CIC energiGUNEk Europako adituak elkartu ditu, hurrengo bateria belaunaldiaren fabrikazio teknologien ibilbide orria definitzeko
13 erakundek, horien artean energiaren bilketarako materialetan espezializatutako zentroak, osatzen duten Europa mailako IMAGE proiektu europarraren esparruan, Arabako Teknologia Parkeak, baterien fabrikaziorako teknologien balio katea landuko duen tailerra jasoko du ostegun honetan, maiatzaren 9an.
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa guneak, Europa mailako IMAGE proiektuko lehen tailerra antolatu du ostegun honetan, maiatzaren 9an, egoera solidoko baterien fabrikaziorako teknologien ibilbide orria egiteko. Hogei ikerlari inguruk hartuko dute parte.
Tailerra, CIC energiGUNEk Arabako Teknologia Parkean dituen instalazioetan egingo da, eta helburu nagusia egoera solidoko baterien “roadmap” teknologikoaren lehen bertsioa sortzea izango da. Horretarako, bertaratuek sektoreko funtsezko eragileak identifikatuko dituzte, eta baita etorkizuneko ibilgailu elektrikoan eta biltegiratze estazionario sistemetan, etxebizitza eraikinetan edo energia berriztagarrien plantatan, erabili ahal izango liratekeen egoera solidoko baterien fabrikaziorako Europako industria aurrera eramateko gainditu beharko liratekeen erronka zientifikoak eta teknologikoak ere.
Biltegiratze teknologiei buruzko tailer praktikoa jasotzeaz gain –CIC energiGUNE da alderdi horretako liderra IMAGE proiektuaren barruan– Miñaoko instalazioek proiektuaren jarraipen bileraren agertoki ere izango dira. Bertan, Europako 13 erakundek hartzen dute parte, hauek, euskal zentroaz gain: Austriako AVL List GmbH (proiektuaren koordinatzailea), Vrije Universiteit Brussel (Belgika), BMW Group (Alemania), VARTA Microbattery (Alemania), Umicore (Belgika), Arkema (Frantzia), Hydro-Quebec (Kanada), Cidetec (Espainia), RWTH Aachen (Alemania), TU Graz (Austria), VARTA Storage (Alemania) eta MANZ (Italia).
Proiektuko hamahiru bazkideen jarduerei esker, balio kate guztia modu integratuan dago estalita, materialen hornitzailetik hasi, fabrikatzaileetatik eta ekipoen hornitzaileetatik jarraitu eta produktuaren saltzaileetan amaituz. Halaber, bi merkatu segmenturi arreta eskaintzeko gaitasuna dute: automobilgintza eta estazionarioa.
Europa mailako IMAGE proiektua
Europar Batzordeak 2020 Zerumuga programaren bitartez finantzatzen duen IMAGE ikerketa proiektuaren (Europan bateria belaunaldi berria fabrikatzeko ibilbide berritzaileak) helburua, Europan egoera solidoko bateriak fabrikatzeko aukera emango duen teknologia garatzea da, elektrolito likidoan oinarritutako litiozkoak ordezteko.
IMAGE proiektuaren xedea, etorkizunean litiozko baterien Europako industria bultzatzea eta material aurreratuen eta Li-Ion zelden hurrengo belaunaldiaren garapenean eta fabrikazioan eragile motor gisa posizionatzea da. Horrela, IMAGE litioan zentratzen da, anodo gisa, kontzeptu solidoekin konbinatuz eta bere mihiztatzea eta fabrikatzeko aukerak aztertuz. Modu horretan, emaitza gisa lortzen diren zelden diseinuek, prestazio tekniko hobeak eta segurtasunaren kontrol handiagoa izango duten energia dentsitate altuko baterietara aurrera egiteko aukera emango dute.
IMAGE proiektuak aurrera daraman lanak, azken finean, Ibilgailu elektrikoaren baterien (IEB-BEV) eta energiaren biltegiratzearen (BESS) espezifikazioei eta eskakizunei erantzuteko aukera emango du, eta horrek, produkzio industrialera zuzendutako prototipoak lortzea ekarriko du. Izan ere, aurreikuspenen arabera, lan horrek kostu txikiagoak eta 300 Wh/kg-tik gorako energia espezifikoa lortzeko aukera emango du.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen biltegiratzearen ikerketa arloko ekimen estrategikoa da. Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du, eta baita energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiena ere: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, Idom, Solarpack, Mondragon Korporazioa eta Nortegas.
Miñaoko CICek oso emaitza garrantzitsuarekin itxi zuen 2018ko ekitaldia: eragin handiko 500 argitalpen zientifiko baino gehiago, epealdian 35 industria proiektu baino gehiagotan parte hartu izana, eta baita Europa mailako 9tan ere, H2020 esparruaren barruan, Europan 120 milioi euro baino gehiago trakzionatuz.