CircRural4.0 abian jarri da, araztegietako hondakinak birziklatzeko helburuarekin

Landa-inguruneetan baliabideak berreskuratzeko aukera sustatu nahi da

treatment-plant-wastewater-2826986_1920Interreg Sudoe CircRural4.0 proiektua abian jarri da, datozen 3 urteotan landa-inguruneetan kokatuta dauden Hondakin Urak Arazteko Planta (HUAP) txiki eta ertainak baliabideak berreskuratzeko instalazio izatera moldatzeko asmoz.

Proiektu hau Ceit-IK4 Zentro Teknologikoak koordinatzen du, eta besteak beste, EFE Agentziak parte hartzen du. Sudoe Programaren baitan kokatutako proiektua da, “Interreg” izenarekin ezagutzen den lurraldeen arteko lankidetzarako Europar Batasunak duen xede nagusian, eta Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (FEDER) diruz lagundutakoa.

Espainiako, Portugalgo eta Frantziako 9 bazkidek osatzen duten CircRural4.0 proiektuaren zeregina, hondakin-uretatik nitrogenoa edo fosforoa bezalako elikagaiak berreskuratzea ekonomikoki bideragarria izatea ahalbidetuko duten soluzio teknologiko berritzaileak garatu eta balidatzea da, baita hondakin organikoetatik abiatuta biogasa ekoiztea ere.

HUAP handietan baliabideak planta berean berreskuratzen dira, baina ez HUAP txiki edo ertainetan, eta landa-inguruneetarako CircRural4.0 proposamenak hondakinen eta hondakin-uren kudeaketari ikuspegi holistikoa eman nahi dio.

Proposamen honen arabera, HUAP handietan baliabideak berreskuratzea ahalbidetzen duten prozesu nagusienak geografikoki banatuko dira, hala, soluzioa bere osotasunean ekonomikoki bideragarria izan dadin eta ingurumenarentzat iraunkorra izan dadin.

Gaur burutu da Madrilen, EFE Agentziaren egoitzan, proiektu honetako lehen lan-batzarra. Proiektuari apirilaren 1ean ekin zitzaion, eta 2021eko martxoaren 31ra arte luzatuko da.

Proiektua koordinatzen duen Donostiako Ceit-IK4 Zentro Teknologikoaz gain, eta aipatutako EFE Agentziaz gain, CircRural4.0 proiektuan Extremadurako nekazaritzako elikagaien CTAEX Zentro Teknologikoak, Badajoz Probintziako Ingurumen Zerbitzuen Partzuergoak eta Galiziako Instituto Tecnológico (ITG) Fundazioak hartzen dute parte.

Horietaz gain, Frantziako Institut National des Sciences Appliquées de Toulouse eta Syndicat Mixte de l’Eau et de l’Assainissement de Haute-Garone, eta Portugalgo Universidad Nova de Lisboa eta Aguas de Portugal-SGPS erakundeak ere proiektuko partaide dira.

Interreg Sudoe proiektua 2015eko ekainaren 8an onartu zuen Europako Batzordeak, 141 milioi euroko aurrekontuarekin, eta nazioen arteko lankidetzara zuzendutako Interreg B egitasmoan 2014-2020 aldirako 15 programetako bat da.