileak kokatuko dira. Inbertsioa 40.000 US$ ingurukoa izango da eta 50.000 enplegu sortuko ditu eskualde hartan.
LLX konpainia ari da portua eraikitzen. Enpresa hori EBX Taldekoa da, zeina meatzeen sektoreko magnate brasildarraren -Eike Batista- jabetzakoa baita. ACCIONA ingeniaritza enpresak ere kanpoko dikeen eraikuntza lanetan parte hartu du. Esportazioak eta inportazioak kontuan hartuta, urtean guztira 350 milioi tonako bolumena mugitu beharko du portuak; hala, munduko hiru porturik handienetako bat izango da.
Ingeniaritza arloko azpiegitura-lan mugarri horrek beste mugarri bat ezarriko du arkitektura sektorean, “hiri satelite” bat eraikiko baita. 270 biztanlerentzako hiri hori 20 urteko proiektu bat da, São João da Barran (RJ) eraikiko dena, Super Portutik 10 kilometrora.