DBHko 600 ikasle baino gehiago bildu dira Euskal Parkeetan egindako Lanbide Heziketaren Esperientzia Foroetan

Gipuzkoa

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe itundu eta publikoen sareko ordezkari Hetel eta Ikaslan elkarteek, Euskadiko Teknologia Parkeekin batera, hiru lurraldeetako DBHko ikasleak bildu dituzte Esperientzia Foroetan. Araban bigarrenez eta Bizkaian eta Gipuzkoan estreinakoz antolatu diren foro horien xedea da Euskadiko Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraztea eta enpresen errealitatea hurbilaraztea

IMG_4610Guztira, 4. DBHko 661 ikasle hurbildu dira –327 Araban, 152 Bizkaian eta 182 Gipuzkoan, hain zuzen ere– Euskadiko Teknologia Parkeetan gauzatu diren Esperientzia Foroetara. Parkeen eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe itundu eta publikoen sareko ordezkari Hetel eta Ikaslan elkarteen baterako ekimen hori aurten estreinatu da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bigarrenez egin da Araban. Ikasleen interes teknologikoa piztaraztea izan da asmoa, batez ere alor industrialetan enplegagarritasun maila altuko aukera izan dadin Lanbide Heziketa.

Ekimenari esker, 24 ikastetxetako hainbat gaztek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte Euskadiko hiru teknologia-parkeetan kokatzen diren 24 enpresa eta zentro teknologikoetako errealitateak. Gehien eskatzen diren profilak, behar diren jarrerak eta aurkezten zaizkien erronkak zeintzuk diren jakiteko aukera izan dute ikasleek, ematen zaien orientazioa eta prestakuntza osatzeko. Behin Lanbide Heziketako zikloa amaituta, lanean ari diren edo euren enpresa sortu duten beste ikasle batzuen esperientziaz ere elikatzeko balio izan dute foroek.

Egian esan, bokazio zientifikoak behar dira euskal gazteen artean. Horrelako bokazioen gabezia kezkagarria da bertako industriaren etorkizunerako. Izan ere, bai enpresek bai Eusko Jaurlaritzak gai hori mahaigaineratu dute behin baino gehiagotan. Euskal Lanbide Heziketak arazoa arindu nahi du mota horretako ekimenen bidez, euskal industriak teknikari kualifikatuak behar baititu.

Partekatu

Beste berri batzuk