Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 427,6 milioi euroko aurrekontua izango du, Euskadiren ekonomia suspertzeko eta lehiakortasuna hobetzeko

Araba

desarrollo_economico_centrada_colorEusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Legebiltzarrean izapidetzen ari diren 2015eko Aurrekontuen Lege-proiektuak bere sailerako ezarri dituen ildo nagusiak aurkeztu dizkio Ekonomia eta Ogasun Batzordeari.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 427.680.000 euroko aurrekontua izatea aurreikusi du, 2014an baino % 2,1 gehiago; hau da, EAEko Aurrekontu Nagusiaren % 4 jasoko du.

Aurrekontu horren bidez, enpresen premia larrienei erantzungo zaie, eta Euskadiren egungo eta etorkizuneko lehiakortasuna hobetuko da.

Helburu nagusiak izango dira ekoizpen-industria indartzea, enpresei I+G hobeto transmititzea –horretarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatuko da- eta ekonomiaren dibertsifikazioa bermatzea, sektore guztien kalitatean arreta berezia jarriz. Hala, berrikuntza eta nazioartekotzea funtsezko eragileak izango dira, eta lurraldearen erakargarritasuna handituko da, bai bisitarientzako bai inbertsioetarako.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 2015eko aurrekontuek, horrenbestez, aurretik abiarazitako ekintzak eta ekimen berriak gauzatzeko aurrekontu-sailak biltzen ditu, aipatutako helburu nagusi horiei lotutako beharrei erantzuteko.

Teknologia eta industria izango dira baliabideen hartzaile nagusiak

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak 144,3 milioi euro jasoko ditu; Industria Sailburuordetzak, 96,5 milioi euro; Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak, 41,6 milioi euro eta Nekazaritza eta Arrantza Sailburuordetzak, 127,3 milioi euro (erakunde ordaintzailea kudeatzeko Europako funtsen 51,6 milioi euroak kontuan hartuz).

2015eko aurrekontuaren datu gordinak emateaz gain, sailburuak hainbat programa estrategikoren aurrekontuak ere azaldu ditu.

Batzuk 2015. urterako zenbatekoa baino ez dute izango, eta beste batzuek, hainbat urtez jasoko dituzte zenbatekoak.

131,6 milioi euro I+G programetarako

Halaber, programetako irizpideak eta ebaluazio-prozedurak berrikusiko direla esan du,  Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzeko-prozesuaren ondorioz. Hala, merkatutik hurbilago dauden emaitzak lortzea eta enpresei I+G+B hobeto transferitzea dira asmoak.

2015ean deituko diren programetara 131,6 milioi euro bideratuko dira: Gaitek programara (Net’s programa hartuko du barne) 34,5 milioi euro; Emaitek Plus programara (teknologia-zentroetarako eta ikerketa-zentroetako diru-laguntzak barne hartuko ditu) 48 milioi euro; Etortek Plus programa berrira (bi urtez behin antolatuko da) 19,1 milioi euro; Ikertu programara 2 milioi euro eta Etorgai programara 28 milioi euro.

Teknologiaren garapenari dagokionez, Bilboko ESS eraikina eraikitzeko 100.000 euroko aurrekontu saila prestatu da.

Gainera, Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parkean eraikin berria altxatzeko proiektuak 2.700.000 euroko aurrekontu-saila izango du.

 

Finantzazioa, Renove plana, Gauzatu, Fabrikazio Aurreratuko Zentroa eta Industria 4.0

EGLSk industria-garapenari garrantzi berezia eman dio eta horretarako finantza-laguntzako politikekin jarraituko du, eta 40 milioi euro bideratuko dizkie. Bestalde, hainbat programa abiaraziko ditu:

Makineriaren Renove plana (9 milioi euro) eta enpresa-proiektuak babesteko Gauzatu programa (28 milioi jasoko ditu, 2014ko deialdian baino bi milioi gehiago). Gainera, Eibarko Fabrikazio Aurreratuko Zentroak 1,5 milioi euro jasoko ditu energia eolikoaren sektorerako (2015 eta 2017 artean guztira 4,5 milioi euro), eta Zamudioko Fabrikazio Aurreratuko Zentroak 9 M euro sektore aeronautikorako (5 M. Eusko Jaurlaritzak jarriko du eta 4 M. Bizkaiko Foru Aldundiak).

Era berean, informazioaren gizartearen arloan, Lehiakortasunerako IKT programa sortuko da, Industria 4.0 estrategiari lotuta, eta 850.000 euro jasoko ditu.

