Buys Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestraren musikariz osatzen den boskoteak Beethoven, Mozart eta Buysen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, urriak 28, 11:00etan, Euskadiko Parke Tekologikokoa Donostia Canpusan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Larunbat honetan, urriak 2811:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hirugarren hitzordua izango da. Bertan, Buys Ensemble‘Flautaren aurpegi ezberdinak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako bost kidek osatzen dute: Kamran Omarli (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Justina Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Helene Billard-Alirol (flauta).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

Boskoteak flauta instrumentu protagonista gisa duten ganbera-lanak aukeratu ditu kontzertu honetarako; Mozart eta Beethoven konpositore ospetsuen lanak, baina baita ezezagunagoak diren beste batzuenak ere, Buys kasu.

Kontzertua Ludwig Van Beethovenen Serenatarekin hasiko da, 1801ean sortua, une horretan hasiberria zen G. Cappi editoreari negozio batzuk lortzen laguntzeko. Beethovenek oso musika original gutxi konposatu zuen espresuki flautarentzat, eta serenata hau, flauta eta biolin banarako idatzia, salbuespen bakanetakoa izan zen. Soprano-instrumentuen enfasi horrek biola baxu-paperean uzten du, eta horrek izaera eguzkitsu eta erlaxatua ematen dio serenatari.

Bigarrenik, Wolfgang Amadeus Mozarten Flautarako kuartetoa K.285 entzungo da. 1777 eta 1778 artean konposatutako lan hau Ferdinand de Jean flautista afizionatuarentzat idatzitako hiru kuartetoetako lehena da.

Matinéea amaitzeko, kontzertuko  obrarik ezezagunena aukeratu du taldeak: Jan Brandts Buysen Flautarako kintetoa, askotan Gabonetako kinteto bezala aipatzen dena. 1903an idatzitako lan honek Berlioz eta Schuberten mundu Erromantikoa dakar gogora, eta mugimendu bakoitzak —lau guztira— Gabonekin lotutako izenburu bat du, Bibliatik ateratakoa.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk