CIC nanoGUNEren superinduktore berri bati buruzko ikerketa, Nature Electronics aldizkariaren azalean
nanoGUNE eta Quantum Motion partaide dituen nazioarteko lankidetza baten bidez, siliziozko txip batean integratutako superinduktore berri bat sortu dute.
Superinduktoreak etorkizuneko teknologia kuantikoetarako osagai itxaropentsuak dira.
nanoGUNEko Hardware Kuantikoaren ikerketa-taldeko, Quantum Motioneko, Londresko Nanoteknologia Zentroko, Londresko Imperial Collegeko eta Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketa batean, superinduktore berri bat aurkitu dute, siliziozko zirkuitu integratu batean eraikia. Zirkuitu hori metal-oxido erdieroale osagarriko (CMOS) prozesu komertzial baten bidez fabrikatu dute. Lana Nature Electronics aldizkariaren azalean argitaratu dute.
Superinduktoreak induktantzia izugarri handia izateko diseinatutako induktore elektrikoak dira; bobina konbentzionalekin lortu daitekeena baino askoz induktantzia handiagoa izaten dute, askotan. Bereziki garrantzitsuak dira supereroaleetan eta erdieroaleetan oinarritutako qubitentzat, induktantzia handiari esker zirkuituak askoz trinkoagoak edo sentikorragoak izan baitaitezke. Horregatik, superinduktoreak interesgarriak dira teknologia kuantikoetarako, inpedantzia oso handiko eta energia induktiboaren eskala oso txikiko zirkuituak egiteko aukera ematen baitute.
Lan honetan, ikertzaileek erakutsi dute zirkuitu-elementu supereroaleak CMOS prozesu komertzial baten bidez fabrikatu daitezkeela, titanio nitruroa (TiN) erabiliz. TiN-a bereziki egokia da horretarako, induktantzia zinetiko handia baitu; horri esker, induktantzia handiko zirkuitu-elementu trinkoak sortu daitezke, propietate supereroale sendoak mantenduta.
Halaber, ikertzaileek jakinarazi dute superinduktore ez-lineal bat garatu dutela siliziozko zirkuitu integratu baten barruan. Sistema horren bidez, irrati-maiztasuneko eta elektroi bakarreko transistore bat eraiki daiteke —erdieroaleetako spin-qubitetarako asko erabiltzen den sentsore bat—, leku gutxi hartzen duena eta sentikortasun handia duena. Hurrengo urratsa erresonadorea ate anitzeko transistoreekin integratzea izango da, spina abiadura handian eta fideltasun handiz irakur daitekeela frogatzeko (mikrosegundo bat baino askoz denbora laburragoan). Hala ere, ikerketa-taldearen arabera, “TiN konposatuan oinarritutako CMOS induktoreen aplikazioak spin-qubiten hautemate eta konputazio kuantikoez harago heda litezke, eta beste arlo batzuetan ere eragina izan lezakete, hala nola irratiastronomian, potentzia txikiko krioelektronikan eta hautemate eta simulazio kuantikoetan”.
“Lan bat Nature Electronics aldizkariaren azalerako hautatzea lorpen handia da. Horregatik, bereziki pozten gaitu gure ikerketari halako protagonismoa eman izanak. Gure lana aitortzeko modu bikaina da, eta gure ikerketa publiko zabalago bati ezagutarazteko aukera paregabea”, gaineratu du Fernando González-Zalbak, nanoGUNEko Hardware Kuantikoaren taldeko buruak.