CIDETEC Surface Engineering-ek konpositeen birziklatze kimiko nahiz mistorako teknologia berriak sustatzen ditu COMAR proiektuarekin

Albisteak, Gipuzkoa

INCOM eta SOFITECekin batera, material konposatu berri eta jasangarriagoak garatuko ditu haize-energia, garraioa, eraikuntza, aeronautika eta beste sektore batzuetarako

COMAR proiektuaren helburu nagusia matrize termoegonkorretan eta bitrimeroetan oinarritutako konpositeetatik eratorritako hondakinak birziklatu eta berrerabiltzeko modu berriak aurkitzea da, birziklatze kimikoko teknika desberdinen bidez (hala nola pirolisia eta solbolisia).

Proiektuaren xedea konpositeen hondakinak birziklatzean lortutako materialekin eraikuntzaren, haize-energiaren eta garraioaren sektoreetara bideratutako produktu berriak garatzea da. Horretarako, lortutako zuntzen ezaugarri mekanikoak bere horretan mantentzea edo, behar izanez gero, leheneratzea ahalbidetzen duten baldintzak erabiliko dira. Solbolisiaren edo bestelako prozesuen bidez lortutako azpiproduktuei esker, sektore horietan edo interesa duten beste sektore batzuetan erabil daitezkeen matrize berriak eratu ahalko dira.

Honako hauek lortzea da helburua:

•             Konpositeetatik eratorritako hondakinak berrerabili eta birziklatzeko modu berritzaileak ezartzea, energia-kontsumoa ahalik eta gehien murriztuz eta berreskuratutako zuntzen ezaugarriak maximizatuz.

•             Konpositeen industriaren jasangarritasuna hobetzea, azpiproduktuen errebalorizazioaren bidez.

•             Solbolisi eta pirolisi prozesuen ingurumen-inpaktua murriztu, katalizatzaileen erabilera ikertuta.

•             Hondakinen balorizazio-estrategia bat edukitzea aplikazio bakoitzerako.

•             Ekonomia zirkularra sustatzea konpositeen sektorean.

•             Digitalizazioa eta 4.0 industria sustatzea konpositeen sektorean, produktibitatea, kalitatea eta kostuak hobetzeko.

CIDETEC Surface Engineering-ek INCOM eta SOFITECekin batera egiten du lan:

INCOMekin elkarlanean, bitrimeroetan oinarritutako 3R erretxinekin osatutako belaunaldi berriko material konposatu guztiz birziklagarriak sortzen ari da CIDETEC, berreskuratutako zuntz eta nukleoak erabilita.  Material horiek INCOMek baliozkotuko ditu, haize-energia, garraioa, eraikuntza eta beste sektore batzuetarako prototipoen fabrikazio-prozesuan.

Bestetik, CIDETEC eta SOFITECen arteko lankidetza sektore aeronautikora dago bideratuta, eta konposite jasangarriagoak erabiltzeko aukera aztertuko da arlo horretan ere. CIDETEC bitrimeroetan oinarritutako 3R erretxinak darabiltzaten lehen belaunaldiko konpositeetatik balio erantsi handiko karbono-zuntzak berreskuratzeaz arduratzen da, bigarren belaunaldiko konposite berrietan berrerabiltzeko.

COMAR proiektua Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) finantzatzen du Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren bidez, eta 2021-2027 Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren dirulaguntza ere jasotzen du. Helburu nagusia konpositeen industriaren jasangarritasuna areagotzea eta ingurumen-inpaktua murriztea da, sektore horretan ekonomia zirkularra sustatuz.

Partekatu

Beste berri batzuk