CIC energiGUNEk erredox fluxuko bateria organikoaren prototipoa instalatzea ahalbidetu duen HIGREEW proiektuaren amaierako mintegia antolatu du Gasteizen

Araba

Europako HIGREEW proiektuaren barruan, energiaren biltegiratzean erreferentziazkoa den euskal zentroak, laborategiko material organikoak Zaragozako Siemens Gamesaren instalazioetan instalatu den prototipora eramatea lortu duten eragile industrialak eta materialen eta baterien garatzaileak bildu zituen maiatzaren 16an eta 17an

Gasteizen bildutako adituek, energia berriztagarria biltegiratuz erredox fluxuaren teknologiak ekonomiaren deskarbonizazioari egiten dion ekarpena ere aztertu zuten

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Europako HIGREEW proiektuaren bigarren eta azken mintegia egin zuen maiatzaren 16an eta 17an, Gasteizen. Euskal zentroa da proiektu horren buru, eta, hiru urteko ikerketaren ondoren, bere proposamenaren bideragarritasun teknikoa erakutsi du. Redox fluxuko bateria organikoaren prototipo baten fabrikazioak eta instalazioak bermatu du hori. 70 parte-hartzaile baino gehiagok, EBko 10 herrialde ezberdinetakoak, hartu dute parte topaketa honetan. Tailerrean parte hartzeaz gain, Redox fluxu-baterien etorkizuna ere aztertu dute bertaratuek.

“Proiektuaren garapeneko hiru urteetan, HIGREEW partzuergoak laborategiko material organikoak bateriaren prototipora eramatea lortu du, eta, beraz, uste dugu iritsi dela hurrengo urratsa emateko garaia: teknologia merkatura eramatea”, ziurtatu du Raque Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. Izan ere, redox bateriaren prototipoa martxoan instalatu zen Zaragozako Siemens Gamesaren egoitzan, maiatz honetan HIGREEW proiektua amaitzean martxan jartzeko.

Testuinguru horretan, eta “Fluxuko bateriak, teknologia merkatura hurbilduz” izenburupean, mintegiak erredox baterien erabileraren kasuak erakutsi zituen, energiaren toki finkoko biltegiratzearen arloko industria-eragile garrantzitsuenen eta materialen eta baterien garatzaileen eskutik. Era berean, merkatu-joera berrietara iristeko aukera eman zuen, baterien funtsezko osagaien ikuspegi zientifikoa emateaz gain, eta ikuspegi politikotik baterien erregulazio berriari buruzko ideiak ere zehaztu ziren.

Gainera, industriaren behar eta joerei dagokienez jarraitu beharreko bidea zehazteko balioko du bilerak, baita redox fluxuaren teknologiak ekonomiaren deskarbonizazioari egin diezaiokeen ekarpenari dagokionez ere, energia berriztagarria biltegiratzea errazteko duen gaitasunari esker.

HIGREEWren helburuak

CIC energiGUNE buru duen Europako HIGREEW proiektuaren helburua kostu baxuko oinarri urtsuko elektrolito organiko berri bat garatzea da, bateria jasangarriagoak, lehiakorragoak, eskuragarriagoak eta prestazio handiagokoak lortzeko, gaur egun gehien erabiltzen diren materialak ordezteko, Europan lortzeko zaila izateaz gain toxikoa ere baden -bereziki banadioa, gaur egun gehien erabiltzen den materiala-. Ildo horretan, erredox fluxuko bateria mota horiek alternatiba egingarri gisa aurkezten dira; izan ere, banadio-bateriek ez bezala, sarbide erraza eta ugaria duten elementuetan oinarritzen dira, eta, gainera, ingurumen arloko inpaktu txikia dute.

Nabarmentzekoak dira proiektuak materialen garapenean lortu dituen mugarriak, hala nola konposatu organiko berriak, 1.3-1.5V tentsio handiko bateriak eta mintz selektiboagoak ahalbidetzen dituztenak, kostu txikiko prozesatuengatik nabarmentzen direnak, eta horrek esan nahi du % 10etik gorako potentzia handitzea eta iraunkortasun handiagoko eta kostu txikiagoko sistemak.

Hainbat material-belaunaldiren garapenari esker, materialen lehen belaunaldiak 5kW-eko prototipo batean integratzea lortu da, materialen azken belaunaldien prozesaketan eta eskalatzean lanean jarraitzen den bitartean. Diseinuari dagokionez, gelaxken eta stacken diseinu berriak sortu dira, eta, batez ere, kimika alternatibo batean oinarritutako prototipo erabat funtzionala eraiki da. Prototipo horrek elektrolito berrietara egokitutako sistemaren kontrol bat du, eta horri esker, bateriaren eragiketaren eraginkortasuna handituko da, gaur egun ingurune erreal batean probatzen ari garen bezala.

CIC energiGUNE buru duen HIGREEW partzuergoa materialetan, biltegiratze-sistemetan eta energia berriztagarrietan erreferenteak diren 10 erakundek osatzen dute: Gamesa Electric, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Centre National de la Recherche Scientifique, C-Tech Innovation Ltd, University of West Bohemia New Technologies – Research Centre, Pinflow Energy Storage, Uniresearch, Siemens Gamesa Renewable Energy Innovation and Technology eta Fraunhofer Institute for Chemical Technology.

Proiektuaren emaitza osagarri gisa, CIC energiGUNE material organikoetan soilik oinarritutako elektrolitoen belaunaldi berri bat garatzen hasi da. Horri esker, prestazioetan lehiatu ahal izango da banadiozko elektrolitoarekin (>1.25V), eta, aldi berean, elektrolitoaren kostuak murriztu (< 50 €/ kWh), gaur egun sistema horien kostu nagusia baita (>150 €/ kWh).

Partekatu

Beste berri batzuk