CIC energiGUNEk Batteries Europe eta Battery 2030+-en giltzarri izango diren eta Europako bateriaren balio-katea zehaztuko duten bi “ibilbide-orrien” sorkuntzan hartzen du parte
Kontinente mailako baterien erreferentziazko bi erakunde nagusiek bultzatutako eta argitaratutako dokumentuak ezinbestekoak izango dira Horizonte Europa 2025-2027 programako Ikerketa Estrategikoko eta Berrikuntzako Agendari forma emateko
Euskal zentroak modu aktiboan hartu du parte bi “ibilbide-orri” horiek egin dituzten lantaldeetan, eta kontinente mailako biltegiratze-estrategien diseinuan duen erreferentzia-posizioa indartu du
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, modu aktiboan eta nabarmenean hartu du parte Batteries Europe eta Battery 2030+-en “ibilbide-orrien” sorkuntzan. Etorkizuneko baterien garapenean Europaren lidergoa sustatzeko EB gauzatzen ari den ekimen nagusiak dira. Bi dokumentu horiek batera eman dira ezagutzera aste honetan Bruselan, eta “Europan baterien balio-kate lehiakorra sortzeko promesa betetzeko Europako baterien sektorearen funtsezko tresnatzat hartzen dira”.
“Bi erakunde horien ibilbide-orriak sortzeko prozesuan parte hartzeak biltegiratze-estrategien abangoardian egotea bermatzen digu, Europako teknologiarentzat une erabakigarria den honetan”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Hemendik, gure taldearen lana eta ekarpena eskertu nahi dut, Europak eskatzen duen mailan dagoela erakutsi duelako”, ziurtatu du.
Zehazki, Batteries Europe-ren roadmap horretan honako hauek agertzen dira egilekide gisa, CIC energiGUNEren aldetik: Montse Casas-Cabanas, biltegiratze elektrokimikoaren arloko koordinatzaile zientifikoa, Estibaliz Crespo, I+G+B proiektuen koordinatzailea, eta Javier Olarte, Teknologia Transferentziako zuzendaria, bai eta Nestor Antuñano, Jokin Rikarte, Eduardo Sánchez, Jon Ajuria eta Nagore Ortiz ikertzaileak eta Andrea Casas, iraunkortasunean aditua. Gainera, lantaldeetan parte hartu dute Roberto Pacios, Javier Carrasco, Emilie Bekaert eta Montse Galceránek. Battery 2030+ ren roadmap izenekoari dagokionez, egilekide gisa agertzen dira Montse Casas-Cabanas, Javier Carrasco, Marine Reynaud eta Estibaliz Crespo.
Batteries Europe-ren I+Gko Ibilbide-orriak baterien balio-kate osoaren garapenarekin zerikusia izanda indarrean dauden planen eta baldintzen ikuspegi zehatza eta identifikatutako ikerketa-arlo nagusien ikuspegi orokorra ematen du, xehetasunez aztertzeko. Dokumentuak, baterien ekosistemaren barruan Europar Batasunak dituen funtsezko ekimenak jasotzen ditu, eta, aldi berean, helburu estrategikoak zehazten ditu. Halaber, bateriekin erlazionatutako arloetan ikerketa eta garapena sustatzeko hezkuntza eta gaitasunen garapena bultzatzeko premia azpimarratzen du.
Battery 2030+-ren Ibilbide Orria, berriz, epe luzerako ikerketaren jarraibideetan oinarritzen da. Horrela, mundu errealean aplikazioetarako baterien teknologia iraultzeko ikerketa-ekintzak taxutzen dira, bateria-gelaxken fabrikazioa ahalbidetzeko Europak egindako ahaleginaren barruan. Era berean, Europako Batzordearen SET Planean finkatutako errendimendu-helburuak gainditzeko gai den ikuspegia planteatzen du, eta bateriei buruzko munduko ikerketaren helburuak integratzeaz gain, sei Battery 2030+ proiektuek izandako aurrerapenen arabera eguneratzen ditu. Ibilbide-orria, bere sei ikerketa-eremuekin, Europako Itun Berdearen barruan energia biltegiratzeko helburuak lortzeko oinarria da.
Bi dokumentu horiek, BATT4EU Elkartearen oinarri den eta urte honen amaieran argitaratuko den Ikerketa eta Berrikuntzako Agenda Estrategikoaren (SRIA) oinarri izango dira. Agenda horrek Europarentzat garrantzi estrategikoa duten eta Horizonte Europa programaren barruan finantzaketa merezi duten ikerketa-gaiak izango ditu ardatz, eta, beraz, funtsezkoa izango da etorkizuneko bateriaren garapenean inplikatutako eragile guztien jarduerarako.