CIC energiGUNEk prozesu industrialen deskarbonizazioaren epizentro bihurtuko du Gasteiz, TEDS25 goi-bilerarekin

“Thermal Energy Decarbonization Summit 2025 – TEDS25” ekimenak, industriako profesionalak eta kontinente osoko ideia sortzaileak bilduko ditu otsailaren 19an Arabako hiriburuan, azken aurrerapen teknologikoak ezagutarazteko, tenperatura handiko prozesu industrialen deskarbonizazioak dituen oztopoak aztertzeko eta egon daitezkeen alternatibei buruz eztabaidatzeko, hala nola beroaren elektrifikazioari edo hondar-beroaren berreskurapenari buruz
Goi-bilera, Europar Batasunaren LIFE programak finantzatzen duen eta ArcelorMittal, Fivemasa, Enerbasque, Life Cycle Engineering-LCE, SDEA Solutions eta Azterlan erakundeen parte-hartzearekin CIC energiGUNE buru den LIFE HI4S proiektuaren barruan dago. Proiektuaren helburu nagusia Sestaoko ArcelorMittal-en energia aurrezteko aukera ematen duen beroaren eta elektrizitatearen ekoizpen konbinatuko planta berritzaile eta errentagarri bat eraikitzea da
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, ideien sortzaileak, industriako profesionalak eta erakundeetako arduradunak bilduko ditu datorren otsailaren 19an, Euskadiko Parke Teknologikoko Vitoria-Gasteiz campuseko eraikin nagusian, tenperatura handiko prozesu industrialen deskarbonizazioaren erronkari erantzuteko. Interesa duen edozein eragileri irekita –bereziki edozein tamainatako industria-enpresei–, TEDS25 goi-bileran, politiken definiziotik hasi eta negozio-aukera berrietarainoko balio-kate osoa barne hartzen duen lehen mailako adituen panelak hartuko du parte.
Zehazki, hauek izango dira parte-hartzaileak: Marina García Alonso (Europako Batzordea, Klimaren aldeko Ekintza); Cristina Oyón (SPRI Taldea); Raúl García Posada (ASEALEN); Martin Schichtel (KRAFTBLOCK); Andreas Hauer (ZAE Bayern); Egoitz San Miguel Carrancio (CENER); Jozefien Vanbecelaere (European Heat Pump Association); Davide Rizzi (Turboden); Daniel Bielsa (CIC energiGUNE); Julio Casal (SDEA); Miguel Ángel Domínguez (ENERBASQUE); Xabier López de Landeta (Ategi); Iñigo Ezquerra eta Francisco Javier Lago (ArcelorMittal).
“Garrantzitsua da azpimarratzea konbentzio horrek osagai industrial handia duela, eta, horregatik, deia egin nahi genieke industria arloko enpresei, edozein tamainatakoak direla ere, hurbildu eta prozesu industrialen deskarbonizazioan, batez ere tenperatura ertain eta altuetan, aurrera egiteko dauden aukerak ezagutu ditzaten”, adierazi du Beatriz Corral CIC energiGUNEko Merkatu eta Bezeroen arduradunak. Jardunaldira joatea doakoa da, aldez aurretik izena emanda.
TEDS25 programaren barruan sartzen dira lehen mailako aurkezpenak, mahai-inguruak, poster saioa eta bisita bikoitza: lehenik eta behin, CIC energiGUNEk Euskadiko Parke Teknologikoan dituen instalazioetara, eta, bigarrenik, Sestaoko ArcelorMittal-en instalatuta dagoen LIFE HI4S proiektuaren erakuslera. Lehen aldiz, beroa zuzenean berreskuratzeko sistema bidez beroaren eta elektrizitatearen ekoizpena konbinatzen dituen instalazio pilotu berritzaile bat jarri da martxan altzairutegi batean. Horrelakoetan bakarra den instalazio horrek, tenperatura altuko eta ke hauts askoko giro zailetan energia kontsumoa nabarmen murriztea ahalbidetzen du, arku elektrikoko labeek sortutako hondar beroa berrerabiltzen baitu. Aurrerapen horrekin, siderurgiaren sektorean energia eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoa lortzeko bide berria ireki da.
Prozesu industrialak deskarbonizatzeko prozesuan egindako azken aurrerapen teknologikoez gain, TEDS25era bertaratzen diren pertsonek merkatuko joera eta aukera berrienak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola beroaren elektrifikazioa, eguzki energia termikoa, energia termikoaren kalitatearen hobekuntza edo hondar beroaren berreskurapena. Era berean, arrakasta kasuak eta negozio aukera berriak, hala nola jatorri berriztagarriko erregai alternatiboak, aurkezteko gune bat irekiko da.
Ildo horretan, TEDS25ek enpresek eskuragarri dauden tresna eraginkorrenak ezagutu ahal izateko eta bazkide potentzialekin eta soluzioen hornitzaileekin harremanak ezartzeko topagune bihurtu nahi du, deskarbonizazio proiektuen erritmoa bizkortzeko.
Gogorarazi behar da CIC energiGUNEk koordinatzen duen LIFE HI4S partzuergoak beste sei bazkideren partaidetza duela: ArcelorMittal, Fivemasa, Enerbasque, Life Cycle Engineering-LCE, SDEA Solutions eta Azterlan. Oro har, proiektuak ingurumen arloko inpaktu nabarmenak lortzea aurreikusten da, hala nola altzairutegien CO2 emisioak urtean 10 kt murriztea (siderurgiaren emisio guztien % 6 izango litzateke), edo energia kontsumoan urtean 1 M€ aurreztea.