Arreta berezia nazioartekotzeari

Nazioartekotzea bultzatzeko hainbat ekimen prestatuko dira, eta laguntza-programa nagusien aurrekontuak indartuko dira: Enpresen nazioartekotzea, edozer fasetan, bultzatzeko Global Lehian programarako 7,5 milioi euro (2014an baino 2 milioi euro gehiago), atzerriko merkatuetan produktuak eta zerbitzuak sustatzeko Elkartzen programarako 2 milioi euro (2014an baino 400.000 gehiago), nazioartekotze beketarako 2,4 milioi euro eta Global Training beketarako 4,2 milioi euro (2014an baino milioi bat euro gehiago).

Ekintza berrien artean, nabarmentzekoak dira zuzendaritzako langileak Euskadira itzultzeko programa pilotua eta atzerrian kokatutako Euskadiko enpresek hornitzaile sareak sortzeko diseinua eta laguntza emateko ekimena.

Barnekintzailetzako eta berrikuntza ez teknologikoko berritasunak

Ekintzailetzaren arloan, Jarduera Ekintzailea Babesteko Plana gauzatzen jarraituko dute eta, horretarako, enpresen barnekintzailetzari eskainiko zaion 400.000 euroko programa abiaraziko dute.

Halaber, Berrikuntza ez teknologikoko Innobideak estrategia garatzen jarraituko dute (Kudeabide eta Lehiabide programekin) eta Innobideak-Pertsonak programa berriari 500.000 euro bideratuko dizkiote.

Energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak, Eusko Jaurlaritzako eraikinetan

Energiaren kudeaketari eta eraginkortasunari lotutako berritasunen artean, enpresetako Energia Kudeatzeko Plataformaren sorrera nabarmendu behar da. Aipatzekoa da, halaber, 2015eko 2. hiruhilekoa baino lehen onartuko duten Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Energetikoko Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren sail guztiek 2025erako energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuneko anbizio handiko helburuak ezartzeko.

EEEri dagokionez, Gipuzkoako udalerrietan Smart Griden bigarren fasea abiarazi dutela aipatu behar da.

9 milioi euro laguntza-aginduetan eta merkataritza babesteko

Barne merkatua indartzeko eta udalerrietako merkataritza sustatzeko, hainbat diru-laguntza programa abiaraziko ditugu: Merkataritzaren lehiakortasuna hobetzekoa (1,1 milioi euro), establezimenduen modernizazioa bultzatzekoa (3,7 milioi euro), hiriguneak dinamizatzekoa (2 milioi euro) eta zonakako estrategiak garatzekoa (1,6 milioi euro).

Turismoaren lege berria eta atzerriko sustapena

Berrikuntza moduan, turismoaren arloan, Turismoari buruzko lege-proiektua onartuko da eta Euskadirako seinaleztapenaren eskuliburua sortuko da.

Euskadi turismo-leku bezala sustatzeko 4 milioi euro erabiliko dira, batez ere, lehenetsitako merkatuetan, adibidez, Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian. Gainera, turismoko enpresak modernizatzeko eta hobetzeko diru-laguntzak (700.000 euro)eta lurraldeko turismo proiektuak bultzatzeko (1.280.000 euro) bi agindu deituko dira. Azkenik, 950.000 euro bideratuko da Euskadiren lehiakortasun turistikoa hobetzeko.

Landa-garapena, lehen sektorea eta elikagaien industria

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako zuzendaritzen aurrekontuak honako hauek izango dira: Landaren eta Itsasertzaren Garapena eta Europar Politikak (18,2 milioi euro), Nekazaritza eta Abeltzaintza (8,3 milioi euro), Arrantza eta Akuikultura (14,1 milioi euro) eta Nekazaritzako Elikagaien Industrien Kalitatea (35 milioi euro). Gainera, erakunde ordaintzaileak Europako funtsen 51,6 milioi euro kudeatuko ditu.

Nabarmentzekoa da Nekazaritza Ekologikoa Bultzatzeko Planaren abiaraztea, eta, horregatik, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluari 400.000 euro emango dizkiotela.

Nekazariek eta abeltzainek Kalitate programetan  parte hartzeko aurrekontu-saila 30.000 eurotik 250.000 eurora handitu da, eta kalitatezko produktuak bultzatzeko diru-laguntzen deialdia antolatuko da (530.000 euro).

Erein, Leader eta Itsaspen programekin jarraituko da, 6.2 M, 2.1 M eta 1.6 M kredituekin, hurrenez hurren. Gainera, zaurgarritasun handieneko sektoreak babestuko dira, behi-aziendaren eta erremolatxaren sektoreak kasu, eta arrantzarako programa operatiboa abiaraziko da.

EGLSk ia politika guztiak aktibatu eta estrategia abiarazi duenez, 2015ean helburu zehatzak dituzten programa espezifikoagoak abiaraziko ditugu.

Partekatu

Beste berri batzuk