Donostiako Teknologi Parkeak “Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea” izena hartuko du

Araba

  • Izen aldaketa hau, azaroaren 29an egingo den Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea onartu du Parkeko administrazio kontseiluak.
  • Eibarko Gune Teknologikoa parkean sartzea eta Hernanin egiten ari den zabalkundea dira aldaketa honen arrazoi nagusi.

Donostiako Teknologi Parkeak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea izena hartuko du. Parkea hartzen ari den dimentsio berriak eragin du izen aldaketa, Eibarko Gure Teknologikoa parkearekin bat egiteak eta Hernanin egiten ari den zabalkuntzak hain zuzen ere. Atzo egin zen Administrazio Kontseiluaren batzarrean gaia eztabaidatu ondoren, izen-aldaketaren proposamena hurrengo azaroaren 29an egingo den Akziodunen Batzar Orokorrera eramatea erabaki zen.

Joan den irailaren 28an egindako Administrazio Kontseiluaren bileran aztertu zen gaia. Atzoko batzarrean berriz, Tekniker hartzen duen Eibarko Gune Teknologikoak parkearekin bat egiteko Tekniker eta Eibarko udaletxearekin sinatu beharreko hitzarmen proposamena onartu zen. Honekin batera, Galarretako eremuan, Orona enpresarekin garatzen ari den zabalkundea kontutan izanda hartu da izen aldaketa proposatzeko erabakia.

Izen berriarekin Parkearen errealitate berria isladatu nahi da, egungoa zein etorkizunekoa. Parkea zabalkunde eta bategiteetan murgilduta dagoenez, aldaketok azaleratzeko eta egungo egoerara egokitzeko urrats bat baino ez da izen aldaketa; izan ere, Parkeko enpresa eta zentro teknologiko eta zientifikoak ez baitira bakarrik Donostian kokatuta egongo.

Gaur egun, Donostiako Teknologi Parkean 76 enpresa daude kokatuta, 3.280 lanposturekin; 2011.urtean 533 milioi euroko fakturazioa izan zuten, aurreko urtean baino %3 gehiago. Donostiako Teknologi Parkea, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko kidea da, Arabako Teknologi Parkea, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea eta Garaia Berrikuntza Gunearekin batera. Sarea osatzen duten lau parkeetan, guztira 424 enpresa daude, 14.436 lanpostu eta 3.700 milioi eurotik gorako fakturazioa 2011.urtean, aurreko urtean baino %5 gehiago.

Partekatu

Beste berri batzuk