Datu-serie handiak aztertzeko duen ahalmenari esker materialen ikerketa irauliko duen FullProfAPP softwarea amaitu du CIC energiGUNEk
Bartzelonako Materialen Zientzia Institutuarekin (ICMAB-CSIC), Institut Laue-Langevin neutroi erreaktorearekin (ILL) eta ALBA sinkrotroiarekin lankidetzan Battery Interface Genome – Materials Acceleration Platform (BIG-MAP) ikerketa proiektu europarraren barruan garatu den tresna berria, dagoeneko komunitate zientifikoaren eskura dago, CIC energiGUNEren webgunearen, ILLren webgunearen eta BIG-MAPen APP Storearen
FullProfAPP baterien materialen arloko beharretik sortu da, baina beste esparru zientifiko batzuetara azkar hedatzea aurreikusten da, orain arte lana “difraktogramaz difraktograma” egiten zen eremuan eskala handiko datuen prozesamendua automatizatzeko duen ahalmenari esker.
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, FullProfAPP software-programaren garapena amaitu du. Horri esker, material kristalinoen esparruan aurkikuntza zientifiko berriak errazteko “pauso erraldoia” ematea ahalbidetuko du, operatzen ari diren errendimendu handiko esperimentuetatik eratorritako hauts-difrakzioari (difrogramak) buruzko datu-kopuru handiak prozesatzeko eta horien analisia azkartzeko duen ahalmenari esker. Tresna, komunitate zientifikoaren eskura jarri da dagoeneko, eta deskargatzeko moduan dago CIC energiGUNEren webgunean, BIG-MAPen APP store aplikazioan eta FullProf programaren orrian.
“Arrakastaz lortu dugu fase esperimentaletan sortutako dozena batzuetatik ehunka hauts-difrakzioko patroira era automatikoan kargatzeko eta aztertzeko gai izango den programa informatikoa garatzea”, ziurtatu du Montse Casas Cabanasek, CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko koordinatzaile zientifikoak. “Orain arte analisi-metodo tradizionala “difraktogramaz difraktograma” zela kontuan hartuta, esan dezakegu aurkikuntza zientifiko berrien bilaketak aurrerapauso handia eman duela eremu honetan”.
Tresna berriaren erabilera eta ezagutza sakona errazteko, aurkezpen eta prestakuntza jardunaldia egingo da urriaren 2tik 6ra Grenobleko (Frantzia) ILLen difrakzio datuen hurrengo tratamendurako eskolan. Era berean, CIC energiGUNEk software horri buruzko prestakuntza-tailerra antolatuko du Gasteizko egoitzan, 2024ko urtarrilean, DESTINY programaren barruan.
FullProfAPPren garapena Europako BIG-MAP proiektuaren barruan dago. Proiektu hori DTUko (Technical University of Denmark) Tejs Vegge Irakasleak gidatzen du, eta bertan parte hartu dute, CIC energiGUNEz gain, Grenobleko Institut Laue Langevinek (ILL), Bartzelonako Materialen Zientzia Institutuak (ICMAB-CSIC) eta Bartzelonako ALBA Sinkrotoiak. Era berean, eskala handiko bateriak ikertzeko Europako BATTERY 2030+ ekimenaren barruan dago lan hori, eta eremu horretan garatu da hasiera batean. Dena den, horrek ez du beste esparru zientifiko batzuetara hedatzea mugatzen.
Joan den ekainaren 30ean lanak ofizialki amaitutzat eman dituen FullProfAPPren helburua, Rietveld analisirako tresna automatizatua garatzearen inguruan bideratu da. Tresna hori baterien materialen hautsaren difrakzio-ereduei aplika dakieke, eta horrekin errendimendu handiko analisi estrukturalak eta fasekoak egin daitezke, ehunka patroi lotetan prozesatuz. Horretarako, tresna FullProf programaren egungo bertsiotik abiatu da. Programa hori Juan Rodríguez-Carvajal doktoreak garatutako hautsaren difrakzioaren datuen Rietveld analisirako programa ezaguna da, eta datuen tratamendurako errutina eta protokolo berri oso automatizatuak biltzen ditu.
CIC energiGUNEk modu aktiboan hartu du parte programaren script-ak garatzen eta interfaze grafikoa inplementatzen, FullProf Suite software paketearen barruan dagoen FAULTS fintze programaren garapenean lortutako esperientziari esker. FAULTS, akatsak dituzten sistemetan erabiltzen da eta X izpien hautsaren difrakzio-ereduak (XRD) eta neutroien hautsaren difrakzio-ereduak (NPD) fintzeko tresna da.
Baterien eremu espezifikoan duen eraginari dagokionez –hori da proiektu honen jatorria, BIG-MAP-ekin duen loturaren bidez–, Montse Casas-Cabanasek nabarmendu du edozein ikerketa-proiektuk abantaila handia izango duela denborari eta kostuei dagokienez. “Aurrerapen zientifikorako funtsezkoa den esperimentazioak, laguntza handiko tresna izango du aurrerantzean, eta, gainera, modu unibertsal, azkar eta errazean eskuragarri eta erabilgarria izango da”, amaitu du.