Ehun enpresari berrik dohainik aurkeztu ahal izango dute beren negozio proiektua BECen
Irailaren 12an ospatuko da Emprende2012 Foroa, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren babespean oraingoan. Uztailean eta irailean Industria Sailak ondoko elementu hauek emango dizkie izena eman dutenei: sustapen poster bat, miniweb bat eta QR bat; aukera emango zaie, bestalde, inbertsiogileak, produktu erosleak eta kanpoko propaganda bilatzeko.
Spri, 01/06/2012
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak eragileak, inbertsiogileak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko abiarazi duen espazio komunetako bat da Emprende Foroa. Horri gehitu behar zaizkio beste eragile publiko nahiz pribatu batzuek garatutako jarduerak, Zerbitzuak berak sustatutako Cooperar para Emprender programaren bidez babestuak, bai eta beste espazio birtual batzuk, zeren sare sozialez gain, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren atarian argitaratzen den guztia partekatua eta komentatua izateko prestatuta baitago.
Hauxe da SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) zuzendutako ekitaldi honen hirugarren edizioa, zeinaren funtsezko helburua baita ekintzaileak eta ekintzailetza eragileak elkartzea beren ahaleginak, ideiak eta ezagutzak batu ditzaten, enpresa proiektuak hobetu eta ekonomia suspertzeko.
“Etorkizuneko sustraiak” lelopean, 100 stand jarriko dituzte Emprende2012 Foroko Negozio Aretoan, enpresariek inongo gasturik gabe aurkez diezazkieten beren proiektu berriak inbertsiogile, erakunde, bezero potentzial eta abarrei. Azpimarratzekoa da iazko edizioan 3.000 lagun inguru bildu zirela BECen.
Doako stand bat eskatzeko epea zabalik dago jada emprende2012.com webgunean eta ekainaren 15ean amaituko da. Eskatzaileek inprimaki bat bete beharko dute datu hauekin: zein urtetan eman zen izena EJZn, proiektuaren azalpen laburra (gehienez 5 lerro) eta zein organismok egin dion jarraipena, hala badagokio. Standa esleitu zaiola baieztatzean, ekintzaileak sormen lana egin beharko du poster formatuan (inprentan zuzenean inprimatzeko moduko formatu batean: pdf, acrobat, ilustrator, eps edo antzekoa) eta lagunduko zaio, laguntza behar badu. Emprende2012ko lantaldea arduratuko da inprimatzeaz eta jartzeaz.
Izena eman eta standa lortu dutenei, gainera, hainbat elementu emango zaizkie uztaila eta iraila bitartean: beren proiektuaz mintzatuko den poster bat (roll up), miniweb bat (produktuaren katalogoa) eta QR bat. Horrez gain, aukera izango dute inbertsiogileak, produktu erosleak eta kanpoko propaganda aurkitzeko.
Aurrerago jakinaraziko bada ere, aurreratzen dizuegu Emprende2012 Foroan beste hainbat espazio eta jarduera antolatuko direla: ekintzaileek beren proiektuen bost minutuko ahozko aurkezpenak egin ahalko dituzte inbertsiogileen aurrean, inbertsiogileei proiektuak aurkezten eta eszenaratzen ikasteko zuzeneko ikastaroak eskainiko dira, espazio bat atonduko da talde dinamikako espezialista baten laguntzaz ekintzaileen arteko batasuna suspertzeko eta norberaren komunikatzeko gaitasuna ahalik eta gehien zukutzen laguntzeko, bizipen tailerrak ere egin ahal izango dira ekintzaileek beldur eszenikoa eta aurkezpenak egiteko komunikazio hesiak gainditu ditzaten, e.a.