Brasilek jakin nahi du nola kudeatzen diren Euskadin teknologi parkeak eta sare elektriko adimendunak
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren bidez, hitzarmen bat sinatuko du aste honetan, Brasil hegoaldeko Parana Estatuko Zientzia, Teknologia eta Goi-mailako Irakaskuntzako Estatu idazkariak Euskadira egingo duen bisitaren markoan. Gaurtik hasi eta ostiralera arte, Brasileko ordezkaritzak lehen eskutik ezagutuko ditu Euskadiko teknologi parkeek eta sare elektriko adimendunek izan duten garapena.
Eusko Jaurlaritza, 02/05/2012
Eusko Jaurlaritzak teknologi parkeen kudeaketan eta sare elektriko adimendunen (smart grids) garapenean lortu duen ospeak Brasileko Parana Estatuaren interesa piztu du, eta horri esker, Euskadik bere “egiten jakitea” esportatuko du Latinoamerikako herrialde guztiak biltzen dituen Mercosur-eko (Mercado Común del Sur) eskualde estrategiko horretara. Parana Brasileko elektrizitate sorkuntzan eta garapen teknologikoan potentzial handiena duen zonaldeetako bat da. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bidez, hitzarmen bat sinatuko du aste honetan TECPAR Teknologia Institutuarekin, Brasil hegoaldeko Parana Estatuko Zientzia, Teknologia eta Goi-mailako Irakaskuntzako Estatu idazkariak Euskadira egingo duen bisitaren markoan.
Gaurtik hasi eta ostiralera arte, Parana (Brasil) Estatuko ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du. Estatu idazkari den Alipio Santos Leal Nieto, Teknologi Institutuko arduraduna eta eskualdeko smart energy proiektuko arduraduna buru dituen ordezkaritza horrek Euskadiko teknologi parkeen garapena eta sare elektriko adimendunak ezagutuko ditu eta egonaldia aprobetxatuko du lankidetza akordioak ahoz eta formalki zehazteko SPRIren bidez.
Paranako ordezkariek SPRIren, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Bizkaiko Parkeen Sarearen eta Zamudioko Parke Zientifikoaren funtzionamendua eta zerbitzuak ezagutuko dituzte.
Funtsean, teknologi parkeen kudeaketari eta smart grids arloko euskal proiektuari (Bidelek) buruzko lehen eskuko informazioa eskuratuko dute, kudeaketan inplikatutako ordezkari publikoen eta enpresa pribatuen (Iberdrola, Arteche, Ingeteam, ZIV, Ormazabal), zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen (Tecnalia, IK4) azalpenak entzungo baitituzte.
Bidelek
Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.-k eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez sortu zuten BIDELEK SAREAK, sare elektriko adimendunak hedatzeko Bilbon eta Portugaleten. BIDELEKek duela gutxi esleitu ditu proiektua garatzen hasteko lehenengo eskaerak, zeinaren helburua baita hornikuntza intzidentziak murriztea eta kontsumitzaileari aurrezteko aukera ematea, gainera, kontsumitzaileak denbora errealean ezagutu ahalko ditu kontsumoari buruzko datuak.
2010eko abenduaren 22an formalizatu zen Iberdrola enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza protokoloa. Protokolo horren bidez konpromisoa hartu zuten argindar sare adimendunak diseinatu eta ezartzeko Bilbo eta Portugalete hiriguneetan. Aurrerago, 2011ko otsailean, Patxi Lopez Lehendakariak eta Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak beste ekitaldi bat zuzendu zuten, non Iberdrolako bazkideen eta EEEren arteko akordioa sinatu baitzen BIDELEK SAREAK eratzeko. Erakunde horrek egingo ditu sare elektriko adimendunak ezartzeko egin beharreko inbertsioak.
BIDELEK proiektuak 60 milioi euroko inbertsio bateratua eskatzen du datozen 3 urteetan eta Bilbon eta Portugaleten garatuko da. Ia 1.100 eraldaketa zentro egokitu beharko dira (abangoardiako ekipo elektronikoak ezarriko dituzte) eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berritu beharko dira.
Bestalde, landa-gunerako automatizazio plan aurreratu bat abiaraziko da Lea-Artibai eskualdean, eta horretarako, bertako azpi-estazioak berrituko dira.
Sare elektriko bat sare adimendun bihurtzeko, teknologia digitalak eta komunikazio sistema aurreratuenak gehitu behar zaizkie lehendik zeuzkan osagaiei (kontagailuak, eraldaketa zentroak, azpi-estazio elektrikoak). Horrela, sareko kontsumoari, kargei eta intzidentziei buruzko informazio zehatza lortu daiteke denbora errealean.
Paraná eta Mercosur
Brasileko 26 Estatuetako bat da Parana. 200.000 km2 inguru ditu (Espainiaren erdia baino gutxiago) eta 10 milioi biztanle.
Herrialdearen hegoaldean dago, eta Argentina eta Paraguai ditu mugakide. Geografikoki Hegoaldeko Merkatu Komunaren, hots, Mercosur-en erdian dago.
Hegoaldeko Merkatu Komuna (Mercosur) Argentinak, Brasilek eta Paraguaik osatutako azpi-eskualdea da eta hemendik gutxira batuko zaizkio Uruguai eta Venezuela ere. Bolivia, Txile, Kolonbia, Peru eta Ekuador Mercosur-eko herrialde bazkideak dira eta Mexiko berriz behatzailea.