CIC energiGUNE da azkar eta eraginkortasun handienarekin kargatzen diren ion-sodio kondentsadore jasangarriak garatzeko MUSIC proiektu europarraren buru
Euskal zentroak Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan egin da proiektua abiarazteko bilera. Potentzia- eta ziklabilitate-prestazio handiagoarekin potentzia-baterien antzeko dentsitate energetikoa lortuko duten ion-sodio gelaxken teknologia berria bultzatzeko proiektuan 12 bazkidek eta erakunde afiliatu batek hartzen dute parte
CIC energiGUNEk, MUSICen koordinazio-lanak bere gain hartzeaz gain, materialen garapenean eta prototipoetan duen ezagutza emango du, proiektuak ion-sodio gelaxka jasangarriak fabrikatzeko atea ireki dezan
CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide den euskal ikerketa-zentroak, Europako MUSIC proiektua abiarazteko topaketa hartu du Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan. Proiektu horren helburua ion-sodio teknologian oinarritutako prestazio handiko biltegiratze elektrokimikoko sistemak egitea da. Topaketa atzo hasi zen eta gaur amaitu da, eta Gasteizen 12 bazkideen ordezkariak bildu dira, besteak beste, Karlsruher Institut Fuer Technologie (KIT), Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) eta BCARE.
“Proiektu honek energia elektrokimikoaren biltegiratzearen arloko behar espezifiko bati erantzun nahi dio”, ziurtatu du Jon Ajuria MUSIC proiekturako CIC energiGUNEko ikertzaile nagusiak. “Ion-sodio arloan teknologia berri bati atea irekiko diogu, gailu horien dentsitate energetikoa potentzia-baterien dentsitate energetikoaren antzekoa izan dadin, baina kargatzeko oso denbora laburrarekin –segundo gutxi batzuk–, eta oso eraginkortasun-galera txikiarekin”, adierazi du.
MUSIC proiektuak, gainera, oso irizpide zorrotzak barneratzen ditu jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren arloan. Horrela, ion-sodio teknologiaren garapenean, kaltegarriak izan daitezkeen substantziak erabiltzea saihestuko da, eta elektrodo aurreratu berriak baino ez dira sortuko, material karbonazeoetan eta izaera biopolimerikoko aglutinatzaileetan oinarrituta, diseinuan jasangarriak diren elektrolito berdeekin batera.
Era berean, partzuergoak fabrikazio-prozesu berriak eta balio industrialeko kateak garatuko ditu, beste bateria-teknologia batzuekiko, adibidez solidoko teknologiekiko, zeharkakoa izango den aurresodiazio-ikuspegi berria garatuz. Horrela, teknologiaren industrializazioa erraztuko duen kostu txikiko soluziorako sarbidea ahalbidetuko da.
Proiektuaren koordinatzailea izateaz gain, CIC energiGUNEk ekarpen garrantzitsua egingo du proiektua gauzatzeko, materialak garatzeko eta gelaxken prototipoak egiteko orduan duen ezagutza zabalarekin. Izan ere, euskal zentroa esparru horietan erreferentziazko eragileetako bat dela aitortu du EBk berriro. “Proiektuaren jatorrian bertan dagoen gure aurkezpen-gutuna teknologia elektroniko horren prototipoak eskalatzeko eta egiteko aukera da”, gogorarazi du María Arnaiz CIC energiGUNEko ikertzaile eta MUSIC proiektuko kideak.
Testuinguru horretan, euskal zentroak berebiziko garrantzia izango du material aktiboen sintesia eta karakterizazioa garatzeko orduan, sodio ioien kondentsadore hibridoetan elektrodo gisa erabiltzeko propietate optimizatuak dituzten eta ‘ad-hoc’ diseinatuta dauden ikatz berrien bitartez.
MUSICek 48 hilabeteko gauzatze-epea du eta erakunde hauek dira bere partzuergoa osatzen dutenak: CIC energiGUNE, Clancy Haussler Rita, Karlsruher Institut Fuer Technologie, Centre National de la Recherche Scientifique, Nantes Universite, Universite Paul Sabatier Toulouse III, Friedrich-Schiller-Universitat Jena, Institut de Recherche Technologique Jules Verne, E-Lyte Innovations Gmbh, Beyonder As, BCARE eta Patentes Talgo.