CIC energiGUNEko hiru ikerlari, Europako Baterien Elkarteko (BEPA) Adituen Taldea osatzeko hautatuak
Energia Elektrokimikoa Biltegiratzeko Arloko Teknologia Koordinatzailea, Roberto Pacios, Lantalde bateko liderretako bat izango da; arlo horretako Koordinatzaile Zientifikoa, Montse Casas-Cabanas, eta Andrea Casas LCAn aditua, Aholkulari Teknikoak izango dira
Euskal zentroa maila gorenean egongo da ordezkatuta Europako Batt4EU partzuergoaren helburuak lortzen laguntzeko BEPAk diseinatutako 5 lantaldeetatik 3tan
CIC energiGUNEko, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko hiru ikerlari, Batt4EU elkartearen helburuak lortzeko sortu berri diren 5 lantalde iraunkorretatik 3tan parte hartzeko hautatu ditu Europako Bateria Elkarteak (BEPA). Izendatuak Montse Casas Cabanas, Elektrokimika Arloko Koordinatzaile Zientifikoa, Roberto Pacios, arlo horretako Teknologia Koordinatzailea eta Andrea Casas LCAn aditua izan dira.
“Baterien munduko aditu nagusien, Kristina Edström adibidez, aholkularien artean hiru ordezkari izatea, proiekzio handiko lorpena da zentroarentzat”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko Zuzendari Nagusiak. “Izendapen horiek maila pribilegiatuan jartzen gaituzte Europak bateriaren ekosistema propioaren alde egiten duen apustuan laguntzeko, enpresaren eta industriaren ikuspuntutik batez ere”.
Ildo horretan, Batt4EU Elkartearen alde pribatua ordezkatzen duen Batteries European Partnership Association (BEPA) erakundeak, baterien ekosistema europarraren garapena bultzatu nahi du, Batt4EUren Agenda Estrategikoaren barruan identifikatutako I+Gko sei arlori dagozkien bost Lantalde Tekniko abian jarriz, bere helburu nagusiak lortzeko: Europako bateria industrialen fabrikazio lehiakorra eta jasangarria lortzea, emisiorik gabeko mugikortasuna ahalbidetzea eta energia berriztagarrien biltegiratzea integratzea.
Sei arloak hauek dira: Lehengaiak eta birziklapena, Material eta fabrikazio aurreratuak, Bateriaren azken erabilerak eta aplikazioak, Segurtasuna eta Fidagarritasuna, Jasangarritasuna eta Lankidetza, azken hori aurreko guztien zeharkakoa. Lehenengo bostek Lantalde bat izango dute, eta bertan industriatik datorren lider bat, ikerketa-eremutik datorren liderraren ondoko bat eta Aholkulari Tekniko bat egongo dira. CIC energiGUNEko ikerlariek liderraren ondoko postu bat beteko dute, Roberto Paciosi dagokiona Segurtasun eta Fidagarritasun taldean, eta bi Aholkulari Tekniko izango dituzte: Montse Casas-Cabanas Material eta fabrikazio aurreratuetan; eta Andrea Casas Jasangarritasunean.
Lantaldeen zeregin nagusia bateriei buruzko I+G arloko funtsezko gaiak identifikatzea, lehenestea eta idaztea izango da, eta horien bidez bateriaren balio-kateko segmentu guztiak barne hartuko dira. Era berean, lehentasunak modu eraginkorrean identifikatzeko aukera emango dute, partzuergoaren dokumentu estrategikoak eguneratzeari dagokionez, batez ere.
Montse Casas-Cabanas kide den Lantaldeak material aurreratuak izango ditu ardatz (katodoa, anodoa, bereizgailua material elektrolitikoetaraino), eta, besteak beste, kimika berriak eta bateria-gelaxka errentagarriagoak, errendimendu hobeagokoak, seguruagoak eta jasangarriagoak garatzeko ekimenak aztertu eta proposatuko ditu. Roberto Paciosen kasuan, taldearen lana beste taldeetan landu gabeko segurtasun-alderdietan oinarrituko da, segurtasunaren ebaluazioa eta segurtasunaren egoera ebaluatzeko metodologiak, besteak beste. Azkenik, Andrea Casasek jasangarritasunari buruzko aholkuak emango dizkio taldeari, zeharka, balio-kate osoan zehar.