CIC energiGUNEk eta EHU/UPVk MESC+ Erasmus Mundus masterra ekarriko dute Euskadira, energiaren biltegiratzean prestatzeko nazioarteko erreferentzia
Montse Casas-Cabanas doktorea, CIC energiGUNEko energia elektrokimikoaren biltegiratze arloko Koordinatzaile Zientifikoa, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ion Agirre doktorea izango dira bi zentroetako irakasle taldea koordinatzearen arduradunak
CIC energiGUNEk hainbat urte daramatza masterrarekin lankidetzan, praktikak egin behar dituzten zenbait ikasle jasoz, eta Euskal Herriko Unibertsitateaz gain, beste sei unibertsitateren eta ikerketa arloko Europako beste lau erakunde garrantzitsuren partaidetza du
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, zabaldu egingo du ikasturte honetatik aurrera Energia Biltegiratzeko eta Bihurtzeko Materialen MESC+ Erasmus Mundus masterrarekin, nazioarte mailan arlo horretan ospe eta aintzatespen handiena duenetako batekin, duen harremana eta lankidetza. MESC+ masterreko ikasleek urteak daramatzate euren praktikak euskal zentroan egiten, eta ikasturte honetatik aurrera masterreko prestakuntza ere emango du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU/UPV) lankidetzan.
“Master hau Euskadira ekartzea mugarria da gure ekosistema akademikorako eta ikertzailerako, eta gure erakundeak erronka honi aurre egiteko mailan daudela erakusten du”, adierazi du Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko zuzendariak. “Ahalegin handia eta etengabea egin da denboran zehar MESC+ Euskadin egotea lortzeko, eta hori lortu izanak sendotu egiten du energiaren biltegiratzearekin zerikusia duen guztian erreferentziazko polo gisa betetzen dugun lekua”.
Klase teorikoak Bilboko Ingeniaritza Eskolaren instalazioetan emango dira, eta gaur goizean bertan egin da masterraren edizio berriaren aurkezpena. Bertan, ikasleei ikastaroaren edukia eta EHU/UPVko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Sailaren eta CIC EnergiGUNEren funtzionamendua azaldu zaizkie. Klaseak 2020. urte honetan hasiko diren arren, CIC energiGUNEren eta MESC+ zentroaren arteko lankidetza duela urte batzuk hasi zen. Izan ere, zentroak masterreko hainbat ikasle hartu ditu euren praktika aldian, eta horietako batzuek euren Doktoretza zentroak Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan egitea erabaki dute.
Ikastaroaren lehen edizioa 2004an egin zen. Bi urte irauten ditu, eta lau seihilekotan banatuta dago; horietatik hirugarrena Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin daiteke. CIC energiGUNEri dagokionez, irakasle-taldearen arduraduna Montse Casas-Cabanas doktorea izango da, energia elektrokimikoaren biltegiratze arloko koordinatzaile zientifikoa. Gainera, ikerketa zentroak hainbat klase praktiko hartuko ditu, lehen mailako instalazioak ikasleen eskura jarriz. Bestalde, EHU/UPVko irakasleen koordinatzailea Ion Agirre Arisketa izango da, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen saileko irakasle elkartua.
CIC energiGUNE eta EHU/UPVz gain, masterrean parte hartuko duten erakundeen taldea Europako lau unibertsitatek, (Frantziako Jules Verne Picardie Unibertsitatea, koordinatzailea Christian Masquelier irakaslea; Esloveniako Ljubljana Unibertsitatea; Frantziako Tolouseko Paul Sabatier Unibertsitatea; eta Poloniako Varsoviako Teknologia Unibertsitatea), Estatu Batuetako unibertsitate batek (Drexel, Pensilvania), Australiako unibertsitate batek (Deakin), Europa mailako ALISTORE ikerketa institutuak, energia biltegiratzeko Frantziako RS2E sareak eta Esloveniako Kimikako Institutu Nazionalak osatzen dute
MESC+ Erasmus Mundus Masterra kualifikazio maila altuko prestakuntza programa nagusietako gisa finkatu da, ikatzik gabeko ekonomiaren behar eta erronka berriei begira. Ildo horretan, energia biltegiratzea eta bihurtzea funtsezko kontzeptuak dira berotze globalaren eta energia segurtasunaren erronkei heltzeko.
Masterraren tesia unibertsitate eta enpresa elkartuetako 30 laborategitan egin daiteke. Enpresen artean BOSCH, UMICORE, RENAULT, TOTAL, SOLVAY, SAFT, EDF eta SOLVIONIC daude. Enpresa horiek ingeniaritzako eta ikerketako profesional kualifikatuak behar dituzte, errendimendu ultra-altuko eta bizitza erabilgarri luzeko bateria iraunkorrak garatzeko. Ildo horretatik, ikastaroak ateak irekitzen dizkio arlo horretan lan egiten duten eta garapenaren alde egiten duten enpresetan lan egiteko aukerari.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energia biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas.
Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 600 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 40 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.