BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa 2009ko kultur eraikinik onena ArchDaily arkitekturari buruzko web-gunean
BTEK, Teknologiaren Interpetazio Zentroa 2009ko Kultur Eraikinik Onena aukeratu dute ArchDaily, munduan bisita gehien jasotzen dituen arkitekturari buruzko web-gunean. Duela bi urte arkitekturari buruzko informazioa eskeintzeko sortutako web-gune honek, urte hasieran jarri zuen martxan 2009ko munduko eraikinik onenak aukeratzeko lehiaketa kategoria desberdinetan: kultura, erlijioa, hezkuntza eta kirola besteak beste. Bozketa Facebook eta Twitter sare sozialen bidez egin da soilik eta Kultur Eraikinen kategorian BTEKek jaso du boturik gehien.
Bizkaiko Parke Teknologikoan kokatutako BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa datozen hilabeteotan inauguratuko da. Eta inauguratu aurretik, dagoeneko hiru errekonozimendu jaso ditu: bata ArchDailyk antolatutako hau; bigarrena, Sao Pauloko Nazioarteko Arkitektura bienalean jaso zuen Ohorezko Aipamena. Eta hirugarrena, jakin berri denez, Ohorezko Aipamena AR Awards 2009, Britania Handiko The Architectural Review aldizkari ospetsuak antolatutako lehiaketan.
BTEK eraikina ACXTko Gonzalo Carro arkitektuaren lana da; eraikina paisaiaren erreferente bezala ulertu zuen, kanpoaldean banatuta baina lur-azpian lotuta dauden bi piramideren bidez. Bizkaiko Teknologia Parkeko Astondo bidean dago kokatuta.
Zientzia eta Teknologia gizarteratzea helburu nagusi duen BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa eratzeko lehen urratsak 2005.urtean eman zituen Bizkaiko Teknologia Parkeak, proiektuaren oinarriak finkatuz eta aurreproiektua eginez. 2009. urtean amaitu zen eraikuntza eta une honetan zentroko arlo museografikoa bukatzen ari da, moduloen ekoizpenarekin.