CIC energiGUNEk egoera solidoko baterien segurtasuna, fidagarritasuna eta errendimendua hobetzeko aurrerapen garrantzitsuekin amaitu du SAFELiMOVE proiektua

Albisteak, Araba

CIC energiGUNE buru den eta Europar Batasunak Horizonte Europa programaren bidez finantzatzen duen SAFELiMOVE proiektuak amaitu du bere jarduera, aurrerapenak lortuz egoera solidoko baterien teknologian, materialen eta diseinuaren mailan, bai eta energia-dentsitateei eta eskalabilitateari dagokienez ere, gailu eraginkorragoak eta jasangarriagoak fabrikatzeko atea irekiz, ibilgailu elektrikoan eragin berezia izanik

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, amaitutzat eman du 2020ko urtarrilean abian jarri zen eta egoera solidoko baterien esparruan aurrerapen garrantzitsuak lortu dituen Europako SAFELiMOVE proiektua. Aurrerapen horiek erabakigarriak izango dira gailu eraginkorragoak eta jasangarriagoak fabrikatzeko eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko.

“SAFELiMOVEn izandako lorpenak funtsezkoak dira energia berriztagarriei eta ibilgailu elektrikoei dagokienez egoera solidoko baterien teknologia ezartzeko, eta horrek nabarmen lagunduko du klima-aldaketa arintzeko ahaleginetan” adierazi du Maria Martínez-Ibañez CIC energiGUNEko proiektuaren Ikertzaile Nagusiak

Zehazki, 48 hilabete hauetan euskal zentroa buru izan den partzuergoak –Europako 14 bazkidek eta Kanadako batek parte hartu dute– egindako lana erabakigarria izan da funtsezko hiru alderditan aurrera egiteko: material aurreratuen garapenean; interfazeen analisian eta optimizazioan; eta egoera solidoko teknologia hainbat prototipotara eskalatzean.

Horrela, María Martínez-Ibáñezek nabarmentzen duen bezala, “proiektuaren garapenean zehar aurre egindako erronkei eta arazoei esker teknologia horren etorkizuneko norabidea zein izan beharko litzatekeen diseinatu ahal izan dugu, eta, beraz, funtsezko urratsa eman da etorkizunean Europan egoera solidoko bateria-teknologia lehiakorra sortzeko.

Izan ere, proiektuaren ondorioetan jasotzen denez, egindako lanei esker lortutako energia-dentsitate grabimetrikoaren (350 Wh/kg) eta bolumetrikoaren (680 Wh/L) balioak oso nabarmenak izan dira, kasu batzuetan litiozko ioien bateria batzuen artearen egoera gaindituz. Egoera solidoko baterien bideragarritasuna maila industrialean frogatzeko oraindik erronka askori aurre egin behar zaien arren, SAFELiMOVEren emaitzek teknologia horrek ibilgailu elektrikoetan eta gailu elektronikoetan erabiltzeko potentziala duela iradokitzen dute.

Horrela SAFELiMOVE proiektuan planteatutako erronka nagusiari erantzuten zaio. Proiektu horrek ibilgailu elektrikoarentzako baterien belaunaldi berria garatzea eskatzen zuen, egoera solidoan zegoen elektrolito bat oinarri hartuta litiozko bateria seguruagoa, fidagarriagoa eta prestazio handikoa sortzeko.

Erronka hori, halaber, bat dator Europar Batasunaren helburu estrategikoekin, ibilgailu elektrikoetarako baterien sektorean erreferentzia gisa posizionatzeko. Izan ere, etorkizunean SAFELiMOVEren teknologiaren garapenak eta optimizazioak abantaila lehiakorrak ekar diezazkioke bateriaren Europako ekosistemari eta hobekuntza nabarmenak elektromugikortasun kontinentalean, hala nola, gidatzeko autonomia 300 kilometro gehiago handitzea karga bakarrarekin; kargatzeko denbora murriztea; segurtasuna handitzea sukoia izan daitekeen elektrolito likidoa baztertzean; eta bateriaren kostua % 50 murriztea, eraginkortasun handiko materialak eta prozesuak erabiltzeari esker.

Partekatu

Beste berri batzuk