Donostiako Teknologia Parkeak 7 milioi euroko inbertsioa egingo du Bic Gipuzkoa Berrilanen eraikin berria egiteko

Gipuzkoa

 

Samazazu Arquitectos enpresa, ideien lehiaketa irabazi zuen enpresa izan da eraikin berriaren diseinua egin duena, garapen iraunkorrean oinarritutako bost kontzeptu kontutan hartuz; Bioklima, Bioeraikuntza,Energia berriztagarriak, Uraren kudeaketa, Ingurumenarekin harremana.

 

Donostiako Teknologia Parkearen 4C 100 lursailean, Bic Gipuzkoa Berrilanen eraikin berria izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin da gaur. Bertan izan dira Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, Industria eta Energia Sailburuorde Xabier Garmendia, Euskadiko Parke Teknologikoen Presidente Francisco Berjón, Donostiako Teknologia Parkeko Zuzendari Lucio Hernando eta Bic Gipuzkoa Berrilaneko Zuzendari Marisa Arriola, besteak beste.

Markel Olano, Diputazkoako Diputatu Nagusiak azpimarratu du“berrikuntzaren aldeko apustuari eustea inoiz baino beharrezkoagoa da orain, bizi ditugun krisi garai hauetan. Ekintzaile izatea, sortzea, berritzea., garapen berriak sustatu eta ernaltzea…zeregin konplexua da. Eta ehun sozio-ekonomiko egokia behar dugu zeregin hori betetzeko, baina baita pertson ekintzaileekin bat egiten duen gizarte-giro bat ere, ekintzailetasunaren bidea hartzen duenari hasieratik bertatik lagundu eta adore emango dion gizarte-giro bat.”

Xabier Garmendia, Industria eta Energia Sailburuordeak bere aldetik, esan du“Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Lehiakortasun Plan berriaren ardatz nagusietako bat ekintzaileen arloa indartzea izango dela, baina bereziki kalitateari garrantzi gehiago emanez, bai jardun ekintzaileen kalitatean proiektu berritzaileak, nazioartekotze ikuspegia eta haztzeko aukera dutenak bultzatuz, baita proiektuon kualifikazioa eta inbertsio kalitatea hobetuz ere.”

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikin berriak, guztira 7.000 metro koadroko azalera eraikia izango du, bost mailatan banatuta (sotoa, erdisotoa, beheko, lehen eta bigarren solairuak) eta 90 aparkaleku izango ditu. Samazazu Arquitectos enpresa, ideien lehiaketa irabazi zuen enpresa izan da eraikin berriaren diseinua egin duena, garapen iraunkorrean oinarritutako bost kontzeptu kontutan hartuz:

  1. Bioklima – Argiztapen, aireztapen eta bero-sistemen kontrola.
  2. Bioeraikuntza – Industrializatutako eraikuntza prozesuen erabilpena hondakinen sorrera gutxitzeko.
  3. Energia berriztagarriak – Eguzki plaka fotoboltaikoak estalkian.
  4. Uraren kudeaketa.
  5. Ingurumenarekin harremana.

Eraikin berria egiteko aurreikusitako inbertsioa 7 milioi eurokoa da eta eraikuntza lanek 16 hilabete iraungo dute.

Bic Gipuzkoa Berrilanen proiektu berriak garatzeko toki eskaerak bultzatu du Donostiako Teknologia Parkea eraikin berri hau egitera. Bic Gipuzkoa Berrilanek 2.250 metro koadro hartuko ditu bertan, bere bulegoak, ekintzaileentzako aretoa, eremu amankomunak eta enpresen esparruarentzako hain zuzen. Beste 850 metro koadro libre utziko dira etorkizunean sor daitezkeen proiektuak, prototipoen aretoa eta bioinkubagailu bat hartzeko; esparru hauek ezaugarri bereziekin diseinatu dira hasieratik.

Bic Gipuzkoa Berrilan

Bic Berrilan Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentro europarra da, enpresa berrien sorrera, negozioen dibertsifikazioa eta martxan dauden enpresetan Berrikuntza ezartzen laguntzeko. 1993. urtean sortu zen hainbat erakunderen bultzadari esker: Spri, Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa, Alfa Lan, Tekniker, Caja Laboral eta Zupegi. Ibilbide honetan zehar 144 enpresa berriren sorrera babestu du Donostiako Teknologia Parkean eta Eibarren dituen bi zentroetan.

Bic Berrilanek honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: Prestakuntza (sensibilizazioa, kudeaketa ikastaro zehatzak…), Orientazioa (egitasmoen kudeaketa, tutoretza…) eta Laguntza (enpresen inkubagailua).

Donostiako Teknologia Parkea

4C 100 eraikin berria, Donostiako Teknologia Parkearen jabetzako 9garren eraikina izango da. Teknologia Parkeak eraikinen betetze maila %92koa da, guztira 70 enpresa daude kokatuta bertan, 3.000 langile eta 514 milioi euroko fakturazioa izan zen guztira 2009.urtean.

2009.urte amaieran, Donostiako Teknologia Parkeak bere zabalkuntzako lehen proiektuari ekin zion, Hernanin Galarreta Plana abian jarriz. 108.000 metro koadroko azalera eraikigarriaren gainean, ikerketa eta garapena, berrikuntza eta teknologia arloko eduki sakona duten ekimenak garatzeko erabiliko da alde bat; eta bestean berriz Ikasleku Fundazioa kokatuko da (Orona, Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan). Zabalkuntza proeiktu honek 120 milioi euroko inbertsioa suposatuko du. Azken hilabeteotan berriz, Teknologia Parkea Gipuzkoako beste eremu batzuetara zabaltzeko egitasmoen azterketari ekin zaio.

Partekatu

Beste berri batzuk