CIDETEC eta CIC energiGUNE, litiozko baterien I+G instalazio pilotuen sare europarra sortzea sustatuko duen LiPLANET elkartearen kide sortzaileetakoak izango dira
Elkarte horren helburua Europa baterien ekoizpenerako mundu mailako kokapen estrategiko eta lehiakor bihurtzea da
BRTAko bi kide, CIDETEC eta CIC energiGUNE, erakunde hori sortu duten zortzi kideen artean daude. Erakundea, litiozko bateria-gelaxkak ekoizteko eta berritzeko Europako ekosistema sortzea errazteko izen bereko Europako Batzordearen proiektutik –LiPLANET– sortu da
CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferente den euskal ikerketa-zentroak, eta CIDETEC Energy Storage, Europako industriarako energia biltegiratzeko teknologiak garatzen 25 urteko esperientzia duen ikerketa aplikatuko zentroak, kide sortzaile gisa hartuko dute parte LiPLANET elkarte europarraren sorreran. Elkarte horren helburu nagusia litiozko baterien I+G instalazio pilotuen sare europarra sortzea da, Europako garapen industrialean laguntzeko. Maiatzaren 7an egin zen elkartea sortzeko lehen lege-urratsa, eta, hasiera batean, Europako zortzi erakundek osatuko dute.
“Sinergiak sortzeko eta, batez ere, industria mailan proiektuak garatzeko benetako aukerak sortu ahal izatea da ekimen honen funtsezko faktoreetako bat”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko Zuzendari Nagusiak. “LiPLANETen bidez, litiozko baterien esparruan Europa protagonista izan dadin, eta horiek ekoizteko kokapen estrategiko bilaka dadin lagundu dezakegu”, adierazi du Oscar Miguel Crespo CIDETEC Energy Storageko zuzendariak.
Estatutuetan agertzen den bezala, LiPLANETen helburu orokorra Europako berrikuntza- eta ekoizpen-ekosistema sortzea da, litiozko baterien gelaxken fabrikazioaren esparruan industria-sare lehiakorragoa eraikitzeko. Era berean, litiozko gelaxken ekoizpen industriala handitu nahi du, Europako linea pilotu garrantzitsuenak eta baterien sektoreko eragile nagusiak elkartuz.
Ildo horretan, LiPLANET elkarteak balioa emango dio, CIDETEC Energy Storage erakundearen partaidetzarekin duela bi urte eskas abian jarri zen izen bereko proiektuan egindako lanari. Proiektu horren barruan garatutako lanak honako hauek izan dira, besteak beste: litioan oinarritutako baterien gelaxken Europako ikerketa-ildo pilotuak identifikatzea, sarea negozio-eredu jasangarri batean ezartzea, eta ezagutza eta datuak trukatzeko plataforma bat sortzea industriaren, zientziaren eta ikerketa-lerro pilotuen arteko lankidetzarako oinarri gisa.
CIC energiGUNE eta CIDETEC Energy Storage-rekin batera, hauek dira LiPLANET sortu duten erakundeak: ABEE – Avesta Battery & Energy Engineering (Belgika), AIT Austrian Institute of Technology GmbH (Austria), Technische Universität Braunschweig (Alemania), CEA Liten (Frantzia), Fraunhofer ISIT (Alemania) eta ZSW (Alemania).