EGO ere casting birtuala egiten hasi da kide berriak aukeratzeko
200 gazte inguruk aurkeztu dute Euskal Herriko Gazte Orkestrarako beren hautagaitza YouTuben edo Vimeon jarritako bideoen bidez
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) ere aparteko egoera honetara moldatu behar izan du. Euskal Herriko instrumentista gazteei orkestrako musika-trebakuntzarako bidea eskaintzea helburu duen orkestra gisa 1997an sortu zenetik, kolektibo horrek sekula ez du horrelako egoerarik bizi izan. Egoera ikusita, uneotan German Ormazabal eta Auria Etxeandia buru dituen kudeaketa-taldeak egoerara moldatu behar izan du, orkestra gaztearen proiektua errealitate teknologiko berri eta geldiezinera egokituta. Apustua, oraingoz, bi ekintzatan oinarritu da. Lehenengoak entzunaldietarako izen-emateetan jarri du arreta; izan ere, kudeaketa-taldeak azaldu duen moduan, lehen aldiz, modu telematikoan bakarrik egin dira. Era berean, musika-eskoletara informazioa eta materiala bidaltzeko garaian, horretarako ere formatu digitala erabili da eta horrek energia eta ekonomia mailako aurrezkia ekarri du berekin. Bigarren ekintza EGOra kide berriak gehitzeko prozesuan oinarritu da. Entzunaldi-prozesua edo “casting” hori modu presentzialean egin ezin zitekeenez, aukera birtualaren bidez, hautagaiek beren hautagaitzak Youtube, Vimeo, Dropbox edo Google Drive bidez (beste hainbat euskarriz gain) aurkeztu ahal izan dituzte. “Gazteek egokitzeko gaitasun handia erakutsi dute eta, egia esan, harrituta geratu gara jaso ditugun 200 izen-emate inguruak ikusita. EGOren historian mugarria da hori. Gazteek izan dituzten jarrera eta eskuzabaltasuna eskertzekoak dira”, gehitu du German Ormazabalek.