e-Mintza aurkeztu da, komunikazio-oztopo handiak dituztenen komunikazioa errazteko doako aplikazioa

• Aplikazioa Internetetik jaitsiko da, eta, horri esker, erabiltzailea beste pertsona batzuekin komunikatu ahal izango da ukimen-teknologiaren eta multimediaren bidez. Horretarako, ukimen-tableta erabiliko du, batez ere.

• Piktogramak edo irudiak eta soinuak dituen komunikazio-taula sortuko denez, zuzenean eta erraz komunikatu ahal izango dira.

• Proiektua Orange Fundazioak eta Policlínica Gipuzkoako Dr. Carlos Elosegui Fundazioak bultzatu eta Nesplorak garatu du, Gautena Elkartearen laguntzaz eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren babesaz.

• Hasiera-hasieratik, azken erabiltzaileek ikerketan bertan parte hartu dute, proiektuak euren benetako premiei ziezaien.

 

Gaur, e-Mintza aplikazioaren aurkezpen ofiziala egin da. Komunikazio-sistema dinamikoa da, pertsonalizatu egin daiteke eta ahozko edo idatzizko komunikazio-oztopo larriak edo autismoa dituztenentzat dago diseinatuta.

Aplikazioa Orange Fundazioaren eta Policlínica Gipuzkoako Dr. Carlos Elosegui Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Avanza2 Planaren babesa jaso du. Tresna berri honi esker, erabiltzailea beste pertsona batzuekin komunikatu daiteke ukimen-teknologiaren zein multimediaren bidez. Era berean, bere autonomia sustatzen du agenda pertsonalizatuaren bitartez.

“e-Mintza” “mintzamen elektronikoa” da euskaraz. Programa hau dohainik jaisten da, eta merkatuko ohiko edozein tabletatarako dago diseinatuta. Gainera, erraz-erraz pertsonalizatu daiteke: hizkuntza, ezaugarriak, testuak, irudiak, bideoak edo soinuak, erabiltzailearen premien edo interesen arabera. Izan ere, ukimen-pantailaren bidez jarri ahal izango da elkarreraginean, tabletaren bidez edo saguaren bidez, ordenagailuko pantaila ukimenezkoa ez denean.

Hasiera batean, bere helburua autisten komunikazioa erraztea bada ere, beste pertsona askok ere erabili dezakete, pertsonalizatzeko ahalmen handia du-eta. Horrela, bada, honako hauexentzat izan daiteke erabilgarria: oraindik hizkuntza ikasi ez duten ume gorrak, garun-paralitikoak, adimen urriko larriak, traumatismoen edo istripuen ondorioz hartutako kalte zerebrala duten gaixoak, neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten adinekoak, ospitalean daudenean tutuak edo aireztapen lagundua jarrita dituztelako inolaz ere adierazterik ez duten gaixoak…

 

e-Mintza proiektua 2009an hasi zen, eta azken erabiltzaileak hasierako faseetatik daude inplikatuta, euren premiei benetan erantzun ahal izateko.

Ebaluazioa benetako erabiltzaileekin egin da bederatzi hilabetez, eta, horretarako, honako parametro hauek hartu dira kontuan: piktogramen egokitzapena, argazkien tamaina, erabiltzailearen gaitasun motorra, tresnaren benetako komunikazio-erabilgarritasuna eta ez hainbeste ludikoa, erabilerraztasuna eta funtzionaltasun hezigarria, besteak beste.

Erabiltzaileekin ebaluatu ondoren ezarritako berritasunen artean, agenda nabarmentzen da. Bertan, erabiltzaileak sei jardueraren denborazko plan sekuentziatua lekuratu dezake eguneko edo espazio tenporaleko. Oso garrantzitsua zen agenda sartzea, autistei edo adimen urrikoei laguntzeko orduan aurrea hartzea eta plangintza egitea funtsezkoa dela kontuan hartuta.

e-Mintza softwarearen ezaugarrien arabera, piktogramen edo letren bidez egin beharrean badago norberaren argazkien bitartez pertsonalizatzerik. Horrez gain, bideoak ere erantsi daitezke.

Bi aplikazio

Tresna erabiltzeko, programak bi aplikazio ditu: batetik, oinarrizko zenbait kategoria dituen komunikazio-taula “sortzen duenez”, kategoria bakoitzean sakatzean pantaila berria irekiko da. Bertan, hain zuzen ere, soinu lotuak dituzten zenbait piktograma agertuko dira, eta, piktograma bakoitzean sakatzean, ahotsak mezu zuzena bidaliko du arbelera, eta esaldia eratuko da. Esate baterako, janarien kategorian, platerak zein elikagaiak eskainiko dira, eta erabiltzaileak euren guztien artean aukeratu ahal izango du (argazkien edo piktogramen bidez egongo dira irudikatuta). Programak zenbait adinetako laguntzaileek dohaintzan emandako benetako ahotsez hitz egingo du euskaraz edo gaztelaniaz.

Bestetik, programak egile-tresna ere eskainiko du, eta, horren bidez, tutoreak (senideak, terapeutak edo antzekoak) edo erabiltzaileak e-Mintza pertsonalizatu ahal izango du, bakoitzaren premia berezietara egokitzeko. Izan ere, kategoria bakoitzean, piktograma, argazki edo soinu berriak erantsi edo editatu ahal izango dira erraz-erraz, eta gustuen arabera aldatu ahal izango da ikusizko itxura.

Plataforma anitzekoa

e-Mintza ukimen-gailuetan eta ukimenezkoak ez diren gailuetan erabili daiteke (tabletak, ordenagailu eramangarriak, mahai gaineko ordenagailuak…). Era berean, plataforma anitzekoa ere bada, Windowserako, MacOSerako eta Linuxerako dagoelako prestatuta (Windows eta Android erabiltzen dituzten PC tabletetan, 2.2. bertsiotik edo ostekoetatik aurrera) eta Adobe Air plataforman babesten delako (instalaziorako fitxategian dago sartuta).

Donostiako Parke Teknologikoan dagoen Nesplora enpresak e-Mintza tresnaren garapen teknikoa egin du, eta GAUTENA Autismo Elkarteko kideen eta senideen funtsezko partaidetza izan du proiektuko zenbait fasetan.

Horrez gain, bertan erabilitako piktograma gehienak ARASAAC Aragoiko piktogramen eta baliabide grafikoen ataritik hartutakoak dira.