Ceit tren sistemaren mantentze-kostuak murriztuko dituen proiektu batean parte hartzen ari da

Albisteak, Gipuzkoa

Gipuzkoako teknologia-zentroa Railfiller proiektuko kidea da FGCrekin (Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya) eta Tria ingenieríarekin batera

Europako tren-sistema (trenak eta trenbideak) mantentzeak urtean 10.000 M € baino gehiagoko kostua du. Mantentzea kudeatzeko garaian, soluzio gehienen oinarria egunean behin (gurpilen kasuan) edo hainbat hilabetez behin (gurpilaren profila edo erraila) egiaztatzen diren ikuskapen-puntuak izaten dira. Horrez gain, nabarmendu beharrekoa da mantentze-kostu handienak errailaren arazoek sortutako bideko konponketek eragindakoak izaten direla. Horrekin lotuta, tren-azpiegitura mantentzearekin lotutako kostu handienetako bat izaten da erraila ordezkatzea.

Osagaien baldintzen inguruko ezagutza oinarri duen mantentze-politika egokiaren bidez lor daitekeen aurrezkia, aurreikuspenen arabera, mantentze-kostu guztien % 30 eta % 85 artekoa izan daiteke.

Hain zuzen ere, Ceit FGCrekin eta Tria Ingenieríarekin batera partaide den Railfiller proiektuaren helburua da fabrikazio gehigarriaren bidez treneko azpiegituraren osagai metalikoak in situ konpondu ahal izateko sistema garatzea. Horrekin batera, proiektuaren xedea da egungo mantentze-metodoak eta ingurumen-inpaktua gutxitzea trenen garraioaren jasangarritasuna lortzen lagundu ahal izateko.

Konponketa egiteko garaian materiala konpondu beharreko eremura garraiatzea izaten da proiektuaren erronka nagusietako bat . Hori dela eta, proiektuak material egokiena bilatu eta prozesua optimizatuko du fabrikazio gehigarria oinarri duen LMD (Laser Metal Deposition) teknologia bidez lortzeko.

Proiektuak 30 hilabeteko iraupena izango du eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Lankidetzako Erronkak programaren baitan sartu behar da. Bere guztizko aurrekontua milioi erdi euro baino gehiagokoa da.

Partekatu

Beste berri batzuk