CIDETEC Surface Engineering fabrikazio aurreratu eta jasangarrian ardaztutako Europako bi proiektu berritan parte hartzen ari da

Albisteak, Gipuzkoa

BIO-UPTAKE eta SURE2COAT ekonomia zirkularrarekin eta fabrikazio adimendunarekin lerrokatutako proiektuak dira

Europar Batasunaren helburuetako bat kontinenteko industria-produkzioa mundu-mailako lehen lerroan mantentzea da. 2019an, 30 milioi pertsonek egiten zuten lan Europako manufaktura-sektorean (mundu-mailako langileen % 22k). Gainerako lehiakideen artean gailentzeko, fabrikazio aurreratu (digital) eta jasangarriago baten aldeko apustua egin du, klima-aldaketaren erronketara egokitzeko.  Karbono-aztarna neutroa duen ekonomia bihurtzeko prozesua erronka izugarria da industria osorako; izan ere, lehiakorra izaten jarraitu behar du, ekonomia zirkularrera egokitzen den bitartean. CIDETEC Surface Engineering-ek erronka horri aurre egiteko sortutako BIO-UPTAKE eta SURE2COAT proiektuetan parte hartzen du. Enpresak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, eragile sozialak eta fabrikazio-enpresak biltzen dituen “Made in Europe” lankidetza estrategiko publiko-pribatutik eratorritako ekimenen esparruan finantzatuta daude bi proiektuak.

BIO-UPTAKE – BIOcomposites in smart plastic transformation processes to pave the way for the large-scale UPTAKE of sustainable bio-based products: proiektu honen helburua Europako manufaktura-industrian bioplastikozko material konposatuen erabilera % 39 areagotzea da, eraldaketa ekologikoa ahalbidetzen duten biki digitalen bidez. Fabrikazio-prozesu malguak garatuko dira, oinarri biologikoa duten plastikoak ekoizteko eraikuntzaren, medikuntzaren eta bilgarrien sektoreetarako. Horretarako, osagai biologikoetan oinarritutako eta biopolimeroekin indartutako zuntz sintetikoak konbinatuko dira, merkatuaren eskari berrietara erraz egokitzen den produktu bat lortzeko. Diseinuaren fasetik aurrera aplikatuko dira jasangarritasun-irizpideak. Horri esker, produktuen edukiaren % 75 baino gehiago osagai biologikoetan oinarrituta egongo da, eta berotegi-efektuko gasak % 33 murriztuko dira. CIDETEC Surface Engineering-ek patentatutako 3R erretxin termoegonkorraren sistemarekin (osagai biologikoetan oinarritutako bertsioa) egingo dio ekarpena proiektuari, SPECIFIC POLYMERS enpresa frantsesarekin batera. Material konposatu termoegonkorrekin egindako osagaien fabrikazioan erretxin hori erabiltzeak konposite birprozesagarri, konpongarri eta birziklagarriak garatzeko aukera ematen du (ingelesezko siglengatik izena du 3R teknologia horrek).  Halaber, CIDETEC Surface Engineering-ek ingelesez “enduring prepregs” deritzon materiala ekoitziko du; alegia, onduta edo partzialki onduta dagoen aurrez inpregnatutako materiala, ez dena hondatzen eta giro-tenperaturan gorde ahal izatearen abantaila eskaintzen duena. Materialaren kimika doitu egingo da, aurrez inpregnatutako lerroetan prozesatzeko prozesua nahiz ondorengo termokonformazioa optimizatzeko. Proiektua Espainiako Fundación AITIIP ikerketa-zentroak koordinatzen du, eta Europar Batasuneko 6 herrialdetako 13 bazkidek hartzen dute parte bertan.

Bestalde, SURE2COAT – Sustainable surface treatments of complex shape components for transsectorial industrial innovation proiektuaren asmoa aluminioaren erabilera areagotzea da, gainazalen tratamendu eta produkzio-teknologia berritzaileak garatuta. Aluminioak korrosiorako joera du aurkako inguruneetan. Muga hori gainditu egin behar da material hau motor elektrikoetan, sistema termikoetan, energia biltegiratzeko unitateetan eta bestelako aplikazioetan erabili ahal izateko; izan ere, aluminioa eta antzeko material arinak maila handiago batean erabiltzea ezinbestekoa da sektore horietarako, sistemak efizienteagoak izan daitezen energetikoki. Gainera, karbono-aztarna gutxitu nahi da, produkzio-prozesu adimendunagoen eta efizientzia energetiko handiagoa ahalbidetzen duten diseinuen bidez. Proiektu honetan, CIDETEC Surface Engineering-ek lakatze elektroforetikoko prozesu bat garatuko du, etorkizunean elikagaien industriako prozesatze-instalazioetako motor elektrikoetan erabiliko diren aluminiozko karkasak korrosioaren aurka babesteko estaldura bat (anaphoretic e-coating) ekoizteko. Gaur egun, karkasa horiek altzairuzkoak dira. Materiala aldatuta, eta erabiliko diren fabrikazio-teknologiei nahiz haien integrazioari esker, erabileran zehar kontsumitzen den energia % 50 murriztea espero da. Estaldurak, halaber, elikagaien industrian erabiltzen diren lurrun bidezko garbiketa-prozesu agresiboak jasan beharko ditu. Estalduraren kimika aukeratzean, kontuan hartu da REACH araudia betetzeko beharra, eta erabiliko den aplikazio-prozesua zuzeneko edo zeharkako ingurumen-kalte nabarmenik ez eragiteko dago diseinatuta. Norvegiako SINTEF Industry ikerketa-zentroa buru duen proiektuak aintzat hartzen du teknologia egungo produkzio-lerroetan integratzearen garrantzia. SINTEF eta CIDETECez gain, Europako 7 herrialdetako 10 bazkidek hartzen dute parte bertan.

Europako Batzordeak finantzatzen ditu bi proiektuak, eta Europako Horizon programaren barruan daude, deialdi hauetan: HORIZON-CL4-2021-TWIN-TRANSITION-01-05 (BIO-UPTAKE) eta HORIZON-CL4-2022-TWIN-TRANSITION-01-02 (SURE2COAT).  Bien artean, 1.019.062 euroko aurrekontua eta dirulaguntza jasoko du CIDETECek.

Bi proiektu hauetan parte hartuta, CIDETEC Surface Engineering-ek erakutsi du konpromiso irmoa duela Europako manufaktura-industria lehiakorragoa eta jasangarriagoa eraikitzen lagunduko duten material jasangarrien garapenarekin, baita Europan produktu eta zerbitzu jasangarriagoak eta industria zirkularragoak egoteko erronkarekin ere.

Partekatu

Beste berri batzuk