EBk Euskadi aukeratu du beste zazpi eskualderekin batera berrikuntza proiektu batean parte hartzeko
Industria Sailak zuzenduko du TRES proiektua, zeinaren bidez Euskadi ezagutzaren ekonomia globalizatuan kokatuko baita “Espezializazioa eta Eskualde mailako Hazkunde Adimentsua” oinarritzat hartuta. Proiektu honek 1.700.000 euro inguruko aurrekontua izango du 3 urterako eta diru horren %77 EBren INTERREG IV C ekimenak emango dio.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak berrikuntza eta garapen programa eta politikak hobetzeko proiektu bat abiarazi du SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) eta Tecnaliaren bitartez eta Europako beste zazpi eskualderekin lankidetzan. TRES (Towards Regional Specialisation for Smart Growth Spirit) proiektuak 1.700.000 euro inguruko aurrekontua izango du 3 urterako eta EBren INTERREG IV C ekimenak emango dio diru horren %77.
TRES proiektuaren helburua da proiektuan parte hartzen duten Europako lurraldeetako berrikuntza eta garapen programak zein politikak hobetzea: Nyugat-Dunantul (Hungaria); Eskozia; Valga, (Estonia), Piemonte (Italia); Bukarest; Lubelskie (Polonia); Baltic Region (Finlandia), Stuttgart eta Euskadi. Proiektuaren bidez, bestalde, eskualdeek elkarrekin eraiki ahal izango dute beren etorkizuna eta ezagutzaren ekonomia globalizatuan kokatuko dira oinarritzat hartuta “Espezializazioa eta Eskualde mailako Hazkunde Adimentsua”.
Duela gutxi abiarazi da proiektua Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoan (Zamudio), non Euskadiren kasua aurkeztu eta produkzio sarearen espezializazio adimentsua lortzeko politika eta ekimenetan izandako esperientzia azaldu baitzuten. Hala, ezagutzera eman ziren lehiakortasun politika, zientzia, teknologia eta berrikuntza politika, Lidera estrategiak eta Kluster ekimenak eta Energiaren arloko zenbait proiektu estrategiko (Smart Grids).
INTERREG IVC ekimen europarrak eskualde arteko esperientzia trukea eta lankidetza sustatzen ditu nazioarteko topaketen bidez. Topaketa horietan jardunbide egokiak identifikatzen eta transferitzen dituzte, estrategiak eta gobernu, agentzia zein eskualdeetako agintaritzen politika eta programak hobetzeko.