CIC energiGUNE aurrera doa egungo ion-litio eredua gaindituko duen litiozko metalezko bateriaren gelaxken teknologia berriaren garapenean

Araba

Ikerketa Europako ADVAGEN proiektuaren barruan dago. Proiektu horren bidez, berariaz mugikortasun elektrikorako diren egoera solidoko Next Generation bateriak fabrikatzeko ateak ireki nahi dira

ADVAGEN partzuergoak, AVESTA-ABEE baterien fabrikatzailea buru dela, sektorean funtsezkoak diren EBko 14 eragile biltzen ditu, material industrialen ekoizleak, I+G zentroak eta automobilaren industria

CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, litiozko metalezko bateriaren gelaxken teknologia berria garatzen ari da, egoera solido hibrido berritzaile, seguru, errendimendu handiko eta eskalagarriko elektrolito batean oinarrituta. Ikerketa hori Europako ADVAGEN proiektuaren parte da. Bertan euskal zentroak hartzen du parte bateriaren sektoreko funtsezko 13 eragilerekin batera.

“Europak lehiarako abantaila bat behar du, mugikortasun elektrikoaren aldeko lasterketan Asiako lehiari aurre egiteko, eta proiektu honek itxaropen onak eskaintzen ditu helburu horri dagokionez”, ziurtatu du Jokin Rikarte CIC energiGUNEk proiektuan duen ikertzaile nagusiak. Grazia Accardo CIC energiGUNEko proiektuaren arduradunak azpimarratu duenez, “ADVAGENen bidez egoera solidoko bateriek dentsitate energetiko eta errendimendu handiagoa eta segurtasun gehiago eskaintzea, eta litiozko bateria arruntek baino kostu txikiagoa izatea lortuko dugu”.

Litiozko metalezko gelaxken teknologia berria (LiM) hiru fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, egoera solidoko elektrolito hibridoak garatuko dira (oxidoa eta sulfuroa), beharrezko eroankortasuna lortzeko. Nikel ugariko katodoak, metalezko litiozko anodoak eta interfaseak optimizatzeko babes-geruzak ere garatuko dira.

Bigarrenik, gelaxka txikien (gehienez 1 Ah) eta handien (10 Ah) prototipoa sortuko da “pouch” formatuan, materialen eskalagarritasuna ebaluatzeko. Eta, azkenik, bateria-gelaxken errendimendua, segurtasuna eta zahartzea ebaluatuko dira.

Horrela, errendimendu handiko bateriak, kostu txikikoak eta seguruak garatuz, ADVAGEN funtsezko proposamen gisa eratuko da bateria-gelaxken ekoizpenean Europako lehiakortasuna berrezartzeko, eta, era berean, EB sendotu egingo da jasangarritasun-osagai argia duten baterien fabrikazioko eta teknologiako lider gisa.

ADVAGEN partzuergoa bateriak fabrikatzen dituen AVESTA ABEE enpresak gidatzen du, eta, CIC energiGUNEz gain, I+G-BRTA Euskal Aliantzako beste kide batek ere hartzen du parte (Ikerlan). Oro har, parte hartzen duten hamalau erakundeek ezagutza- eta balio-kate osoa barne hartzen dute; izan ere, material industrialen ekoizleak (Ceramic Powder Technology-Norway), aholkularitza-enpresa espezializatuak (Euroquality-France, Techconcepts-Herbehereak), bateria-fabrikatzaileak (AVESTA-ABEE), I+G zentroak (CIC energiGUNE, Ikerlan, CEA-Commissariat a L’energie Atomique Et Aux Energies Alternative, IREC-Catalunya, Braunschweigeko Unibertsitate Teknikoa, Torinoko Politeknikoa, Portugalgo INEGI, Ljubljanako Unibertsitatea) eta industria automotrizea (Toyota Motor Europe, FEV) daude bertan.

CIC energiGUNEk ADVAGENen egiten duen lana laborategiko eskalako gelaxketarako proba-protokoloak definitzen laguntzea, material funtzionalen garapena eta interfazearen optimizazioa koordinatzea, “pouch” gelaxkak diseinatzea eta muntatzea, eta gelaxken jokabide elektrokimikoa ebaluatzea da.

Partekatu

Beste berri batzuk